Debako zentral nuklearraren historia, liburu bihurtuko da laster

tunelak_izarak_mozorroak

Josu Martinezek iaz kaleratu zuen “Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak” Tene Mujika bekaren laguntzarekin

Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak, Tene Mujika ikerketa-beka eman diote Jose Mari Izaga, Francisco Salegi eta Carmelo Urdangarinek osatutako taldeari, Debako zentral nuklearraren aurkako herri mugimenduaren historia izeneko lana osa dezaten.

Gure historia hurbilaz ari diren proiektuak saritzen ditu Tene Mujika bekak, eta horri esker idatzi dira zenbait lan gogoangarri: Imanol Muruak Loiolako solasaldi politikoez, Ramon Olasagastik gailurretan hildako mendizaleez, Ainara Gorostitzuk gaurko emigrazioaz, Pako Aristik eta Mikel Markezek Benito Lertxundiri buruz…

Iaz deialdi berezia izan zen, gaia aldez aurretik jarri baitzen: Debako zentral nuklearraren proiektua eta haren kontrako mugimendua zen ikergaia; aurkeztutako proiektuak Elixabete Garmendia, Martin Anso eta Sabino Ormazabal epaimahaikideek aztertu dituzte, eta irabazlea, esan bezala, Izaga, Salegi eta Urdangarinek osatutako taldea izendatu.

Egile-talde horren berezitasunetako bat da hirurak lekuko zuzenak direla, bertatik bertara ezagutu baitzuten proiektua, eta buru-belarri aritu baitziren zentralaren kontrako herri-mugimenduan, era askotako lanak eginez. Debako Mendata inguruan zentral nuklear bat egin nahi izan zuen Iberduerok 70eko hamarkadan (baita Ean, Lemoizen eta Tuteran ere). Euskal Herriko mugimendu antinuklearra artean sortu gabe zegoela, proiektuaren kontrako protesta indartsua piztu zen Deban, eta horrek eragin nabaria izango zuen etorkizunean, bai Deban, bai Euskal Herri osoan. Horren guztiaren berri hobeto jakingo dugu orain, ikerketa honi esker.

Debako Udalak emandako 6.000 euroko laguntza izango du taldeak lana burutzeko, eta Elkar argitaletxeak argitara emango du gero.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina