Oskorriren bazkalostea

Unai elorriaga argazkEz da egia Oskorri berrogaitazak urtez aritu denik euskal musikagintzan, nork sinesten du, nork ez du aditu euren musika jaio zenetik, are gehiago, jaio aurretik ere, ezer ez zenean… Susmoa da, orokorra, betidanik egon izan dela Oskorri eta, dudarik ez, beti izango dela… Bernat Etxeparek berak aditu zuen 1545. urtea baino askozaz lehenago, sumatu zuen, baina poetarik mingotsenek ere umetarik aditu zuten, Gabriel Arestik, esate baterako, Natxo de Felipe ezagutu baino dezente lehenago. Alemanian aditu zituzten Oskorriren kantuak, bestetik, Txilen, Katakunbetan, Errusiako iraultzan, Kalbario mendian, pubetan, sedentarioetan, ibiltarietan, pubak asmatu baino lehenago ere. Guztiarekin, lan handiegia ere ez da egin behar gazte bat imajinatzeko ehun eta bi urte barru, logelan, tabernan, bulegoan, ikastetxean, musika-aparatu oraindik ez asmatuan, botoirik gabekoan, garunean txertatuan beharbada, “Euskal Herrian euskaraz” kantua aditu eta bere buruari galdetuz zer ari ote den Txinan lanean, Alemanian ikasten, hitzaldiak ingeles txarrean esaten, ergatiboa noiz eta non jarri behar den ahaztu duenean.

Gure belaunaldiko umeok Oskorri aditzen genuen Oskorri zela jakin gabe, guretzat “Furra, furra” zen, “Aita-semeak”, gora eta gora esaten genion Lapurdiri, Lapurdi zelakoa zen lar ondo jakin gabe ere; euskal kantuak ziren guretzat, ikastolan eta edonon kantatzen genituenak, betiko txertatzen zitzaizkigunak. Baina gogoan daukat ikastolan bertan izan nuela Oskorri izenaren berri, izanaren berri, diskoak –biniloak– trukatzen hasi ginenean. U2 taldearen diskoa utzi nion lagun bati, The Joshua tree; Oskorriren In fraganti utzi zidan trukean. Han, besteak beste, “Ostatuko neskatxaren koblak”. Sentimendu bat daukat gogoan: zelako nekeza egin zitzaidan diskoa lagunari itzultzea…

Harrezkero gure belaunaldikoekin batera joan da Oskorri, Oskorrik eman dituen letrak… Esate baterako, “Insumisoarena” soldadutzara joan ez joan atakan geundenean argitaratu zen, “Euskaldun berriaren balada” euskaltegietan eskolak ematen genituenean aditzen genuen eta, horrezaz guztiaz gainera, gure herrira etorri ziren sasoi horretan euren 25 kantu-urteak ospatzera, Fadurako kiroldegira… Han egon ginen, jakina, eta diskoa gozatu genuen gero, eta sinistu gure txaloak horren guztiaren parte zirela.

Horregatik zorabiatu nintzen ia Desertore lanerako hiru letra egiteko deitu zidatenean… Nire maisuen ondoan jesartzeko aukera eman zidaten orduan: Aresti, Amuriza,

Sarasua, Egaña, Cano… Besoa euskal musikaren sorbalda gainean sentitu nuen, euskal kulturaren bazkalostera gonbidatu ninduen Oskorrik…

Izan ere, horixe egin du Oskorri taldeak: euskal kulturaren bazkalordua biziberritu, handitu, oparotu… Baina, jatekoekin gertatzen ez den bezala, sekula ustelduko ez diren osagaiak gehitu ditu. Bostehun urte barru ere, oskorriak janda elikatzen jarraituko dute euskal umeek…

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina