El retrato de Dorian Gray – Oscar Wilde
Elkar aldizkari honetatik liburu bat gomendatzeko eskatu zidaten, eta aspaldion murgilduta nagoen lan-zurrunbilo honetan stop txiki bat egin eta pentsatzen jarri nintzen; azken bi urteotan irakurri ditudanen artean (memoriak atzeraxeago erabateko erreseta egina dauka aspaldi eta), baneuzkan bizpahiru gomendatzeko moduan, bata Amelie Nothombena Ni de Eva ni de Adan, bestea Murakamina Kafka en la Orilla eta nire kuttunenetako bat Oscar Wilden Dorian Grayren erretratua. Aukera horiek eginda bi gauzaz konturatu nintzen: batetik ez nintzela batere orijinala, aipatutako hiru horiek, dela egilea dela eleberria bera, dagoeneko beste batzuek gomendatuta zeudelako, eta bestetik aspaldi ez dudala euskarazko fikziorik irakurri. Barkaezina bata zein bestea!
Hala ere Oscar Wilden El retrato de Dorian Gray (The Picture of Dorian Gray – 1890) beti iruditzen zait gomendagarria eta beste titulu orijinalagoen ezean, horra hor nire proposamena.
Wilden bizitzaz eta izaeraz esanda daude mila hitz, esan dezagun eleberri honetan artearen, edertasunaren eta gizakiaren arimaren iluntasunaren inguruan zituen ikuspegiak daudela islatuta.
Eleberriko pertsonaia nagusiak, Dorian Grayk, edertasun fisikoa eta arimaren garbitasun osoa biltzen ditu bere baitan, edertasun garbienaren eredu ustelgabea da. Basil Hallward margolariak bere erretratua pintatu du, Dorian Grayren doai horiek inspiratuta bere arte-lan gorena burutu du. Lord Henry biktoriar garaiko gizarte britaniarraren gazte aberatsa da, errefinatua, eta bizitzaren sakontasun guztiak eta azal ugariak ondo ezagutzen ditu. Dorian Grayren gidari bihurtuko da eta gazte inmakulatuari bizitzaren aurpegi ilunenak erakutsiko dizkio. Dorianek, bere bidean, gero eta zauri sakonagoak eragindo ditu bere ingurukoengan, eta bere buruarengan ere, baina bere arima usteltzen, krudeltzen doan arren, bere edertasun fisikoak bere horretan dirau denboran, azaldu ezinezko misterio baten ondorioz. Bere erretratua baina, bizirik egongo da, aldatuz joango da, eta egindako guzti horien ispilu izango da; bere deformazioa, zaharkitzea eta ustelkeria aurpegiratuko dizkio Doriani hura begiratzen duen bakoitzean, bere arimaren benetako irudiaren ispilu izango balitz bezala.
Liburuan errealismoa eta fantasia nahasten dira, hori du niretzat ederrena, irudiz eta sinboloz betetako istorioa dela, gizakiaren ontasun eta maltzurtasunaren arteko betiko borrokari buruzkoa; baina ez zitaidan niri iruditu halako borondate moralizanterik duenik, kontrara, gizakia den bezalakoa agertzen du, bere kontresan guztiekin. Istorioaz aparte, liburua irakurtzeak merezi du Wilde maisuak duen estilo bikain eta zorrotzarengatik soilik, irakurtzearen plazer hutsarengatik bakarrik. Goza dezazuela!
Noticias Relacionadas
- ← Edurne Pasaban: “Markak haustea baino, bizimodua menditik ateratzea nuen helburu”
- Kutxa zaharrak liburuz gainezka →