Oskorriri zor dioguna

BO3O2631

Getxoko Kultur Etxea

Barakaldoko Palenzuela liburudendan erosi nituen Oskorriren lehenengo diskoak, Arestirena eta Etxeparerena. 1978 urtea izango zen. Denda txiki horretan, material euskalduna eskaintzeaz gain, musika jartzen zuten girotzeko; hor entzuten zen, behin eta berriro, Europako Herrien kantuen bilduma, Oskorri eta bere “Egia da” moldatua barne, Blas Piñar ultraeskuindarra aipatuz. Nazioartekotasun horretan Bilboko taldea aintzindaria izan zen.

Itoiz eta Errobirekin batera, nere talderik gustukoena zen Oskorri. Oso bitxia izan zen zuzenean ikustea (eta grabatzea) Barakaldoko Guridi zinetokian 1982an, Milladoirorekin batera, sarrerak agortuta zeudelarik. Handik gutxira irrati lanetan hasi nintzen, eta noizean behin kasete pletina bat eta munduko kable guztiak soinean hartuta, kontzertuetara abiatzen nintzen grabaketa egiteko baimen preziatuaren bila. Zorionez horixe lortu nuen 1991ean Barakaldo Antzokian; nire ondoan Jean Phocas, beharbada Euskal Herriko teknikarik onena garai hartan; aurrean Oskorri une goxoan: Natxo, Anton, Bixente, Fran, Txarli, Jose…; eta horiekin batera gonbidatu berezia: Kepa Junkera gaztea, Errekaldeko trikitilaria.

Baina urte horietan, politika arlokoez gain Oskorrik bestelako errebindikazioak ere aldarrikatzen zituen; horra hor “Adela”, Gabriel Arestiren Adela Ibabe andereñorari buruzko poema batetik sortua: izkutuko abortu baten ondorioz hil zen neska, ezkongabea eta gorria izateagatik lanetik kaleratu ondoren. Nolabaiteko bazterketa sufritu zuen talde bilbotarrak: ez zegoen ezker abertzalearen sintonian, are gutxiago nazionalismo tradizionalaren bidean. Talde deseroso bilakatu zen zenbait girotan. Beraiei bost axola.

25 urte bete zituen taldeak Getxoko Fadura frontoian 1996an, gau ahaztezin batean: Martin Carthy, Gwendal, Liam O’Flynn, Albert Pla, Pedro Guerra, Antón Reixa, Laboa, Etxart, Tapia, Junkera, Ordorika, JC Carlos Perez… Kanpoko guztiek euskaraz kantatu behar zuten; Oskorrikoak, berriz, ingelesez, frantsesez, katalanez, galizieraz edo gaztelaniaz aritu ziren. Hor ere izan nintzen, mikrofonoa eskutan, aldagelan bat-bateko kantuak grabatuz. Gainera Fermin Muguruzak “Euskaldunberriaren balada” kantatu zuen, badakizu, “Barakaldokoa naiz eta ez daukat paro obrero…”. Testu bikaina, benetan. Hamar urtez aritu nintzen Barakaldon euskarazko eskolak ematen gau eskoletan, AEKn eta HABEn, eta banekien zer suposatzen zuen nere herriko erdaldun batentzat horrelako erronkari aurre egiteak.

Aitzindaria ere izan zen Oskorri beste arloetan: Pub Ibiltaria (13 disko!), jendeari kantu tradizionalak kantaraziz; herriko bandekin elkarlanean, orkestra sinfonikoaren ordez hainbat herritako udal bandei lehentasuna emanez; haur kantak sortuz (“Katuen testamentue”, “Marijane kanta zan”…); Iparragirreren musikala Urretxuko biztaleekin batera taularatuz; dantza tradizionalak moldatuz…eta abar. Eta horrela, 2003an, “Desertore” albuma heldu zen, benetako lan dotorea, bertsolari eta idazle onenen testuez osatua. Horrez gain, Natxoren ahotsa eremu berrietan aritu zen eta musikariak ere konfort gunetik atera ziren, bi aldiz pentsatu gabe. Lan nabarmena, asmo handikoa, komunikabideek eta entzuleek arreta hendiegirik eman ez zioten arren.

Hemen, beste herri askotan gertatzen den moduan, jendea hiltzen denean goraipatzeko ohitura dugu, ez lehenago, ez behar den unean. Asko zor diogu Oskorriri. Ez ahaztu: 44 urte emankor eta gero… hauxe: despedidia.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina