Eñaut Elorrieta: “Diskoak indarrak biltzeko dei bat izan nahi du”

 

“Ortzemugak begietan” Zergatik izenburu hori? 
Begiradek mina, poza, ilusioa… adierazten dituzte era garbian, begiek ez dute gezurrik esaten. Begiradarekin, begiratzeko erarekin, gauzak alda daitezkeela uste dugu. Ezberdina da gauzak begiratzea eta gauzak ikustea. Begiratzetik ikustera aldea dago eta ikusten ikasi egin behar da. Horretan ahalegindu gara disko honetan.
Guk sentitzen dugu, bai maila pertsonalean eta bai herri mailan ere guk dugula gauzak aldatzeko giltza. Bisio hori irudikatu nahi genuen: “gugan daude erantzunak, gugan dago indarra, gogoa da gure giltza’’. Ortzemugak ilusioa ere sentiarazten zigun, ilunabar edo egunsenti baten indarra eta ilusioa zeukan. Perspektiba zabalago bat ere bai. Norberarengan benetan sinistuta beldur eta erronka handienak gainditu daitezkeela esan nahi dugu, eta ilusio eta indar hori gugan, begietan irudikatzen genuen, ortzemugak begietan.
Eta begiradak zubi bezala ulertuta, diskoak baita ere eta indarrak biltzeko dei bat izan nahi du. Batera indartsuago gara, batera lortuko dugu. 
Izenburua, esaterako, zein unetan erabakitzen duzue?
Amaieran. Lehenengo kantuak egiten ditugu eta kantu horrekin zer esan nahi dugun galdetzen dugu, baina oso maila kontzeptualean. Ahotsarekin ezer esan gabe saiatzen zara pentsatu duzun kontzeptu hori transmititzen. Bigarren pausu batean hori hitzekin jartzen dugu.
Aurrekoetan ez bezala disko berrian kolaboratzaileak bilatu dituzue letrak lantzeko.
Kolaborazio batzuk izan ditugu, gai batzuei buruz gure burua entzuten pixka bat aspertuta gaudelako. Jo dugu gure ustez ikuspegi interesgarria eta gugandik gertukoa izan dezakeen jende batengana. Diskoak oso era pertsonalean hartzen ditugu eta bagenuen kezka gure bisio global horretan ea benetan enkajatuko zuten. Baina lortu dugu, oso pozik gaude emaitzarekin.
Musikan ere kanpo laguntza bilatu duzue.
Joserra Senperenak bost kantutan pianoak eta sekuentziak sartu ditu eta Argiak diskoan ere kolaboratu zuen Cheche Alarak, sartuko ditu oraingoan ere teklatuak. Produktore eta teknikari dugu Rafa Sardina, Argiak diskoan ere izan genuen bera.
Zer eman zizuen Rafa Sardinak aurreko diskoan berriz ere errepikatzeko?
Esperientzia handiko teknikari ona da. Kanpotik egindako begirada gehitzen die kantuei. Kantuak sortzen dituzunean esfortzu bat egin behar da kantua eta zu bereizteko. Rafak guk ezin dugun hoztasun batekin begiratzen ahal die kantuei eta guk konposatzaile eta talde bezala izan ditzakegun “dejeak” berak ikusten ditu. Ondorioz, bide berri batzuk ireki zizkigun. Gainera, aurrekoan gelditu zitzaigun sentsazioa ziklo horrek beste disko bat behar zuela, elkar hobeto ezagutu eta elkar hobeto ustiatzeko.
Ken Zazpi ezberdin bat sumatuko al dugu?
Benito Lertxundiri entzuna diot desikasi kontzeptua: ikasten duzu eta hartzen dituzu bizio, molde eta era batzuk, eta momentu batean desikasi egin behar dituzu ikasitako horiek, oinarrira bueltatu. Ez da ariketa erraza. Disko honetan saiatu gara bukatzean kantuek izan dezaten indarra eta soiltasuna. Jendeak Ken Zazpi entzungo du, azken fi nean gu gara hor gaudenak. Baina ez gara orain bi edo zazpi urteko berak. Disko honetan libre konposatu dugu, atera zaigu barruan geneukana inongo estrategiarik gabe. Lehen inertziaz-edo egiten genituen nolabait espektro bat adierazteko bateko eta besteko kantuak sartzeko ahalegina. Oraingoan naturalagoak izan gara, egin dugu atera zaiguna. Beraz, musikalki naturalagoa, homogeneoagoa, helduagoa da soinu eta konposaketa aldetik. Letretan ere nabarituko dela uste dut.
Elkar eta Argiak disketxeen arteko koedizioa izan da disko hau.
Diskoak egitean kalitatea lehenesten dugu, gure lana ahalik modu egokienean janztea eta plazaratzea. Ez dira garai egokienak produkzio handietan sartzeko eta horregatik egingo dugu koedizio bat Elkar eta Argiak, gure diskoetxearen artean.
Horrela egiten ahal dugu apustua diskoaren alde ahalik eta baldintzarik onenetan. Bakarrik egin beharrean aliantzak bilatu ditugu. Indarrak biltzeko garaiak dira zentzu honetan ere. 
Zuk esana da musikariak indibidualismo arriskutsuan sartuta zaudetela. Zergatik da garrantzitsua elkartzea?
Ez dakit zergatik ez garen elkartzen oinarrizko gauzetarako. Gaur egun ez daukagu eritzi eta esperientziak trukatzeko fororik ere. Ez nuke errua kanpora bota nahi, gure erantzukizuna ere onartzen dut, zeren ni ere banago momentu honetan horren aldeko pausuak emateko moduan; baina ez da kultura hori egon maila antolatu batean gure herrian. Aurreko musikoen generazioan eta gure artean ez da esperientzia transmisio bat eman maila pertsonalean ezagutu eta bilatzen ez baduzu. Bai sortze lana, zuzenekoak, bai beste sektore ezberdinekin historikoki egon den harremana, bai Euskal Herritik kanpora egin daitekeen bidea… hor badago esperientzia pila bat, oso garrantzitsua litzatekeena ondorengo sortzaileei transmititzea. Ematen du beti zerotik hasten zarela.
Era berean ikusten duzu badagoela talde pila bat, badagoela egonezin bat, Ahotsenea bezalako proiektu interesgarria ere sortu da, sortzaileak eurek protagonistak diren asmoa… espero dezagun guzti horrek bere fruituak ematea.
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina