Unai Villena: “Nik ere irakurleari erabakitzeko eta jolasteko aukera eman nahi nion.”

FullSizeRenderhauts haietatik2Zer kontatzen du Hauts haietatik eleberriak?

Droga mendekotasuna eta gaixotasun mentala pairatzen dituen 1980an jaiotako Ander izeneko gazte baten historia, bere lagun Oierrek kontatua.

Zure lehen eleberria izanik, aspaldidanik zeneukan gaia plazaratu duzu bertan, ala idazteko unean parean suertatu zitzaizuna?

Destintoxikazio-zentro eta psikiatrikoen errealitatea barrutik bizi izan duten pertsonak ezagutzen ditut eta azken urteotan asko hausnarrarazi didan gaia da. Horregatik aukeratu nuen.

Ezagutzen dituzun pertsonen kasuan oinarrituta, ze neurritan da kontaturikoa errealitate eta ze neurritan fikzioa?

Bi osagaiak ondo nahasita daude nobela osoan zehar eta zailak dira bereizten, baina funtsean fikzioa da.

Buruz osasuntsu egotea zer den zehazten hasi gabe ere, gaitz mentalaren unibertsoan sartzea erraza da?

Beste edozein unibertsotan sartzea bezain erraza (edo zaila), nik uste. Izatekotan, zailtasuna gaiari buruz era zintzo eta sinesgarrian idaztean datza, eta duen konplexutasuna islatzean, azalkerian, gehiegikerietan eta topikoetan erori gabe.

Psikiatrikoan dagoenak espetxe bikoitza jasaten du, ezta? Instituzioarena eta bere gaitzarena?

Nobelako protagonistak bai, baina gaitz zehatz bat eta psikiatriko zehatz bat bizi izan ditu berak, eta testuinguru horretan ulertu behar dira liburuan egiten diren baieztapenak; hortik orokorpenera jauzi egitea gehiegitxo iruditzen zait. Nire ustez, osasun sistema publikoa gurean oraindik ez dago prest gaixotasun mentala eta droga mendekotasuna aldi berean jasaten dituena era eraginkorrean artatzeko, eta nobelaren bitartez gaia gizarteratzea nahi nuke. Hortik aurrera, psikiatrikoan egondakoei dagokie, lehen pertsonan, beraien esperientzia azaltzea.

Drogen aurrean, zer jarrera du liburuak?

Errealitatearen zati txiki-txiki bat bistaratzen du, hipokrisiarik gabe, baina juzgu moralik egin gabe.

Liburuaren gai nagusiaren alboan, adiskidetasunak ere pisu handia du bertan; maitasuna ez bezala, literaturan gutxitan agertzen den gaia.

Bai, hala da.

Eta horrez gain, badago garai baten eta belaunaldi baten erretratu soziologikoa ere, ezta?

Erretratua baino gehiago, bozetoa dela esango nuke. Edo erretratu partzial, labur eta osatugabe bat. Zertzelada batzuk ematen dira, haietatik tira eginda irakurleak falta dena osa dezan.

Nobelan inportantea da nola kontatu gaia ere. Buelta asko eman dizkiozu horri?

Ia zorabiatzeraino! Ahots ezberdinak, erritmo aldaketak, etengabeko flashback-ak, pertsonaia nagusiaren historia, nobelaren idazketari buruzko istorioa, musika eta poesia nahastu ditut puzzle erako egitura erabiliz. Lanak eman dizkit guztia lotzeak.

Eta irakurtzeko modu desberdinen kontu hori?

Nobelaren egiturarekin du zerikusia. Puzzleetan, kaxako azaleko irudiak ematen digu barrukoaren berri, eta gero bakoitzak bere erara muntatzen du. Nik ere irakurleari erabakitzeko eta jolasteko aukera eman nahi nion.

Lehen liburuaren pausoa emanda, buruan duzu bigarrena?

Nobela honekiko zeharo ezberdina den zerbait ari naiz idazten. Liburu formatuan eta argitaletxe komertzialen bitartez argitaratzeko modukoa izango den ez dakit, baina idazten jarraituko dudala bai, horretaz erabat ziur nago.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina