Petti:“Polita litzateke entzuleak disko honekin sentitzea niri inoiz gertatu zaidana, fisikoki ere eragitea musikak”

petti&etxeko uztapetti& etxeko uzta azalaApirilean plazaratu du Pettik ‘Hotzikarak’, bere bakarkako zazpigarren diskoa. Etxeko Uzta taldeak lagunduta (Joseba Irazoki eta Igor eta Iñigo Telletxea anaiak), rock soinu gordin eta elektrikoetara itzuli da kantari nafarra Elkar estudioan grabatutako diskoan.

Elkar estudioan diskoaren grabazioari ekiteko sartu behar zuen egunaren bezperan harrapatu dugu Juan Luis Perez Mitxelena Petti (Bera, 1973). Estudiora kantuak “landuta eta borobilduta” eramateko ohitura du, eta oraingoa ez da salbuespena izan, nahiz eta estudioan bertan “gauzatxoak probatzeko” aukera beti egoten den zabalik. Hamar kantuk osatuko dute Pettiren lan berria, horien artean zuzenean behin baino gehiagotan eskaini duen Leonard Cohenen The Partisan abestiaren moldaketa bat.

Pettiren aurreko diskoa Astirtitan izan zen (2014), bost kantuz osatutako lan gehienbat akustikoa. Hura argitaratu zuenean jada iragarri zuen hurrengo diskoa elektrikoa izango zela eta zehaztu zuen nola nahiko lukeen izatea: Etxeko Uztarekin 2002an grabatutako diskoaren eta Rafa Ruedak 2007an ekoitzitako On diskoaren arteko nahasketa, hau da, lehenengoaren kantuen indarra eta bigarrenaren soinu joritasuna batuko dituena. Hain zuzen, aipatu bi diskoetan parte hartu zuten musikariak bildu ditu Hotzikarak ontzeko: Joseba Irazokik (gitarra), Iñigo Telletxeak (baxua) eta Igor Telletxeak (bateria) osatu dute oinarrizko banda, eta haien inguruan sartu-irtenak egin dituzte hainbat kolaboratzailek: Estitxu Pinatxo (ahotsa), Arkaitz Miner (biolina), Txus Aranburu (teklatuak), Lutxo Neira (kontrabaxua)… “Helburua da rock-soinu gordin, konplexu eta sendoez janztea kantuen melodiak”, azaldu du Pettik. Horrez gain, kantu batean Willis Drummond taldeko Joseba Baleztena, Felix Buff eta Xan Bidegain izan ditu taldekide.

Hotzikarak izenburua ipini dio lan berriari, horixe baita entzulearengana eragin nahiko lukeena. “Niri noizbait gertatu zait, musika bat hain barrura sartzea eta hainbertze eragitea, fisikoki ere sentitzen dudala, baita larruazalean ere. Hotzikara baten modukoa da. Polita litzateke norbaitek antzeko zerbait sentitzea disko honekin”.

Kantuen hitzak osatzeko hainbat lagunengana jo du Pettik. Horietako batzuk aurreko diskoetan ere agertu dira (Beñardo Goietxe, Harkaitz Cano…), baina lehen aldiz Igor Elortzak (Bi bide), Eneko Barberenak (Ni naiz, Azken aetzaren balada), Juan Luis Zabalak (Puskat nintzen) eta Pello Lizarraldek (Mantso etortzen zen gaua udan) sortutako hitzak abestu ditu Pettik. “Hagitz nire sentitzen ditut, neuk idatzitakoak ez badira ere. Eta barnerakoiak ez badira ere, erakusten dute munduan egoteko eta ingurua ikusteko modu bat”.

Lehen zuzeneko aurkezpena Donostiako Antzoki Zaharrean egingo du Pettik, maiatzaren 7an.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina