Jasone Osoro: “Liburuetan ere bilatu izan ditut nire barruan sortzen zen kaosa ordenatzen lagunduko zidaten formulak”

338_12etan bermuta_AZALA.indd1jasone osoro2etan bermuta da Jasone Osoro idazle elgoibartarraren azken liburua. Bertak, eleberriko protagonistak, bere bizitzaren errepaso bat egin eta inportanteak izan diren pertsonekiko solasa eskaintzen digu. Egilearen heldutasuna erakusten digu harremanen munduan murgiltzen den lan berriak.

17 urte joan dira lehen liburua (“Tentazioak”, 1998) argitaratu zenuenetik. 12etan bermuta iburuak heldutasun emankor bat uzten du agerian. Nola ikusten duzu zure burua urtetako ibilbide honetan?

Urteak ez dira alferrik pasatzen eta, dudarik gabe, esperientzia bitalak eragin zuzena du literaturan, edo hala izan behar luke behintzat. 17 urte hauetan bizi izan ditut banaketak, maitemintzeak, izan ditut harreman ezberdinak, desenkantatu naiz pertsonekin, egin ditut betiko diren lagunak, ama izan naiz, krisi pertsonalak izan ditut, galerari beldurra sufritu izan dut… Eta horren guztiaren erdian ezinbestekoa da hausnarketa, barrura begira jartzea, inguruan daudenekin gauzak konpartitzea, min egiten dizun horrentzat sendagarri emozionalak ere aurkitzea, zu bezala pentsatzen duen jende gehiago ba ote dagoen jakitea, baita literaturaren bitartez ere; esan nahi dut, liburuetan ere bilatu izan dudala hori guztia, nire barruan sortzen zen kaosa ordenatzen lagunduko zidaten formulak. Une honetan esan dezaket lortu dudala kaosa bideratzea eta nire buruarekin lasaiago egotea.

Harreman eta sentimentuei buruzko lan bat osatu duzu, baina ez edonolakoak, zeloak, egoismoa, inbidia, beharra, miseria, desesperazioa, nartzisismoa, neurosia… eta abar aurkitzen ditugu. Zapore mingotsa uzten du irakurketak. Hori bilatu al duzu?

Zapore mingotsa uztea ez da nire asmoa izan, baina egia da Berta pertsonaia nahiko atormentatua dela. Edozein modutan, uste dut gutako edonork barru barruan dituen pentsamendu eta sentimendu ilunenak paperean jarriko bagenitu, zintzo, zentsurarik egin gabe, seguruenik sentsazioa izango genuke bizipen oso mingotsak direla. Liburuan bertan ere esaten du Bertak zoriontasunean bizitzea erraza dela. Benetako ikasketa, barrura begira jartzen gaituena mina da, ezin ulertua, zalantza… hortik abiatuta ikasi behar dugu eraikitzen. Berta horretan ari da eta, irakurketa mingotsa izan arren, saiatu naiz bukaeran argia pizten, Berta esna arazten.

Édith Piaf musikari frantsesaren kantuak behin eta berriz azaltzen dira Bertaren bizitzan. Batak nahiz besteak hartutako dosi masiboekin paralelismo bat egin nahi izan duzu, ezta?

Asko gustatzen zait Edith Piafen musika, bere abesteko modua, berak nola aurre egin zion bizitzari, nola saiatu zen bizitzaz disfrutatzen, nahiz eta jakin bere buruaren kontra ere ari zela askotan. Hilko gara, eta nik nahiko nuke azken hatsa eman aurretik ez sentitzea damurik egin ez ditudan gauzengatik. Hara, lagun batek esan zidan bezala, kulpa eragiten diguten gauzek egiten gaituzte zoriontsu. Bada, hobe errruduna izatea damuarekin bizitzea baino, ezta?

Esan liteke protagonistaren bizitza definitzen duen sentimentua abandonoa dela, utzikeria, gabezia, hutsunea.

Amak markatutako bizitza da Bertarena. Amak ez zuen berak nahi/behar zuen moduan maitatzen jakin, eta horri ezin izango dio aurre egin. Bere gainontzeko harreman guztietan eragina izango du. Irene Nemirovskyren literaturan sarri agertzen den ama eredua da, Ireneren ama izan zen bezalakoa.

“Dena izanagatik ezer falta ez zaiolako bizitzea merezi ote duen planteatzen duen satorra”, honela deskribatzen du bere burua Bertak. Nolako emakumea sortu nahi izan duzu?

40ko hamarkadara iristean jende askok izaten du krisi existentziala. Neuk ere izan nuen. Eta orain zer? Egin ditut gauza asko, bete ditut amets asko, badakit zer den ikasketak amaitzea, lanean hastea, enamoratzea, desenamoratzea, bakarrik bizitzea, etxea erostea, ama izatea… Eta orain? Aulkian eseri eta ereindako haziak nola loratzen ikusi besterik ez al zait geratzen? Merezi al du horrela bizitzea? Hori da Bertari geratzen zaiona. Bilatu behar ditu ilusio berriak ohetik altxatzeko, eta horrek ekar dezake ordura arte egindako hainbat gauza bidean utzi beharra, ingurukoei ere min egitea beharbada… Batzuetan, zure zoriontasuna bilatzeak dakar besteei min egitea.

Idazten hasi zinenean zeure burua etorkizunean ez zenuela iragartzen esaten zenuen, eguna bizi nahi zenuela. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu?

Duela 17 urte baino askoz kontzienteago naiz horretaz. Eta aktiboki praktikatzen dut. Gainera, orain badakit zerk egiten nauen zoriontsu, zerk eragiten didan tristura, zer den niretzat toxikoa, badakit dena dela bilakaera, ezer ez dela betiko… Eta abentura hau amaituko dela jakitea motorra da niretzat ahalik eta askeen bizitzeko.

Bermuta, 12etan bai, baina baita beste edozein ordutan ere, ezta?

Bermuta hartzea da parentesi bat bizitzan. Lasai zaude, konpainia onean, disfrutatzen, horren aurretik eta horren ostean dagoena ez da existitzen. Bermutaren ordua atsegin dut, bai, bermuta edozein ordutan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina