Ertzeko zatiak – Jon Sarasua
Amak argia amatatzen zidanean nik ere esku-argia pizten nuen liluraturik ninduen irakurketa irensteko. Jon Sarasuaren “Ertzeko zatiak” lanarekin ordu txikiek harrapatu naute. Ordaina: begizuloak. Elkartruke lanak eraman du Ameriketara idazlea. Han izandako sentsazio eta gogoetak hemengoei bidali zizkien, eta taupada horiek dira liburuak agertzen dituenak. Bere begiek kontatzen dute, eta kontalari bikaina da, gero. Momentu batean Otañoren bertsoak ahopetzen hasi naiz:”Amerikara noa neure borondatez, hemen baino hobeto izateko ustez…”. Bizitzeko osterantzeko moduak, pentsaera ezberdinak, hausnarketa intimoak, poema zipriztinak… Idazleak sortzen dituen hitz-jolas eta irudiekin hara zaramatza, beste bizitza batzuetara. Irribarreak ihes egin dit, tristurak laioztu nau, hunkitu egin naiz, eta harritu ere bai. Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendukoekin (MST) izandako bizipen zertzelada luzeagoa egin du. Liluraturik gelditu ei zen eurekin, eta lilura horrek itsasgoratu egiten zaitu. Bizpahiru egun nahikoak izan dira irakurketa ahitzeko. Begizuloak desagertu dira gero.