Karlos Linazasoro: “Munduari aurre egiteko salbazio-ohola da ironia”

Karlos-LinazasoroIrakurle sinesbera ohartarazi beharra dago izenburuarekin sobera fida ez dadin: saiakeraz mozorrotutako sormen lana da Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar), teoria eta praktika maisuki uztartzen dituena, umorez eta amorez. Oda bat zer den jakin nahi? Linazasorok definitu eta adibide praktikoa emango dizu gero. Eta horrela, bilduma osatzeraino. Jeneroen arteko bidegurutzean kokaturik, urteak eskaini dizikio bere lanik anbiziotsuena den honi.

Umorea bibrazio moduko bat da zure literaturan.                    

Umore beltza da nirea, Kafka, Mrozek, surrealisten ezpalekoa. Monzó ere oso gustukoa dut, Tavares, Askildsen, Tobias Wolf… Gure herriko umorea oso bestelakoa da, ez da hain gogorra, zirtolariagoa da, bertsolariagoa…

Francis Picabiak zioen ironia dela desesperatuen kortesia.

Konforme nago. Ironia da, niretzat, babesgabeok munduari aurre egiteko aurrean ipintzen dugun horma, salbazio-ohola. Inteligentziaren arma bat da, eta, nire kasuan behintzat, ez du hildakorik uzten bidean; gehienez ere, zauritu arinen bat, neu ere tarteko, jakina.

Ironia, sarkasmoa… Nola bereizten dituzu haien arteko mugak?

Sarkasmoa, nolabait esatearren, ironia mortala da, gaiztoa, eta nik, lehen esan bezala, ez dut praktikatzen, ez sarri bederen… Umorea, umore beltza bereziki, Bretonek esaten zuen jainkoei edo heriotzari aurre egiteko modurik eraginkorrena zela, eta nik ere halaxe uste dut. Heriori ez diogu ihes egingo, baina bien bitartean barre batzuk egiten baditugu… Bizi-angustia baretzeko modu bat baino ez da, azkenean, baliapide xume hori. Zeri egin barre, bestalde? Zeri egin poema bat? Edozer gai da egokia nobela bat idazteko? Literaturak planteatzen dituen galderak dira. Nik, nolanahi ere, baietz uste dut, dena dela fikzionagarri. Zer behar den horretarako? Talentua!

Identifikatzen zara batere “umore absurdoa” etiketarekin?     

 Garbi esango dizut: saltzen badu, bai; ez badu saltzen, ez. Uste dut erantzun hau atsegin izango dutela argitaletxekoek. Ea behingoz espabilatzen naizen!

“Idazteagatik idaztea, Legeak zigortzen ez duen delitua” dio liburuko zure aforismo batek. Twitter bezalako formatuetan, inoiz baino gehiago idazten du gaur egun jendeak…                         

Sare sozialetan ez da, ordea, literatura idazten. Nik uste dut literaturak beti izango duela bere lekutxoa mundu honetan. Egia da, hala ere, teknologia honek guztiak kalte egin diola, irakurleak kendu dizkiola nolabait esatearren. Baina lekutxo marjinal horri nik uste eutsiko diola.

Idazlea izateaz gain, liburuzaina ere bazara. Zer hausnarketa eragiten dizu eguneroko martxan jendeak mailegatzen dituen liburuak ikusteak?                                

Datu gutxi batzuk emango ditut: emakumeak dira gehien irakurtzen dutenak; gazteak ez ditugu zaletzen; irakurtzen den 10etik 7 azpiliteratura da (trilogia bada, hainbat hobeto); jenero batzuk ez dira existitzen (alegia, nobela besterik ez da irakurtzen); eta 10 liburutik bakarra irakurtzen da euskaraz. Horiexek datuak. Orain zeuek jarri kalifikatiboa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina