Uxue Apaolaza, kulpari eta literaturari buruz

Igartza bekaren laguntzaz, bere lehen nobela idatzi du Uxue Apaolazak: “Mea culpa”, bere iraganeko mamuak akabatu nahi dituen neska batek Landetan bizi duen abentura, itxuraz poliziakoa, bere herri, iragan eta lagun ohiekiko kontu garbiketa gordina.

Ipuin liburuaren ondoren, nobela: ibilbide naturala izan da zure kasuan, kasualitatea, presioren baten ondorioa?
Inkontzientzia kasu bat izan da ziurrenik; aurreko proiektu bateko protagonista oinarri hartuta, Landetan kokaturiko pasarte zenbait nuen, ipuin izatera deituak, azkenik nire burua konbentzitu nuen arte pertsonaiak eta bueltaka nerabilen gaiak nobela bat behar zutela. Orain ez dakit hain konbentzitua nagoen.

Zer du fikzioak, adibidez, prentsan lantzen dituzun iritzi-artikuluen aldean?
Prentsan, kontrolatzen ez dugun errealitate bat, edo gertaerak, ideien bidez argitzen saiatzen gara; fikzioan gertaerek miragarriki adierazi nahi duguna islatzen dute – edo hori uste dugu gure inozentzian. Fikzioak introbertsiorako aukera ematen dit gainera. 

Protagonistari (Lur) zeure ezaugarri batzuk eman dizkiozu: Madrilen bizi, nobela bat idazten ari, jaioterria ere antzekoa… Zer du nobelak eta zer ez autobiografikotik.
Lurrek nire kezka berberak ditu, baina ezberdin aurre egiten die, eta dimentsio ezberdina ematen, beraz ez ditu nire kezka berberak. Pertsonaia guztien artetik, erreala den bakarra ni naiz hala ere.

Jaioterriarekiko, belaunaldikideekiko, norbere iraganarekiko harreman gatazkatsua ageri da nobelan: eleberria zenuen auzi horiek azaleratzeko bide egokia?
Ez zuen zertan. Ipuinek ere, edo poesiak, berdin balio dezakete, edo pelikula batek edo… erabaki kontu bat da. Nik idatzirik nituen pasarte horiek ez zuten identitate propiorik, bata bestearen azalpen ziren, beraz, nobela bat idatzi behar nukeela pentsatu nuen, eta okerrago dena, idatzi egin dut, eta areago, norbaiti finantzatzea bururatu zaio gainera.

Eta ahalmen katartikorik badu literaturak? Norbere minak kontatzeak laguntzen du haiek sendatzen?
Izan dezake, suposatzen dut. Nik nahiago dut katarsiak beste modu batean izan, psikiatrarekin, lagunen batekin, nire buruarekin (gehienetan)… Idaztea agian katarsi horren konfirmazioa izan daiteke. Katarsiak ugariagoak izaten dira irakurriz idatziz baino.

Nobelak itxura poliziako samarra ere badu, lehen begiratuan: Lurrek bere institutukide ohiekin Facebook bitartez hitzorduak egin eta haiek banan-banan hiltzeko asmoa du…
Lurrek aukeratzen dituen pertsonaiak hilez bere burua hiltzen du; inguruaz eta gainerakoez esaten dena Lurrek oso mediatizaturik ematen da, ez dago zertan dena sinetsi, gainera nobela lehenengo pertsonan idatzirik dago; gustatzen ez zaionarekiko amorruzko erreakzioa delako aukeratu nuen hilketena, eta liburua kulparen inguruan denez, protagonista objektiboki errudun bihurtzeak zigorraren aukera irekitzen du. Kulpak eskatzen duen zerbait. Ez da inondik inora nobela poliziako bat, baina espero dut kuriositatea sortuko duela Lurrek printzipioz, esan gabe, desio duen zigor hori lortzen duen edo ez jakiteak.

Lur neska gazte bat baldin bada, beste protagonista, Elisa, kontrapuntua da, batetik, eta urte gehiagoko ispilua, bestetik…
Uste dut Elisak Lurrek beretzat nahi lituzkeen ezaugarri asko dituela, eta berak onenean erdizka eta noizean behin lortzen dituenak baita ere.

Liburuan garrantzi handia hartzen dute erreferentzia kulturalek, film eta musika aipuek, bereziki. Jakinaren gainean hartutako erabakia izan da? Nahi gabe atera zaizu?
Denetarik dago, baina zenbait erabakitakoak dira. Memoria kolektibo bera konpartitzen dute, erreferentzia horiek dira elkartzen dituena, eta kolektibo hori mendebaldea da beraien kasuan, batez ere Estatu Batuak.

Gehiago. Batzuetan oso bakarrik sentitzen zara Riberaren koadro bati buruzko komentario bat egiteko inor ez badaukazu, nik eskerrak ematen dizkiot patuari nire entusiasmoak konpartitzen dituzten zenbait pertsona aurkitu ditudalako, eta Riberaren koadroaren kontura barre batzuk egin ditzakedalako beraien komentarioengatik; Lurrek ez zuen egin ordura arte, edo ez zuen beraiekin geratzeko ausardiarik izan.

Nolakoa izan da idazketa-prozesua? Pertsonaien eraikuntza, tramarena, tonua, egitura…?
Lehenengo, esan dut, pasarte solteak idatzi nituen, berdin Elisarekin eta gainerako pertsonaiekin, gero gehienak liburuan ez badaude ere, nondik jo asmatzeko; azkenik hilketen kontua erabaki nuen, eta behin horretara iritsita lehenengo egitura ixten saiatu nintzen, gero zatika garatzeko. Azkenean ahal bezala saiatu naiz orrialdeetan zehar ez galtzen, eta ez dut beti lortu.

Eta hurrena? Ipuinetara itzultzeko asmorik? Nobelarekin segitzekorik?
Ipuinak idazteko gogo bizia dut. Argitaratu edo ez, egiten dudana hori da. Etxera itzultzea bezala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina