Xabier Olaso, Mikel Zarate sariaren irabazle

Xabier OlasoXabier Olasok idatzitako Erraldoiak kontakizunak irabazi du 2016ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkar argitaletxeak.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta zazpigarren ekitaldia izan da aurtengoa.

12 lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Olasok idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Erraldoiak izeneko istorio honek erraldoi-familia baten gorabeherak kontatzen ditu: Erraldoi du izena aitak, Maritantai amak, eta Patxikankailu semeak. Haien eguneroko bizitza eta zenbait abentura agertzen ditu istorioak, baita erraldoien mundu berezia erakusten duten hainbat elementu ere (amaieran erantsita, erraldoien entziklopedia txiki bat balitz bezala). Testuaren umorea azpimarratu du epaimahaiak, hizkuntzaren erabilera jostaria (hitz joko eta onomatopeia ugari), eta poesiarako joera: hainbat poema eta herri-kanta moldatu sartuz, besteak beste.

Xabier Olaso Otxandion jaio zen 1964an eta Gasteizen bizi da aspaldian. Irakasle ikasketak egin zituen. Literaturan hainbat poema-liburu idatzi ditu, baina haur literaturan egindako lanengatik da batez ere ezaguna. Bi aldiz irabazi du arlo horretako Euskadi Saria: Pupuan trapua eta Tximeletrak liburuekin; horiez gain, Auskalo igarkizun liburua ere idatzi du, besteak beste.

Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:
            2010 Asier Mendoza Beste gu
            2011 Julen Gabiria Nire aita ikusezina da
            2012 Gaizka Arostegi Urrezko orrazia
            2013 Irati Bediaga Beldarren hegaldia
            2014 Patxi Zubizarreta Mundua baloi batean
            2015 Arrate Egaña Patioan

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina