Garbiñe Ubeda: “36ko gerra itxi gabeko kapitulua da etxe gehienetan”

Hobe isilikGarbiñe UbedaGarbiñe Ubeda kazetariak Elkar argitaletxeak eta Ondoarroako Udalak antolatutako Augustin Zubikarai beka-saria irabazi zuen iaz Heldu den iragana lanarekin. Dagoeneko urtebete pasa da, eta proiektu bezala aurkeztu zuen idazkiak Hobe isilik titulupean argia ikusi du. Ubedak kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitatea, estilo landu eta dotorea, baita pertsonaien taxuera ñabarduraz betea ere.

 Kazetaria zara eta horregatik eskarmentua duzu testuak idazten. Hala ere, nobela bat idaztea ezberdina da, ezta?

Guztiz bestelakoa da. Hain zuzen ere, horregatik jo dut fikziora, kazetaritzaren arauak estuegiak zitzaizkidalako kontatu nahi nuen historia kontatzeko. “Zer, noiz, non, nola, zergatik” esparrutik haragoko erregistroa behar nuen, dena ezin da datu bidez eta hotzean azaldu.

Augustin Zubikarai beka irabazi zenuen Heldu den iragana nobela-proiektuarekin, eta orain hura Hobe isilik eleberrian kaleratu duzu.

Heldu den iragana behin-behineko izenburua zen, proiektua aurkeztu nuenean ere egin nuen ohar hori. Izenburua azkenik erabakitzen den zeregina da nire lan moldean. Iradokorra behar du izan, eta era berean mamia laburbiltzen duena. Liburua amaitu behar izan dut izenburuko hitz egokiak aurkitzeko.

Fikzioa landu duzu nobela honetan, baina egiazkotik ere badu, ezta? (eleberriaren lehenengo orrian eginiko aipua ere esanguratsua da).

Amona, aitona, aita eta izebari aipu berezia egin diet atarikoan, haiei gertatutakotik abiatu delako nobela. Funtsean gure etxean gertatutakoa irudikatzen du, baina fikzioa da, antzekotasunak antzekotasun, pertsonaiak asmatuak direlako, eta batzuen eta besteen ahotan jarri ditudanak niri gogoak emandakoak direlako. Egia badu, baina zatikatuta, moldatuta eta terjibertsatuta dago fikzioaren mesedean.

1936ko Gerra Zibila hartu duzu testuinguru gisa, baina beste ikuspuntu batetik landu duzu.

36ko gerra itxi gabeko kapitulua da etxe gehienetan. Joan eta etorri egiten da gure galbahetik, periodikoki, mamua bezala. Desagertua da mamuari ondoen egokitzen zaion figura, desagertua hildakotzat jotzen den arren, ezin zaiolako agur esan, ezin da dolurik pasatu eta aurrera egin.

Beste hainbat gai ere landu dituzu bertan: familia, iragana, identitatea, etab.

Familia, iragana edo identitatea gure gizartearen oinarritzat ditugu. Tankera honetako lanei heltzen zaienean ekidin ezina da gai horien erreferentzia. Hain zuzen, gure habeak direlako, etengabe kuestionatu beharko genituzke.

Idazteko estiloari dagokionean, pertsonaia nagusia, hau da kontalaria, aitonari zuka zuzentzen zaio. Zergatik erabili duzu estilo hori?

Desagertua, hiltzat jotzen denean ere, bizirik dago, ez da sekula erabat joan. Gorpurik agertzen ez den bitartean, bada beti bizirik aurkitzeko itxaropena. Pertsonaia nagusiak edo kontalariak lotura berezia sentitu du aitona desagertuarekiko, hurbil sumatzen du, ondoan balu bezala, horregatik bilatzen du. Bestalde, deskubritzen dituen gauzak ezin ditu beste inorekin partekatu, ongi frogatu eta dokumentatu arte. Egiak aho biko ezpatak dira nobelan ageri den kontestuan: jakin nahi ditugula uste dugu, baina jakiteak oinaze ikaragarria sor dezake.

Horrelako kasuetan derrigorrez galdetzekoa iruditzen zait: gisa honetako beste proiekturik ba al duzu buruan? 

Beste nobelarik idatzi nahi ote dudan galdetzen ari bazara, goizegi da erantzuteko. Baina ibilitakoa ibilita, ez dut uste hemen geldituko naizenik. Leiho interesgarriak zabaldu dizkit literaturak. Molde horretan idazten jarraitu nahi nuke.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Deja tu Comentario