Danele Sarriugarte – Igartza Sariaren irabazlea
Danele Sarriugarte izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamabost urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamabi proiektu aurkeztu dira, eta Mamuak izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek.
Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Danele Sarriugarte Mochales izan da, Elgoibarren 1989an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Itzulpengintzan lizentziatua da Sarriugarte, eta elearazi.org webaren egilea. Haustura sentimental baten ondotik, harreman horren historia bergogoratzen duen emakume bat aurkezten digu nobela honek, indar ebokatzaile bereziz. Eleberriaz eta egileaz gehiago jakiteko, elkarrizketa bat egin diogu, behean eransten dizuguna. Ondo bidean 2014 urte hasieran kaleratuko da liburua.
Danele Sarriugarte:
“Helburu estetikoetarako, ezin hobea iruditzen
zait intentsitatea”
Zure izena berria egingo zaio irakurle askori, berria baitzara paperezko edizioetan. Nor da, labur esanda, Danele Sarriugarte?
23 urte, elgoibartarra, itzulpengintzan lizentziatua eta Elearazi itzulpen blogaren kudeatzaileetako bat.
Gazteentzako beka baten eskutik zatoz. Gustuko duzu beka eredu hori? Sariaren ondotik, orain liburua idazteko enkarguak zer dakarkizu: presioa, konfiantza…?
Hasten ari direnentzat iruditzen zait nahiko erosoa dela beka eredua, gehienetan pare bat ipuin edo eleberriaren hasiera besterik ez dituzulako eta beka jasotzeak bultzada handia ematen dizulako, edo are behartu ere lana burutzera. Oroz gain, argitaratzea ziurtatua dago. Bestalde ez irabaztekotan, ez da hain traumatikoa ere. Esango nuke kemen edo kuraia gutxiago behar dela lana sariketara aurkezteko eskuizkribua argitaletxera bidaltzeko baino. Presio eta bertigo apur bat sentitzen dut, bai, baina lanari heltzen noan heinean desagertzen joango dela uste dut.
“Mamuak” da zure lanaren izenburua, baina ez zabiltza literatura fantastikoan…
Ez, gizakion obsesioei buruz jardungo dut, askotan mamu hitzarekin egiten diegu erreferentzia neurosi errepikakor horiei. Nik Miren Agur Meaberen poema batetik hartu dut izenburua.
Pertsonaiaren obsesioetan barna ibiliko omen zara. Egilearen mamuentzako terapia bat da hori, ala edozein irakurlerekiko enpatia ere lortzeko bidea, ala…?
Egilea kezkatzen duten zenbait gairi irteera emateko modu bat da, eta esango nuke antzerako ardurak dituzten irakurleengan enpatia eragin dezakeela. Pertsonaiaren ikuspuntu apur bat muturrekoa konpartitzen ez dutenek, aldiz, baliteke bi orrialde irakurri ostean leihotik jaurtitzea.
Lehen nobela izanda, gehiegi biluzteko beldur zara, ala idazleak egia literarioa eta edertasuna blatu behar ditu, bestelakoez gehiegi arduratu gabe?
Lehenengoa izateaz gain asmatutako nobela ere bada, fikzioa. Nire bizipenekin loturak izan ditzakeen arren, kontatuko dudana ez da nire bizitza.
Ez duzu ekintzaz eta elkarrizketaz beteriko eleberria egiteko asmorik, ezta?
Ez, izan ere nire proiektuak eskatzen duen estiloa horixe delako, pertsonaiaren bakarrizketa da kontakizunaren ildo nagusia eta hor ezin elkarrizketa gehiegi sartu. Gainera, irakurleari soilik narratzailearen ikuspuntua helaraztea interesatzen zait, eta inguruan dabilzkion pertsonaien ahotsa sartzeak ikuspuntu bakar eta partzial horren lortzea zapuztuko luke.
Ez dira falta erreferentzia kulturalak ere, pertsonaiaren egunerokotasunaren parte inportante diren aldetik…
Bai, gainera pertsonaia obsesiboa sinegarriagoa egiteko lagungarriak gertatu daitezkeela uste dut.
Haustura mingarri baten harira harreman oso baten historia birgogoratzea oso ariketa normala izaten da; esan liteke, halere, eta intentsitate horrekin batez ere, ez ote den izaten ohikoagoa zuk dituzun baino urte gehixeagorekin…
Nik uste izateko moduarekin eta gauzei aurre egiteko erarekin lotuago dagoela adinarekin baino; hots, gauzei etengabe bueltak ematearena batzuek berezkoa dugula, intrintsekoa dela, nolabait esateko. Adin tarte desberdinetan gai desberdinei heltzen zaie, eta maitasun-harremanarena agian 23 baino beranduagokoa da, baina narratzailea ere zaharragoa da. Halaber, harreman hori aitzakia bat da, arketipo bat jendea errazago identifikatu dadin. Hainbat pertsonaren adabakiekin eraikiko da. Bestalde, intentsitatea gustuko ditudan zenbait autoreren ezaugarrietako bat da eta, egiatan benetako bizitzan egunero eta ordu oro horrelakoa izatea nekagarria eta osasunarentzako kaltegarria dela uste badut ere, helburu estetikoetarako ezin hobea iruditzen zait eta torlojuak apur bat estutuz lortu daiteke.
Itzulpengintza ikasi duzu, eta arlo horretan web oso interesgarria egiten duzu Garazi Arrularekin batera; azaldu iezaguzu zer den elearazi.org
Martxoaren hasieran abiatu genuen Garazi Arrulak eta biok elearazi webgunea, eta euskararako itzulpengintzaren inguruan hausnartzea, hausnarraraztea eta eztabaidatzea da blogarekin lortu nahi dugun helburua. Hutsune bat ikusten genuen eta hori betetzeko asmotan hasi ginen ideiari bueltak ematen. Besteak beste, euskaraz ez dauden autoreak ekartzen ditugu, hizkuntza, itzulpengintza eta literaturarekin lotutako hausnarketak plazaratzen ditugu eta baita gaian adituak direnak edo esateko zerbait dutenak elkarrizketatu ere. Ikus-entzunezkoen arloa ere jorratu dugu, azpidatzien aldeko apustua eginez eta euskaraz eskuragarri ez zeuden bideoak gurera ekarriz. Guretzat oso garrantzitsua da jendearen parte hartzea, hau da, iritziak, kritikak edo proposamenak jasotzea eta eztabaida eta elkarrizketa sustatzea. Alde horretatik poliki-poliki bagoaz aurrera baina noski, nahiko genuke jendea sarriago animatzea. Dena dela, orokorrean oso pozik gaude lanaren emaitzekin eta aurrera jarraitzeko gogoz gabiltza.
Eta nobela honetaz aparte, ze beste proiektu eta amets dituzu esku artean?
Lizentziatura amaitu ostean graduondokoari heltzea zen asmo nagusia, eta oraindik ere bada, nahiz eta apur bat atzeratu beharko dudan. Doktore-tesia idaztea litzateke “amets” behinena. Bestalde, elearazirekin jarraitzea, noski, eta akademikoki zein profesionalki baligarriak izan daitezkeen alorrak jorratzea, hizkuntzen maila hobetzea, kasu.
Noticias Relacionadas
- ← Novedades de la editorial Ttarttalo – Ttarttalo argitaletxeko nobedadeak
- Novedades de otoño de la editorial Txertoa →