Amagoia Mujika: “Pailazoen mundura sartu-irten bat da liburuak proposatzen duena”

Amagoia MujikaSentitu, pentsatu, ekin!Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 25 urte beteko dituzte aurten, eta hori ospatzeko, Sentitu, pentsatu, ekin! helduentzako liburua eta haurrei zuzendutako DVDa kaleratuko dituzte. Amagoia Mujika kazetaria bidai lagun izan da lan honetan pailazoekin batera, beregana jo dugu nondik norakoak jakiteko.

Zer aurkituko du irakurleak Sentitu, pentsatu, ekin…! lanean?

Pailazoen mundura sartu-irten bat da liburuak proposatzen duena. 25 urte asko dira berez, eta gehiago pailazoek bezala momentu bakoitza hain modu bizian bizitzen denean. Niregana hurbildu ziren urteurren berezi horretan zerbait egin nahi zutela-eta. Ez zekiten oso ondo zer nahi zuten, baina bazekiten zer ez zuten nahi. Ez zuten errepaso historikorik edo kontaketa kronologikorik nahi. Beste zerbait nahi zuten. Eta horrela abiatu ginen, nora iritsiko ginen oso ondo jakin gabe.

Pailazoak sudur gorririk gabe ezagutzen dituzunean, aurpegiko margorik gabe, azkar konturatzen zara zenbat jakintza pilatu duten, zenbat kolore, ze modu berezian begiratzen dioten inguratzen dituen munduari. Erabat ez dute inoiz eranzten sudur gorria, beti sumatzen zaie haren marka. Badute dena iragazki berezi batetik pasatzeko joera. Hori ez da erabat berezkoa. Urteotan jende asko ezagutu dute, istorio asko kontatu dizkiete, min askoren berri jaso dute, hutsune ugariren detaileak ezagutu dituzte, pozak ere partekatu dituzte… lagun asko egin dituzte. Beti esaten dute egin dituzten lagunen kolorekoak direla, eta egia da hori. Kolore horiek jasotzen ditu liburuak, lagunengandik jaso dituzten irakaspenak biltzen ditu.

Hasi zireneko gogoetak eta hausnarketak; Hik Hasiko lagunekin batera nola joan diren hazten; nola ikasi duten gaixo dagoen haurrari begietara begiratzen; zein garrantzia daukan musikak edonoren bizitzan; nola bizi den aitatasuna eta amatasuna kartzelaren inguruan; Gorritik betirako ume izatea nola erabaki duen; nola bizitza batzuk motzegiak diren, baina politak; gaztetxeetako suaren beharra; elkartasuna izan daitekeela gizarte bat eraikitzeko zutabe; gorrotatua sentitzeak nola mugitzen dizun barrena…

Hizketaldi luzeetatik ateratako koloreak biltzen saiatzen da liburua. Pailazoen mundu ikuskera laburbiltzen saiatzen da. 

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburuak haurrei zuzenduta izaten dira, baina kasu honetan, nori zuzendutako lana da?

Helduentzako liburu bat da, baina ez dakit esaten oso ondo zein heldu motari zuzenduta dagoen. Polita izan da bidea, ez baitugu izan buruan norentzat ari ginen. Gehiago izan dugu buruan zer egin nahi genuen, zer kontatu nahi genuen. Nori gusta dakioken? Ba hori asmatzea ez da erraza, baina munduari emozioetatik begiratu nahi duena izan daiteke hartzaile. Pailazoek beren lagunen koloreak bereganatu dituzte, eta lagun horietako asko haurrak dira. Bitxia da haurrena, ze txikiak izanagatik, artean urte gutxi bizitu badira ere, asko dakite bizitzaz. Haurrek badakite zeintzuk diren benetan garrantzia duten gauzak. Pailazoek mundu ikuskera hori bere egin dute. Euskaratik, alaitasunetik, herrigintzatik, elkartasunetik, maitasunetik herri bat eraiki daitekeela sinisten duenarentzat izan daiteke liburua. Edo besterik gabe, pailazoen atzean zer dagoen jakin nahi duenarentzat.

Liburuak atal konkretu batzuk ditu. Zein irizpide jarraitu dituzu gisa honetara antolatzeko?

Hizketan orduak eta orduak eman ondoren, pertsonak, bizipenak, ikaspenak ordenatzeko ahalegin batean antolatu genituen kapituluak. Gauza asko geratu dira kanpoan hala ere, baina gutxi edo gehiago pailazoen balioak, zutabeak biltzen saiatu gara kapituluetan. Hasieran, Aiora, Mertxe eta Joxe Mariren profil bana dago. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen baitan dagoen pertsonari buruzko zenbait detaile jasotzen dituzte hasierako kapituluok. Polita izan da Aiorak, Mertxek eta Joxe Marik ibili duten bidearen berri jasotzea.

Ondotik datoz kapituluak eta kolaborazioak tartekatuta. Kapitulu guztien hasieran argazki bat dago, gaiari lotutakoa. Argazkiek gauza asko kontatzen dituzte, hitzen beharrik gabe egiten dute hizketan irudiek. Parte garrantzitsua dira. Testuari dagokionez, beti abiatzen da gertaera edo egoera jakin batetik. Pailazoen memorian gordetako gertaerak dira. Liburuan esaten dudan bezala, tripako memorian jasotakoak dira, sentimenduak eta emozioak jasotzen dituen memoria horretan. Nolabait gertaera horiek gogoeta bat sortu dute, hausnarketa pausatu bat eragin dute, eta pailazoen mundu ikuskeraren parte bihurtu dira. Hori izan da asmoa. Zer ikasi dute minbizia duten haurrekin eta haien gurasoekin? Zer erakutsi die Gorritik? Nola altxatu ziren lurretik boikotaren zangotrabatua eta gero? Zergatik pasatzen dituzte orduak ikuskizuna bukatu eta muxuak banatzen?

Hainbat kolaboratzailek parte hartu du liburuan. Zeintzuk?

Ez da batere erraza izan aukeraketa. Ez ez zegoelako non aukeratu, parte hartu zezaketen asko eta asko kanpoan utzi behar izan ditugulako baizik. Izan ere, azken urteotan pailazoek kolaborazio mordoa izan dituzte beren lanetan, eta oso jende interesgarria ekarri dute beren mundura. Beren abestien errepasoa egin besterik ez dago horrekin konturatzeko. Kolaborazioak nori eskatu bazegoen beraz. Eta aukeraketa bat egin da gaiaren arabera.

Josu Martinezek haurra zeneko gertaera batetik abiatu eta pailazoekin daukan harremana kontatzen du. Oso istorio polita da, pailazoek askotan kontatzen dutena, eta erabaki genuen Josuri berak kontatzeko eskatzea. Unai Muñoa bertsolaria hezkuntza emozionalaren garrantziaz aritu da bere kolaborazioan. Hezkuntza arautuan dabil bertso irakasle eta egungo haurrak etorkizuneko helduak direla ondo gogoan hartuta egiten du lan, emozioetatik hezituz. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak “Txikitzen zaretenean” testu zoragarria idatzi du. Uxue pailazoen ondo ondoan dabil azkenaldian, erabat beren munduan murgilduta, eta ekarpen oso interesgarriak ditu egiteko. Arantxa Urbe Hik Hasiko kidea da eta aspaldidanik ezagutzen ditu pailazoak, inork gutxik ezagutzen zituen garaitik. Hazten ikusi ditu eta badauka zer kontatu. Jon Maiak “Abuela Maria Luisa” abestiaren atzean dagoen errealitateari buruz hitz egiten du. Oso abesti berezia da, egitakoa eta barrutik sortua. Pablo Barriok, Lasarte-Oriako alkateak, pailazoak sortu zirenean berena nolako herria zen kontatzen du, nola euskara ixil-ixilik zebilen. Euskararentzat sortu ziren pailazoak handitzen joan diren neurrian euskaldundu da Lasarte-Oria. Koldo Campos idazlearen testu bat ere jasotzen du liburuak. Behin pailazoen emanaldi batetik bueltan idatzi zuen testu bat da, gazteleraz idatzia eta hala jasoa, hizkuntzaren gainetik dauden sentimenduei buruz ari delako. Eta azkenik Lorea Agirre Sorgunea ikertegiko kideak Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren berri ematen du, aurrera begirako asmorik eta erronkarik falta ez zaien seinale. Egia esan, kolaborazio potoloak dira denak, luxuzkoak.

Ibilbidea hasi zutenean zuten filosofia eta orain dutena berdina al da? Zein izan da euren eboluzioa?

Hasi zuten bide berdinetik jarraitzen dute, baina bidean balioak, emozioak, koloreak pilatzen joan dira. Hasi zirenean euskara eta alaitasuna zituzten zutabe, ez direla oinarri makalak. Haurrei euskaratik eta euskaraz barre egiteko aukerak eskaini nahi zizkieten. Baina segituan hasi ziren bestelako baloreak pilatzen. Umorea, alaitasuna, bizitzeko modu bat dela esaterako. Umorea ez baita algara ozen bat edo bat-batean piztutako irri zabal bat. Hori ere bada, baina umorea egunero etxetik ateratzerako janzten den betaurreko parea da. Bizitzan urteak pilatzea baino garrantzitsuagoa dela abenturak bizitzea. Hori bere lagun txiki ausartei ikasi diete. Pozak eta tristurak hobeak direla lagunekin partekatzen direnean. Kolore askotako familiak daudela. Munduko toki guztietan haurrak jolasa beharrezko duela, arnasa hartzea bezainbeste. Gorrotoa bere azalean sufritzen duenak gorrotoa sentitzeari uzten diola… Gauza asko pilatu dituzte. Egun baterako sortu zen pailazo taldeak bide izugarria egin du. Ingurura begiratu, lagun onekin inguratu eta haien onena bere egin du. Eta mundu ikuskera oso bat eraiki dute bidean ikasi dutenarekin. Hala ere, abiatu ziren bide berdinetik segitzen dute, euskara, alaitasuna eta herrigintza dira oraindik haien norabidea agintzen dutenak. Eta ez dut uste hori ahaztuko dutenik, izan ere behin eta berriz geratzen dira bidean eta beren buruari gogorarazten diote zertarako eta zergatik sortu ziren.

Liburua idatzi ostean, pailazo hauen 25 urte hauetako zerk eman dizu atentzioa gehien?

Lanerako modua berezia izan da, emanaldietara bidean eta bueltan egindako solasaldietatik sortu da liburua. Harritu egin naiz zenbat lagun dituzten toki guztietan, eta nola akordatzen diren lagun horien izenekin eta istorioekin. Aldageletan jendearen joan-etorria dezentekoa izaten da. Hantxe, janzten eta margotzen ari diren bitartean etortzen zaizkie lagunak agurtzera, eta pailazoak beti hartzen dituzte besoak zabalik. Zenbat izen, zenbat istorio, zenbat gertaera triste askotan… eta denentzat daukate hitz goxo bat, sinatutako marrazki bat, oparitxoren bat, bideo bat gaixo dagoen haur horrentzat egina… Pailazoena ez da lanbide bat, bizimodu bat da. Eta hala sentitzen dute haiek. Horrek atentzioa eman dit.

Eta bestetik, harritu egiten nau etengabe proiektu berriak, erronka berriak sortzeko daukaten gaitasunak. Zerbait egiteko beharra edo bulkada sentitzen badute, seguru egon egin egingo dutela. Sentitu, pentsatu eta ekin. Hori bai, pentsatzeko tartean aholkulari eta kolaboratzaile oso onekin inguratzen dira, egin behar dutena ondo egitea gustatzen zaielako. Sekulako ilusioa daukate, eta hori da beren motorra.

Hainbeste bizipen dituzten pailazoen gertaerak nola biltzen dira liburu batean?

Ba ez da batere erraza izan. Gauza asko geratu dira kanpoan, eta penaz bizi dute hori pailazoek, bizipen horiek oso barruan sentitzen dituztelako. Gainera, oso umilak dira eta beti iruditzen zaie gehiegi hitz egiten dela haiei buruz, baita liburua beraiei buruzkoa denean ere. Baina aukeratu beharra zegoen, eta horretan saiatu gara. Niretzat oso polita izan da bidearen parte bat beren ondoan ibiltzea.

 DVDa

Sentitu, pentsatu, ekin! helduentzako liburuaren barruan, etxeko gaztetxoentzako 25 urtez zuekin izeneko DVDa dago. Bertan, 25 bideoklip, Zorionak amona! eta Sentitu, pentsatu, ekin, Gorritirekin bideoak aurki daitezke.

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario