Maider: “Liberazio moduko bat sentitu dut diskoa egitean”

Maider Zabalegi Berrogei urte egiten zituenean disko bat aterako zuela agindu zion bere buruari, eta hala egin du. Alaitz Telletxearekin osaturiko bikotea desegin zenetik hamabi urtera, bakarkako lehen diskoarekin itzuli da Maider Zabalegi. Pop disko argitsua da Zuei (Elkar), egileak bizi duen momentu “baikor eta emankorraren” isla.

Diskoa entzutean ez dirudi horrenbeste urte pasa direnik. Zure ahotsa apenas da aldatu.

Grabatzera sartu aurretik banuen beldurra, nola entzungo nuen nire ahotsa horrenbeste urte eta gero. Kantu batekin egin nahi nuen proba, zer inpresio egiten zidan ikusteko, eta hasieratik oso eroso sentitu nintzen.

Alaitz eta Maiderren azken kontzertua 2004ko abenduan izan zen. Urte hauetan musika erabat alboratu duzu?

Guztiz. Moztu egin nuen musikarekin: ez nuen musika entzuten kotxean, gitarra ez dut hartu ere egin… Ez dut inolako beharrik sentitu taularatzeko edo konposatzeko. Alaitz eta biok oso gazte hasi ginen, urte asko izan ziren, eta une batean oso garbi ikusi nuen aldatu nahi nuela. Ama izan nahi nuen eta horretan bolkatu naiz erabat.

Eta bat-batean, disko bat kaleratu duzu. Zerk bultzatu egitera?

Hamar urte hauetan duelo batzuk pasa ditut, azkena aitonarena. Hiltzen ari zelarik, berriro gitarra hartu nuen eta hasi nintzen kantu bat sortzen. Nire bikoteak egin zuen letra, eta hil zen egunean jo nuen lehenengo aldiz. Barruko leherketa bat bezala izan zen, gauza asko mugitu zizkidan, eta hasi nintzen goizeko hiruretan esnatzen, konposatzen… Geroztik ez naiz gelditu.

Hura izan berriz ere sormenaren sua piztu zuen txinparta?

Dudarik gabe. Grabazioan une oro izan dut presente aitona, indar izugarria eman dit.

Gai ilun eta gogorrak jorratu izanagatik —heriotza, abortua, prostituzioa, erbestea, autoestima falta…— diskoari argitasunari dario, hala letretan nola doinuetan.

Kantu guztietan argia eta indarra ikusten ditut. Beharbada liberazio moduko bat sentitu dudalako disko hau egitean, terapia bat izan da. Oso momentu positiboa bizi dut, emankorra, eta islatzen da diskoan.

Dani Venegas izan duzu eskuineko besoa. Konposizioan ere lagundu dizu. Nola sortu da elkarlana?

Autopista bat hartu eta inolako oztoporik gabe egindako bidea izan da disko osoa. Lehen kontaktua Urbil Artolarekin egin nuen, eta berak argi zuen ez zuela ekoizpen lanaren ardurarik hartu nahi. Berak aurkeztu zidan Dani. Hasieran taldekide bat baino ez zen Dani, baina poliki-poliki ardura handiagoa hartu du. Kantuak pasatzeko eskatzen zidan, eta hurrengo egunean goitik behera moldatuta bueltatzen zidan abestia. Sorpresaz sorpresa joan naiz.

Gelditzeko itzuli zara ala kantuak dioen bezala, hasiera eta amaiera batera datoz? 

Ez dut planteatu ere egiten. Oso argi neukan 40 urte egiten nituenerako disko bat aterako nuela, baina ez dut begiratzen aurrerago. Momentu hau bizi nahi dut, eta ditudan sentsazioen arabera jokatuko dut. Orain taldekoekin disfrutatu nahi dut.

Zuzenekoetan aritzeko asmoa duzu beraz.

Bai, ilusio handiz nago. Ilusioa eta bertigoa nahasten zaizkit: nola aurkituko naiz, nola sentituko naiz berriz taula gainean? Baina 40 urterekin lotsak galtzen dira, segurtasun handiagoa daukazu…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin