Xabier Montoia: “Hondamendiarena gaurkotasun osoko gaia da”

XABIER MONTOIAEdozein teleberritan baino hondamendi gehiago aurkituko ditu irakurleak Xabier Montoiaren Hondamendia (Elkar) liburuko narrazioetan, kolektiboak zein indibidualak, historikoak zein fikziozkoak, naturalak zein gizakiak eragindakoak. Begietara gordin agertzen denari behar adinako zorroztasunez erreparatzeari beldurrik ez dion idazle batek kontatuak denak ere.

Liburuaren izenburu bera duen ipuinean agertzen den pertsonaia batek dio hondamendietan sentipenak muturreraino eramaten direla, eta orduan azaleratzen direla biluzien eta distiragarrien, itxurakeriarik eta gezurrik gabe. Horregatik egin zaizu erakargarri hondamendiei buruz idaztea?

Bai, hein batean, horrexegatik izan zen, baina gai hori berez nagusitu zitzaidan, nituen beste asmo eta ideia batzuk baztertzera behartuz. Hondamendiarena gaurkotasun osoko gaia da, nire ustez, animaliak, espezieak eta, besteak beste, hizkuntzak ere egunero galtzen eta desagertzen ari diren honetan. Kapitalismoaren ajeak, nonbait.

Gaia nagusitu zitzaizun, beraz, zeu haren bila joan gabe.azala

Hondamendiari buruz idaztea pixkanaka, ipuinak idatzi ahala, bururatu zitzaidan. Bat idatzi, beste bat, eta horien oinarrian zegoen sakoneko gaia horixe zela ohartu nintzen. Ondoren, horren arabera idatzi eta antolatu nituen gainerako ipuinak.

Hondamendietan aditua dela dio arestian aipatutako pertsonaiak. Zeu ere hala bihurtu zara, antza denez, liburu hau idazteko. Dokumentazio lan handia egin behar izan duzu?

Zer edo zer egin behar izan dut, baina ez lan handirik. Liburuaren lehendabiziko zatian egin dut, batez ere, eta gainerakoan ezer gutxi.

Onkeriaren antipodetan kokatu izan dira beti zure kontakizunak, hala nobelak nola ipuinak. Liburu honetan ere nekez aurki daiteke pertsonaia zintzo, jator eta maitagarririk; elkarte, alderdi eta era guztietako erakundeei ere kiratsa darie. Zeuk bilatzen duzu pertsonaiak eta taldeak horrela erretratatzea, edo berez irteten zaizkizu horrela, errealitatean ere horrelaxe ikusten dituzulako?

Ikusten dudana jasotzen dut ipuinetan, batik bat. Begirada kontua da, beharbada, eta neure begietatik hala ikusten da mundua. Hala eta guztiz ere, nire pertsonaiek badakite zintzo, jator eta maitagarriak izaten ere, nik uste. Humanoak dira, azken finean, oso humanoak.

Hiru ataletan banatu duzu liburua. Zergatik banaketa hori, eta zeren arabera sailkatuta daude ipuinak?

Banaketak denborarekin eta, beraz, historiarekin du harreman zuzena. Lehendabiziko zatia aspaldiko garai bati dagokio. Bigarrenak, aldiz, oraintxe bertan gertatzen ari diren (edo gerta daitezkeen) gauzei buruz dihardu eta etorkizun hurbilari begiratzen diot hirugarrenean.

Zertan da antzeko eta zertan diferente liburu hau zure aurreko liburuen aldean?

Liburu honetan eta, aurrekoetan ere, antzekoak izango dira nire obsesioak, seguru asko. Ezberdina ere bada, ordea, tarteka errealismotik pixka bat aldendu eta fantasiara jo dudalako.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina