Anjel Lertxundi: “Heriotzari bizkarra emanez bizi gara”

andu1ZuMinaz, giza kondizioaren alde deserosoenaz, ari da Anjel Lertxundi (Orio, 1948) Zu (Erein) liburu berrian. Idazleak berak sentitutako saminaz, hain zuzen ere, bere emazteari minbizia diagnostikatu zioten egunetik aurrera.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen burutazio hauek idaztea (eta argitaratzea)?

Idatzi nituen lehendabiziko apunteak barru-arintze gisakoak izan ziren, emazteri emandako minbizi-diagnostikoak eragindako zartakoaren erantzun psikologiko bat. Bat-bateko deskarguak ziren. Halako kolpe batek abaildu egiten gaitu, baina jartzen gaitu errebelde ere; apaltzen gaitu, baina amorrarazten gaitu; umiltzen gaitu, baina baita suspertzen ere; jartzen gaitu negarrez, baina jartzen gaitu biraoka ere. Halakoak ziren, beraz, lehendabiziko apunteak. Laster, ordea, egoera asimilatzen hasi ahala, apunteak ere beste tonu bat hartzen hasi ziren. Ez ziren argitaratzeko testuak, neuretzako idatziak baizik. Harik eta egun batez, emaztearekin hizketan ari nintzela, apunteok argitaratzeko aukeraz hasi ginen arte. Liburuan zehar askotan ari naizenez gaixoaldia larri batean ars vivendi bat garatze premiaz, biok bizirik geundela argitaratzea aipatu genuen. Eta, zorionez, denborak horretarako aukera eman digu.

Zer ikasi duzu sufrimendu bide horretan?

Bidean ikasi dudana asko da. Gure izaera gorputz formako gordailu batean bilduta dago, eta, askotan ahaztu egiten baldin bazaigu ere, gorputz hori fisikoa da, hauskorra da, deterioratu egiten da. Baina hori gertagaitza balitz bezala bizi gara, betiko bagina moduan, bizkarra erakutsiz sufrimenduari, heriotzari. Eta muturreko egoera bat iristen denean, ez dakigu nola erreakzionatu, hondoratu egiten gara. Horren guztiaren inguruko hausnarra ekarri dit esperientziak, eta, batez ere, gorputz gaixo batenganako elkartasuna.

Autofikzioan, edo norberaren sentimenduaz idazten, eroso sentitu zara?

Sentimenduak adieraztearen desegokitasunaz hezi gintuzten, giro hori bizi izan dut neuk ere txikitatik, baina sentimenduak errealak dira, existitzen dute, gure egitura pertsonalaren parte inportantea dira. Zergatik ezkutatu behar dira eta erreprimitu? Sentimenduen manifestazioari buruz, naturaltasuna da neurria, sentimentalkeria marra gorria. Bai pertsonalki, baita artistikoki ere.

Hirugarren pertsona “faltsu” batean idatzita dago.

Hirugarren pertsona batean eta lehendabizikoan dago. Fifty-fifty. Lehendabiziko pertsonak kontatzen denaren hurbiltasuna dakar, hirugarrenean kontatutakoak distantzia. Eta, gainera, bi narratzaile gisa funtzionatzen dute, nahiz bakarra izan: bat, gertaeren ahotsa da, eta bestea, hausnarketarena. Baina berezketa hori ere ez dago mekanikoki emana. Batzuetan bi ahotsak nahastu egiten ditut, distantzia eta hurbiltasuna elkarren lehian jarriz. Uste dut horrek dinamismoa ematen diola testuari.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina