Karratura, 22m2ren lan berria

Naroa GaintzaKarraturaAmaiur plaza taldean, eta Sokaide taldean geroago, urtetan aritu ondoren, Karratura izeneko hau Naroa Gaintzaren proiektu berria dugu. 2014ko negua eta udaberria bitartean Asier Ercilla teknikariarekin Bilboko Balea estudioan grabatu da, eta bertan David Nanclares musikaria eta ekoizlea, David Gorospe bateria jolea, Mandoilek taldeko Igon Olaguenaga ahotsean eta Eunate Vilches biolinean, besteak beste, izan dira lagun. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio, elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak, hamaika kantu, hamaika lagun, hamaika doinu, hamaika erritmo, hamaika istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak.

Amaiur taldea, Sokaide… urte mordoa eman duzu plaza taldeetan kantatzen. Zer suposatzen du une honetan zure kantuekin proiektu berri hau aurkezteak?

Ilusioa, ardura, jakin-mina, beldurra, zerotik hastea… hori dena eta gehiago. Amaiur taula gainean hazten zen piztia zen, erromeria talde indartsua nortasunez betea, konpaktua eta zuzena, dena irakatsi zidan eta dena eman nion. Baina dabilenak badaki noiz hasi behar duen bere bidea, batzuetan bakarrik, zaila bada ere, eta urteetan idatzitako esaldiak kanta bihurtu nituen, pianoa afinatu eta jotzeari ekin nion berriz ere. Nire indar guztiak utzi ditut bertan, paperetik ahora.

Zeri kantatzen diozu Karratura izeneko zure lehen disko honetan? Zein dira zure kezkak?

Kanporatzen dut nire barruan zama suposatzen duena, ahulezia ematen didana, hauskorrago bihurtzen nauena… Azalekoa alboratuz hasten naiz idazten  eta indarberriztuta ateratzen naiz kantu bakoitzetik, nire buruari aukera berri bat emanez.

Gai zintzoak dira, gertukoak; maitasunik gordinena, herri honek pairatzen dituen bidegabekeriak, momentu on-onen sentsazioak… bizitzea tokatu zaigun Eroen aro honek eskaintzen dizkigun tematikak, batik bat.

Kantuak moldatzeko eta grabatzeko unean, David Nanclares eta beste zenbait musikariekin batera lan egin duzu. Zer balore topatu dituzu zure musikariengan eta, konkretuki, Davidengan?

David nire bizitzako unerik korapilatuenean agertu zen gitarrako irakasle gisa, eta azken urteetan izan dudan soka-lagunik onena bihurtu da konturatu barik. Bizitzako kontu askok elkartu gintuzten eta gure harremana oso sendoa bihurtu zen bat-batean. Noraezean nenbilen nire kantekin, aspaldiko lagunekin ari nintzen taldea osatzen baina ez zuen hartzen nahi nuen erritmoa eta behin, klasera iristean, Kontuz! kanta ekarri zidan guztiz moldatuta, – hau da egin behar duzuna! esan zidan. Izugarri gustatu zitzaidan.

Handik beste ideia batzuk sortu ziren… inora iritsi ez zirenak… eta guk geuk egitea erabaki genuen. David Gorospe deitu genuen, berarekin lan egin izan baitu Davidek hainbat grabazioetan eta sineztezina iruditu zitzaidan kantuek Zarautzen hartu zuten pisua eta indarra arratsalde euritsu batean. Ekipo bat osatu genuen 2 ordutan, hori posible da! Nire begiekin ikusi dut!! Eta Otsailean Balea estudiora joan ginen Asier Ercillarekin grabatzera.

Davidek marka propioa jartzen dio egiten duen guztiari, freskotasuna, momentuan sortzen ditu melodiak, kanta jotzen hasi baino lehen bere burua entzuteko gaitasuna du… eta nire ahotsa eta bere gitarra erreztasun handiz nahasten dira. Baina batez ere berarengan konfidantza itsua daukat, larregi ez ote dudan galdetzen diot nire buruari askotan, eta hori da taldekide batek eskain dezakeen onena.

Diskoan agertzen diren izen guztiak gertuko lagunenak dira, taula gainean sortutako harremanak, eta estilo honetatik gertuen zeudenak aukeratu nituen. Batzuk diska sortu baino lehen gure buruan zeuden… istorio honen zati bat zirelako…

Nola agertu da Elliott Murphy musikaria zure lan honetan?, zergatik pentsatu duzu interesgarria izan litekeela zure proiektuan?

Badira 17 urte elkar ezagutzen dugula, feeling berezi bat sortu zen gure artean aurkitu ginen unean, eta gaur arte irauten du. Bai berarekin eta baita Olivier Durandekin ere. Euskal Herrira hurbiltzen diren bakoitzean planak egiten ditugu elkarrekin, bagoaz, bagatoz, Elliotten abentura bitxiak entzuten ditugu barre artean… Elkarrekin kantatu izan dugu eta elkar errespetatzen dugu asko.

 Beraiek presente egotea nahi nuen lagunak dira, lagun  bereziak, gure harremana ere oso berezia delako, oso puntuala, baina inoiz ez diogu hutsik egiten. Proposatu nien unean gogoko izan zuten ideia, eta Elliotten ahots sakonagatik zein Olivierrek gitarra jotzeko duen moduagatik, “Derroches” kanta aukeratu genuen beraientzat.

 Zure ustez nolako publikoa hurbilduko da zure diskora eta zure kontzertuetara? Nolako publikoa izan nahiko zenuke?

Agian asmatuko genuke, baina ez ginateke ausartuko gure musika adin tarte jakin batean kokatzen… Diskoa oso gustuko izan dute entzun dutenek; gertuko lagunek, 30-40 urte bitartekoek, eta baita nire loba nagusiak ere, adibidez, nerabezaro betean dagoenak… Batzuk musikarekin eroso sentitzen dira, beste batzuk letrekin… Norberak bere modura interpretatzen du bere zentzuetara iristen dena.

 Erraz entzuten den diskoa da, oso ondo egina dago, txukuna, goxoa… Eta zuzenekoak oso biziak izango dira, aldakorrak guztiz, batzuetan bandarekin, akustiko erara, hiru lagun edo Davidek eta biok… formatu guztiak landu nahi ditugu, Davidek edozein kanta edozein estilora moldatzeko gaitasuna duelako.

 Guk gure zintzotasunetik hitz egin dezakegu, ezer asmatu gabe, diskoak eta zuzenekoak bere bide propioa egin behar du orain, datorrena datorrela… Gu kantuen mesedeetara jarraituko dugu, lanari ekinez, orain arte bezala, eta zorterik handiena opa diegu.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina