EUSKAL HERRIA ZUZENEAN, AURTENGO ‘PROIEKTUARI ELKAR SARIA’

elkar Fundazioak gaur goizean egindako agerraldian jakitera eman duenez, 2019ko Proiektuari elkar saria Euskal Herria Zuzenean ekimenari ematea erabaki du.

2016tik banatzen diren elkar sariak aurten maiatzaren 9an banatuko dira Andoaingo Bastero kulturgunean. Gaurko agerraldian, bertan emango den sarietako bat aurkeztu da, Proiektuari elkar saria. Sari hau bi urtetik behin ematen da, Joseba Jaka bekarekin txandaka; 10.000 eurokoa da, eta bere helburua, sortzear dagoen edo jada martxan dagoen ekimen bati laguntza ematea da, proiektua gauzatzen laguntzeko.

Zergaitik saria Euskal Herria Zuzenean ekimenari? 

Joxe Mari Sors, elkar Fundazioko lehendakariak esan duenez, Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia egiten den ekimena da. Musikatik abiatutako jaialdia da, nahiz eta kultur adierazpide anitza eta aberatsa osatzera jotzen duen. Bereziki saiatzen da euskal musikari behar duen lekua eta duintasuna ematen.

Gazteen ekimenez gauzatzen den jaialdia da, eta hura gauzatzeko ezinbesteko dira taldelana zein elkarlana, eta bi balore horiek indartzen ditu: taldelana taldean egiten delako, lanerako prest dauden kultur zaleen indarrak bilduz; elkarlana, inguruko beste eragileekin batera aritzeko ahalegin etengabean egiten dutelako, herriko gainerako eragileak ere bilduaz ekimenera. 

(Irakurri +)