Imanol Ubeda: “Zailtasuna batez ere, aukeraketan egon da.”

Arg. Ibai Arrieta_zuzenean 04

Arg. Ibai Arrieta

Artze azalaAurretik ezagutu arren, bostek batera lan egin duzuen lehen aldia da. Nolakoa izan da elkarlana?

Elkarren berri bagenuen, baina hauxe da batera egin dugun lehen ikuskizuna. Oso atsegina izan da, hasieratik bukaerara. Eta erraz joan da gainera: ikuskizuna sortzea eta ikuskizun hori bera oholtza gainera eramatea.

Emanaldia belaunaldien arteko zubia dela esan daiteke?

Ez gara atzera begira jarri. Eta ez dugu aspaldiko Joxan Artze ekarri gogora. Gaur-gaurko poeta da kantugai hartu duguna. Bere liburu berrietan oinarritzen baita “Nola belztu behar zuria” ikuskizuna.

Egia da beste belaunaldi bateko poeta bat izan dugula jomugan, baina azkenaldian idatzi dituen poemetan oinarritu gara. Mikel Laboaren kantuetan agertzen den poeta hark idazten jarraitzen duelako oraindik. Eta gure begirada bere sormen lan berrietara zuzendu nahi izan dugu.

Zaila izan al da Artzeren lana disziplina bakoitzera egokitzea?

Joxan Artzeren “Heriotzaren ataria dugu bizitza” (Elkar, 2013) eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza” (Elkar, 2013) poesia liburuetan oinarritzen da gure ikuskizuna. Liburu horietan, badira eskuz idatzita datozen poemak. Poema horiek, tematika eta egitura aldetik, kantatzeko propio idatzi dituela uste dugu. Akaso oker gaude, baina hori da guk egin dugun interpretazioa. Beraz, eskuz idatzitako poema horien arteko hautaketa bat egin dugu.

Zailtasuna batez ere, aukeraketan egon da. Bi liburuetako tematika islatu nahi genuen, eta irizpide hori jarraitu dugu.

Beste irizpide bat hauxe izan da: hitzak agindu behar du, eta ez doinuak. Zentzu horretan, boza eta ahoskera irizpide horretara egokitu ditugu.

Behin aukeraketa egin ondoren, doinu bila hasi ginen. Kantu bakoitzaren atzean, ahalegin bat dago beti. Baina kasu honetan, ahalegin hori atsegina izan da. Eta oso aberasgarria. Artzeren mundu ikuskeran murgiltzeko aukera ederra izan dugu.

Zein izan da Artzeren beraren parte hartzea?

Libre samar aritu gara baina umiltasunez ekin diogu lanari. Umiltasunez eta arduraz. Eta errespetu handiarekin. Poemak Joxan Artzerenak baitira. Poema horien mailara iristea, hori izan da gure kezka nagusiena. Edo ahalegin horretan, kale ez egitea behintzat.

Lehen emanaldia iaz eskaini genuen, Usurbilen, eta Joxan ikusleen artean izan zen. Gu agurtzera hurbildu zen emanaldiaren amaieran. Solasaldi polita izan genuen, eta hitz gozoak esan zizkigun. Izugarri eskertu genuen. Solasaldi horrek bultzada handia eman zigun.

Nola uztartzen dira tradizioa eta esperimentazioa?

Ez dugu ezer asmatu. Beraz, esperimentaziotik gutxi dute gure kantuek. Tradiziotik ere, gutxitxo esango nuke.

Ikusle kopuru txikiei zuzendutako ikuskizuna sortu duzue. Zergaitik?

Guk ikuskizun bat sortu dugu. Ikuskizunak zer nolako oihartzuna duen, zer nolako harrera duen, zenbat ikusle batzen dituen… Hori beste gauza bat da. Sortzeko garaian, ikusle kopurua ez da sekula premisa bat. Ezta helburua ere.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina