Neuronak eta letrak – Gaitz bat gaitzaren beraren muinetik kontatzen denekoa

muga-mugan

Olariaga - Muga muganMuga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Osasunaren eta gaixotasunaren artekoa, adibidez. Sano zegoena gaixotu egin da, bizitza aldatu zaio, eta, bizitzarekin, errealitatearen pertzepzioa.

Neuronak ikertzen dituen zientzia izango da, Pedro Migel Etxenikeren ustez, datozen hamarkadetan garrantzi handiena izango duen eremu zientifikoa. Seguru asko Oliver Sacks da gaur munduko neurologorik ezagunena. El hombre que confundió a su mujer con un sombrero (Anagrama, 2004) kontakizun liburuak eman zion fama. Desoreka neuronalekin zerikusia duten hainbat gaitz eta gertakariri buruzko istorioak ematen dizkigu Sackek bertan, bere ezagupide zientifikoa prosa arin eta koskarik gabe baten galbahean iragazita, zientziaren eta bihotzaren arteko zubigintza eginez, gure burmuinen indarraren eta ahuldadearen arteko oreka zaila biluzian utziz.

Slawomir Mrozek dramaturgo eta ipuinlari absurduzaleak iktus bat izan zuen 2002ko maiatzean. Doi-doi libratu zen bertan seko gelditzetik, baina ia erabateko afasia bat eragin zion kolpeak, hizkuntza baliatzeko ezintasun kasik totala. Hizkuntzak ahaztu zitzaizkion, idaztea ahaztu zitzaion, nekez lortzen zuen hitzak esatea eta hitzak hitzekin jostea… Zerotik hasi eta logopeda baten kontrolpean, memoria eta hitza eskuratzen hasi zenean, Mrozek bere oroitzapenak idazten hasi zen. Baltasar izeneko liburua da prozesuaren emaitza (Acantilado, 2014). Idazleak ez darabiltza absurduaren teknikak, tonua, filosofia. Nahita abandonatu ditu edo ez da jada haiek baliatzeko gai? Iktusak munduaren pertzepzioari eragin dio —eta pertzepzio horren erakusleihoa den idazkuntzari—, hori da, besteak beste, liburuak erakusten diguna.

Joan Mari Irigoieni dirtrosia diagnostikatu zioten orain bi urte pasatxo: idazleak zeukan hitzak ahoskatu eta artikulatzeko zailtasunak paralisi edo nerbio-guneen ataxia bat zuen iturri. Handik pixkatera diagnostikoa findu zioten: lehen mailako albo esklerosia dauka. Gaizak beste gaitz bat ekarri zion: depresioa. Irigoienen hitzetan esanda: [ez dago} “giza amildegi handiagorik depresioaren hondeamakinak gogoaren lurretan egindakoa baino”. Depresioaren zuloan bizi izandako infernuaren aitorpena argitaratu du orain gutxi. Bi urtetako kronika fakultatiboa du izena (Elkar, 2015), eta bi lanak oso desberdinak diren arren, Denbora galdu alde ekartzen du gogora (Erein, 1986), Gandiagak depresiotik abiatuta idatzi zuen obra.

Depresio sakonen baitan piztuta egoten den zuzi bakarra, azken mugako irtenbidearena. Izendatu ezin den aukerarena. Gurean trafikoko istripuek baino biktima gehiago eragiten dituen suizidioarena. “Ez dut gaitz horren izena esango, pentsatzen du medikuak, ez dudalako gaixoa markatu nahi […], ez dut izen hori esango, esaten du gaixoak, bestela abandonatu egingo naute […], ez dut izen hori esango, esaten du aitak, esaten du amak, ez delako posible, ez da posible, ez da posible!”. Piedad Bonnett idazle kolonbiarraren hitzak dira Lo que no tiene nombre (Alfaguara, 2013) nobela autobiografikoan. Bere semearen suizidioak eragindako samina kontatzen du bertan.

Bonnetten testuak ileak lazten ditu. Artikuluan aipatutako gainerako testuek ere halatsu. Mugaren kontakizunak dira guztiak, eta muga ez da izaten sentipen hotzepelen lurraldea. Baina, lazturak laztura, aipatutako liburu guztiek dute hari amankomun bat: bizitzen segitzeko apustutik idatzitakoak dira guztiak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina