Unai Maleski: “Poesia aurkikuntza izan da niretzako. Zoragarria da poema bat irakurri eta barruan zerbaitek klak egiten dizuneko sentsazio hori”

IMG_1221Hau_ez_da_poesia_AZALA.gif

Unai Abarzuza (Maleski) Iruñean jaio zen 1972. urtean. Orain, bere lehen liburua “Hau ez da poesia” kaleratu du: Ironiaz beteriko poesia.

Lehen liburuarekin zatoz, baina ez zara jada gaztetxo hasiberri bat. Zergatik orain?

Liatuta ibili naiz orain arte. Ez, broma da, neronek ere gauza bera galdetu diot nire buruari baina erantzunik ez dut topatu. Orain etorri zait gogoa. Zergatik ez orain?

Diseinu eta komunikazio mundutik zatoz, ez literaturaren esparrutik. Horren haritik, galdera bikoitza: zer ekartzen ahal dio kreatibo batek euskal poesiari?

Ideiak ekartzen saiatu naiz, bizipenak, istorio txikiak, ezohiko ikuspuntu batzuk, agian. Agentziako lanean eskarmentua dut testu laburrak idazten, spotentzako gidoiak, esloganak, testu publizitarioak… pertzepzioetan eragin eta pertzepzio horiek egoki kudeatzea da gure lana, eta horrek poesiarekin zerikusirik duelakoan nago. Alde horretatik, laburrean idazteko esperientzia eduki arren, ailegatu berria naiz lurralde honetara. Ekarpenik egin dudan ala ez, ikusteko dago.

Eta bi: zer eskaintzen dizu poesiak zuri, zure ohiko alorrek ematen ez dizutena?

Poesia aurkikuntza izan da niretzako. Zoragarria da poema bat irakurri eta barruan zerbaitek klak egiten dizuneko sentsazio hori. Telebistako spot on baten aurrean bezala, magikoa da erresonantzia hori gertatzen den unea. Poesiak errealitatearen geruza ezkutuak urgaineratzeko duen gaitasunak erakartzen nau.

Poesia zer den, zer ez den, kezka hori oso presente dago liburuan, titulutik bertatik hasita.

Kezka baino gehiago ziurtasuna da. Nire testuek formalki poema itxura hartu arren, poesiatik urrun nabilela badakit. Poesiaren trikimailu batzuk erabili ditut gauzak kontatzeko, istorio laburrak, iritziak eta sentsazioak, baina poetikotasuna ez da helburua. Badakit hau ez dela poesia. Ideia hori titulura eramatea erabaki nuen zintzo jokatu nahi nuelako, egia hori aurretik ezarri nahi nuen.

Horrez gain, titulu “komertziala” iruditzen zait eta susmoa dut poesia irakurlearentzat zein poesiara inoiz hurbildu ez denarentzat erakargarria izan daitekeela ideia hori, jakin-mina piztu ahal diola horrelako izenburu batek. Ikusiko dugu.

Maitasunaz idazteko duzun modua aipatuko nuke: halako lotsaz eta herabetasunez, baina hala ere aitorpenak eginez…

Oso lotsatia naiz, hori horrela da, normala da nabaritzea, ez dut ezkutatu nahi. Zaila da maitasunaz idaztea kursi geratu edo topikoetan erori gabe. Zailtasun horri heldu nahi izan diot maitasuna inportantea dela uste dudalako. Klase-borroka Historiaren motorra baldin bada, maitasuna da erregaia. Maitasuna da gauzak egitera bultzatzen gaituena, maitasuna zentzu sakonean, ez erotikoan bakarrik.

Poema sozial eta politikoak ere egin dituzu, baina ez aldarrikapenerako: gehiago hausnarketarako eta kontraesanak bilatzeko, esango nuke.

Errespetatzen dut aldarrikapena, baina ez zait gehiegi interesatzen leku hori dogmatismoz beteta ikusten dudalako. Kezka biziaz begiratzen diot egungo egoera politiko eta sozialari. Mundua aldatu da eta aldatzen segitzen du. Aldaketa horien abiadura izugarria da eta hurrengo urteetan are gehiago azeleratuko da. Testuinguru berri horietara egokitzeko ezinean ikusten dut gure Euskal Zera hau. Izan ginenari eta garenari begira segitzen dugula iruditzen zait, izan nahi dugunaz arduratu beharrean. Europako azken indigenak izateak zerbaiterako balio zigun une batez, baina XXI. mendean izango garena ez gara eraikitzen hasi oraindik. Zeregin horretan mendearen lehenengo 16 urte hauek galdu ditugun sentsazioa daukat. Itxaropena eta duintasuna ekarriko digun zerbait azkar asmatzen ez badugu, ez naiz batere optimista gure etorkizun hurbilarekin.

Halako gaiekin, ze irakurle duzu buruan? Ze, badirudi eztabaida batean zabiltzala norbaitekin…

Gurekin ari naizela esango nuke. Eskaldunok “gu” hitzarekin ulertzen dugun kolektibitate horrekin. Gurekin.

Abertzalea izatea, gaur, Nafarroan: gai horri ez zaio sarri heltzen poesiatik.

Nafarroan abertzale izatea baino ekintza poetikoagorik…

Edo euskaldun-ez-oso-petoa izatea…

Hori gaizki daramat, onartu behar dut. Gaztelera dut ama-hizkuntza eta nire burmuinak askoz hobeto funtzionatzen du gazteleraz, erosoago. Niretzat euskara ahalegina da. Esfortzuaren inguruan kokatu izan dut euskararekiko harremana beti eta hori ez da harreman baterako oinarririk onena. Gainera, gazteleraz aritzeko inposizioak alde batera eta euskaraz egiteko presio sozialak beste aldera tiratzen. Tentsio hori gehiegizkoa bilakatzen da askotan.

Ironia tresna etengabea duzu: babeserako tresna bat da? Jarrera etengabe bat? Mozorro bat?

Esan gabe esan nahi dudana ulertuko duzula badakidala aurretik jartzen du ironiaren erabilerak. Ironiak inteligentzia aitortzen dio hartzaileari eta konplizitate marko bat ezartzen du. Horrelako ingurune batean komunikazioaren kalitateak gora egiten duelakoan nago. Horregatik erabiltzen dut ironia.

Poesia den edo ez den hori berriz praktikatzeko gogoz jarraitzen duzu?

Ez dut baztertzen baina gauzekin laster aspertzen diren horietakoa naiz. Ideia berri batzuk ditut buruan bueltaka, baina poesia ez da ideia horientzako formaturik egokiena. Ikus-entzunezko bat agian…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina