Jokin Mitxelena: “Puka txakurrak daki momentu oro zer gertatzen ari den. Horregatik bere ikuspegitik kontatu dut istorioa”

puka_erleak_traktoreaJokin MitxelenaUdaberrian, Jokin Mitxelena idazleak gaztetxoentzako Puka, erleak eta traktorea ipuina kaleratu zuen. Ilustratzaile ezaguna, lehen aldiz, idazlearen paperean jarri da.

Jokin Mitxelena ilustratzaile bezala da ezaguna. Nolatan orain idazle-lanetan?

Lehendik ere badauzkat neronek idatzita ipuintxo batzuk. Baina, bai, azken honen lan-bolumena niretzat ia-ia monumentala dela kontuan izanik, esan daiteke lehena dela.

Banuen istorio bat eta neska-mutil kozkorrei ondo iritsiko zitzaiela iruditzen zitzaidan. Eta lanari heldu nion.

Emozioak ukitzeko elementu asko dauzka: laguntasuna, haserre pixka bat, arriskua, normaletik ateratzea, katastrofea eta zorte ona.

Beraz, hor zegoen behar nuen guztia; hastea besterik ez nuen behar!

Benetan gertatutako bizipen batean oinarritua sortu duzu ipuina, ezta?

Ipuinean kontatzen den bezalako familia bilkura bat egiten dugu urtero Arabako herrixka batean, eta, orain dela bi urte, garai eta paraje berdinean, benetan gertatu zitzaigun antzeko zerbait!

Istorioa kontatzeko modu bitxia duzu: Puka zakurraren begietatik. Zer dela-eta?

Gertakizun horiek istorioan agertzen diren pertsonaietako baten ikuspuntutik kontatuta zentzu gutxi izango luketen seguru asko, puska bat bakarrik ikusiko luke pertsonaiak.  Txakurra da paraje horretan momentu guztian zehar zer gertatzen den dakiena. Eragin gutxi dauka gertakizunetan, baina dena ikusten du; beraz, lekuko ideala da. Berak bakarrik ulertzen du han gertatzen dena, baina bere modura!

Zakur baten bizitzan bezala, ipuinean usainek garrantzia dute.

60 urtez zakurrak hezten eman dituen aditu batek kontatu zidan nola den zakurren usaimenaren kontua: zakurrek oso ondo ikusten, entzuten, dastatzen eta ukitzen omen dute. Baina, konfiantza gehien daukaten zentzumena usainarena omen da. Nahiz eta gauzak, pertsonak eta beste zakurrak ondo ikusi edo entzun, usaindu arte ez omen dira horietaz fidatzen. Horregatik, esandakoak kontuan hartuta, zakurraren sudurraren bitartez kontatzen da istorioa.

Usainak irudietara bihurtzerakoan, gauzen logika bera ere birmoldatzen da; mundu kurioso bat azaltzen da.

Lan berri honetan, zer sortu dituzu lehenago: testuak ala ilustrazioak?

Nire paseoetan, gertakizunak irudietan ikusten nituen, noski! Baina, esan beharra daukat, zentzu praktikoa erabiliz, aurrena testua sortu nuela. Alderantziz egin izan banu kaosa izango zen hura, eta, nik uste dut, irakurleak nire nahaspilarik ez duela ezertarako behar.

Biak uztartzea erraza egin al zaizu?

Bai, oso erraza. Esan bezala, nire buruaren barruan, hasieratik, bata bestearentzat sortuak zeuden.

Esperientzia hau baliagarria izango zaizu hurrengoetarako, hau da, jarraipenik izango al du zure testu-sorkuntzak?

Behin hasita, kontatzeko sustantziazko zerbait baldin badut jarraituko dut, noski. Hala ere, irakurleen erantzuna ere ikusi beharko dut: usaina hartu behar diot beraz gai honi!

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina