Oskorritarren sasoiak

Behin baino gehiagotan kontatu izan digute gurasoek euren sasoia desberdina izan zela, biziagoa, errealagoa, langileagoa, pobreagoa, aberatsagoa, zeharo gainditu zutela guk orain arte egin duguna, egiten ari garena eta egiteko duguna ere, benetan ari zirelako, biziagoak zirelako, errealagoak, konprometituagoak, zoroagoak, zentzudunagoak.

Hori guztia gure benetako gurasoek kontatu izan digute, baina, guraso horiek gorabehera, letretako gurasoak ere badauzkagu guk, guraso idatziak, guraso kantatuak dauzkagun moduan. Letretako gurasoek esan ziguten euren sasoian literaturak eragina zuela gizartean, politikan ere bai, gauza bera ez balira bezala. Literatura sortzen zuenak errealitatea moldatzen zuela, eskuztatzen, zikintzen, garbitzen, zineak moldatzen zuen bezala, kantagintzak moldatzen zuen bezala. Baina alderantziz ere izaten zela, hori esan digute gure letra-gurasoek: gizarteak ere artea eraldatzen zuen, gizarte eta arte errima ez balira bezala. Politikak, beraz, itxuragabe erabiltzen zuen batzuetan literatura, zinea, kantagintza, onerako zein txarrerako, desberdinerako beti…

Eta gure gurasoen sasoia (guraso naturalena eta letra-gurasoena) gu jaio gineneko hura da, 60ko hamarkada, 70ekoa. Imajinatzen ditugu euren bizarrak, euren arropak, praka izter-estu orkatila-zabal haiek, koloreak, larruak, iraultza-asmoak, abade ezkonduak, maitasun librea, hain librea “ezen ez baitzekiten nora egin zien ihes”, beatlesak eta bobdylanak… Eta giro horretan ikus dezakegu, zirrikitu herdoildu batetik, Oskorri taldearen lehen kontzertua ere, arteak gizartean eta politikan eragina zuen garaian, gizarteak eta politikak artean eragina zutenekoa.

Non eta Deustuko unibertsitateko Paraninfoan egin zuten kontzertu hura, praka klase harekin, bizar itxi haiekin; estetika horrekin ekin zioten euren ibilbideari, euren autopistari. Baina batez ere kontziente ziren euren kantuek eta jarrerak pisua zeukatela gizartean, politikan ere bai beharbada, eta presioak jasoko zituztela, eta momentu mingotsak pasatu: lehen kontzertua ematerako ere bazuten eskarmentua…

Errepertorioaren zati handi bat Gabriel Arestiren obraren inguruan eraiki zuten, lehen kontzertu horretan ere hura ardatz. Aukeraketa ez zen merkea: jendeak bazekien nor zen Aresti, Oskorrik ere bai. Esaten du Natxo de Felipek lehen kontzertu horretara ere hurbildu zela Aresti, ate txiki baten ondoan egon zela (noiz irtengo? noiz sartuko?), urduri, nahiz eta ez dugun Harriaren urduritasuna imajinatu ere egiten.

Esaten dute giroa arraroa zela, arraro zegoela, ETAkide batzuk hil berri zituztela, Bilbon bertan; batek baino gehiagok kritikatu omen zuen gero kontzertu amaierako euforia “egoera hartan”… Gizartea artea estaliz berriro, artean gizartea agerian utziz berriro. Baina oskorritarrak ere kexu ziren airean zegoen euren kontrako boikot ezagun hura zela eta, artea-politika, gizartea-artea, dena nahasian. Ez genuke asmatuko esaten zer den hobea, ordukoa ala gaurko egoera deskafeinatua, politikari berdin dionean zer egiten duen arteak, kantariek, idazleek, kulturgileek, Oskorri bezalako talde bat hiltzen uzten duenean, ontzian ez balego bezala eurentzako lekurik, Siriatik ihes egindakoen artean bezala nor salbatu aukeratu beharko balute legez, dirua salbatzea besterik aurreikusten ez dutenean, ipurdia.

Argi dago oskorritarrentzat hobea zela ordukoa, kontra egin behar ziotenean boikotari, politikari, gizarteari, indiferentzia sasoi hau baino. Bitartean, Gabriel Aresti imajinatzen dugu, Paraninfoko atean, bere artean pentsatuz: zoroak musikari hauek, nire poemak, kantuak egiteko, ez diote luzaroan eutsiko, baietz taldea aste gutxitan desagertu, nire testuak desagertuko diren bezala, desegingo, euri egunetan eskelak lurrera jausi eta kaleko jendeak zapalduta desegiten diren moduan, Funeraria Pérez y López, nire eskela desegingo den bezala, Bilbon.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina