Alaine Agirre: “Are gehiago apurtu ditut lotsaria, zuzentasuna, razionaltasuna; eta are gehiago idatzi dut pasiotik, intuiziotik, obsesiotik”

alaine TXBeltz© Ariane Ensunza“X hil da. X hil zait”. Bi esaldx hil dai telegrafiko horiekin abiatzen da Alaine Agirreren bigarren nobelaren irakurketaren abentura. Abentura horretan irakurleak nobela konbentzionaletako ohiko helduleku batzuen falta sumatuko du maiz, baina horrexek berak kontamoldearen indarraz ohartu eta hartan plazer hartzera bultzatuko du, pertsonaia nagusiaren barrunbeetan oso bereak diren kezkak eta beldurrak identifikatzen dituen bitartean. X hil da idaztean, koxka bat estutu du bere idazkera Odol mamituak nobelarekin irakurlea harritu zuen idazleak.

Heriotza eta beldurra ageri dira behin eta berriro, modu obsesiboan, nobela osoan. Zure obsesioak ere badira kontalariaren obsesio horiek?

Niaren literaturaren auzira garamatza galdera horrek, eta niri berdin zait eztabaida hori. Niretzat interesgarriena ez da pertsonaiaren obsesioak idazlearenak ote diren, baizik eta irakurleak, liburua irakurri ahala, obsesio horiekin bat egiten duen, edo haiekin hunkitzen den, edo izutzen, edo…

Kontaketa ez da lineala, fikzioa eta fikzioaren barruko fikzioa nahasten dira, ez dago trama jakin eta argi bat… Nobela molde konbentzionaletatik urrun dago nobela. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Intuizioak, senak, obsesioak, pasioak, idazten dudan bitartean zer idazten nabilen ez pentsatzeak eta, oro har, literaturaren inguruan ezer gutxi jakiteak.

38.kapitulua “Hau ez da manifestu bat” esanez hasten da, baina literaturari buruzko ideia batzuk defenditzen ditu hor kontalariak. Bereziki nork bere buruaz idaztearen defentsa egiten da, hori zintzo egitekotan. Ados zaudela kontalariarekin?

Hori ez da manifestu bat, baina bada. Hori ez da nik pentsatzen dudana, baina bada.

Idazkera ere bat dator kontaketaren formarekin. Ez da konbentzionala, bai biszerala.

Nire terapeutak sarritan esan dit, ariketa moduan, beste modu batez idazteko: gozo. Egunen batean auskalo; egunen batean, agian, idatziko dut merengezko pastel bat; baina gaur behintzat ezin dut halakorik egin, ezin diot neure buruari gezurrik esan idazterakoan.

Annie Ernaux idazlearen aipu bat dago hasieran, eta amaiera aldean Marguerite Durasena. Bi idazle horien eragina dago nobelaren idazkeran? Beste zein idazleren eragina dago?

Denak du eragina norberagan, ez bakarrik irakurtzen duzunak. Baina irakurtzen duzunak ere bai.

Zer irakurle mota izango du, zure ustez, liburuak?

Azaletik barrura zer dagoen ikusi nahi eta behar duena (harakinak, adibidez).

Zer harreman du zure aurreko lanekin (bereziki Odol mamituak nobelarekin)?

Bietan dago nire pasioa, nire zintzotasuna, nire zikinkeria, nire mina eta maitasuna. Biak idatzi ditut beharrizanagatik. Diferentzia da X hil dan are gehiago apurtu ditudala lotsaria, zuzentasuna, razionaltasuna; eta are gehiago idatzi dudala pasiotik, intuiziotik, obsesiotik.

Zer idazten ari zara orain? 

Ordenagailu aurrean teklak sakatzen ez nabil, baina “idazten” uneoro nabil, nire osasunaren kaltetan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina