Nora ez dakizun hori
Badira bi urte kaleratu zela baina Elkar liburu-dendatik liburu baten gomendioa egiteko eskatu zidatelarik, ez nuen bitan pentsatu, aspaldi honetan gehien liluratu nauen eleberria baita Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori. Oraindik irakurri ez baduzu, jar ezazu irakurri beharrekoen zerrendan, ez dut uste damutuko zaizunik. Nobela ireki eta Martin eta Elias ezagutuko dituzu aurrena, Nora eta Rosa gero, baina segidan konturatuko zara bi ixtorioak lotuta daudela, hortxe hasiko zara gozatzen gurutzatzen diren kontakizunak niri bezainbertze gustatzen bazaizkizu behintzat. Ixtorioak ongi gurutzatzea arte bat da halere, eta idazleak asmatu du horretan, horretan ere. Nola? Gertakariz gertakari saltoka ibiliz. Dotore eta maisuki eramaten zaitu batetik bertzera, bai denboran, orain aitzinera orain gibelera, bai espazioan, berdin Venezia zein Berlin, Bilbo edo Bagdad, qué barbaridad Bagdad. Zein da ordea, Martin-Elias eta Nora-Rosa bi bikoteen arteko harreman egiazkoa? Jakin-min horri segika irentsiko dituzu orriak bata bertzearen ondotik, eta bizitzarekin zein heriotzarekin eginen duzu topo. Baina ez zaitu bizimin eta tragediak bakarrik harrapatuko, nobela honek gehiago baitu ametsetik errealitatetik baino. Ipuinak kontatzen dituen nobela da, ezinezko ipuinak kontatzen dituena. Lehenbiziko orrietatik fantasiaren munduan sarraraziko zaitu idazleak, supituki baina era berean gozo, alfonbra magikoan hegan. Magiaz betetako mila eta bat ipuin daude eleberri honetan, eta guztiak daude xarmanki harilkatuta, baina hari horiek ez dira azkenera arte erabat lotuko. Bidean banpiroen haginkaden odol-zaporea dastatuko duzu, magoa, sorgina eta arima erosten duten aingeruak ezagutuko dituzu, eta likantropoa; likantropoa, otso ehiztariak eta otsoekin korrika ibiltzen diren emakumeak, azken finean Clarisa Pinkola Estes psikoanalista bere liburu entzutetsuan nola, hala saiatzen baita Irati Jimenez ere pertsonaia bakoitzaren arimaren benetako izaera kausitzen. Izaera horrekiko fidela izateak ematen ei digu guztioi indarra, eta hala gertatzen zaie Martini eta Norari ere, hiriz-hiri ibili arren, euren barrura egiten duten bidaia da nobela hau funtsean, eta bidaia horretan aurkitzen dutenarekin leial izanda bakarrik erdiesten dute elkarrengana hurbiltzeko indarra aingeruari arima saldu dion argazkilariak eta irrati-erratari banpiroak. Berriz ere ipuinetan sinesteko liburua da Nora ez dakizun hori, ez da opari ttikia.
Noticias Relacionadas
- ← Goiatz Landaribar: Tren-geltokiak eta Europako hiriak, Igartza sariaren protagonistak
- Pueblos amurallados Guardianes de piedra →