Sherlock Holmesen istorioak 2

Mikel PagadizabalArratsaldetan Holmesi buruz pentsatzeko ohituraz abisatu zigun Borgesek. Heriotza eta siesta ere aipatzen zituen zerrenda horretan. Nik besteren bat ere gehituko nuke baina ez naiz Borgeskerietan hasiko. Sherlock Holmesi buruz hitz egitera etorri naiz. Bestela banoa.

Arthur Conan Doyle jaun txit agurgarriak sortutako pertsonaiak hamabi urterekin eta boteprontoan liluratu ninduen. Watsonek lehenengo istorioan egindako erretratu zehatzari esker, sakonean ezagutu nuen detektibe famatua. Misterioak argitzeko zuen erraztasunak eta Ingalaterra viktoriarrean finkatuta egoteak, arrazoi nahikoa izan ziren jarraitzaile sutsuan bihurtzeko. Eta bertan gelditu nintzen biekin bizitzen. Hudson andrearen baimenarekin noski.

Hura poza nirea, Holmesen istorio guziak lortu eta irakurri ahal izan nituenean. Conan Doylek pertsonaia ederrak sortu zituen: Watson, Holmes, Adlertar Irene, Lestrade, Moran eta nola ez, Holmesen nemesia eta aurkaririk garrantzitsuena: Moriarty Doktorea! “Napoleon of crime” ezizenaz ezagunagoa beharbada Londreseko hanparen mundu ilunean. Britainiar batek bakarrik jarri diezaioke ezizen hori gaizkile bati. Baina Conan Doyle, ideia on eta ez hain onen aita izan zen eta Holmes hil zuen. Nazkatuta omen zegoen berak sortutako pertsonaiaz. Itun berrian gertatzen den moduan, kasu honetan ere miraria gertatu eta hil ostean, Sherlock Holmes berpiztu egin zuen egileak. Reinchenbacheko ur jauzitik bizirik atera zen, irakurleek hala eskatuta. Holmes berpiztu zuen badaezpada, irakurleen jenio bizia ezagututa Reichenbacheko ur jauzitik behera erortzeko arriskua Conan Doyle jaunak zuelako agian. Kasu honetan irakurle finak.

Baina berpiztu izanak ez du ziurtatzen berpiztuak osasun onarekin jarraituko duenik. Aldiz, argi dago Holmesen kasuan, bestelakoa gertatu dela; sekula baino sasoi hobeagoan aurkitu dut Baker Street 221b-ko detektibea.

Besterik ez. Irakurri Sherlock Holmesen istorioak, merezi dute eta.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina