Jose Inazio Basterretxea, erretagoardiako epika txikiaz

Azken tranbiaren itzala argitaratu berri du Jose Inazio Basterretxea Polok (Galdakao, 1959), 36-39ko gerran kokaturiko istorioa, baina hainbat berezitasun badituena, kontamolde abilez eta esku dotorez idatzia.

Gerra zibilean girotutako istorio bat; halakoxea zen aurrekoa ere, Mandatariaren gerra. Gaiak askorako ematen duen seinale?

Testuinguru interesgarria ematen du gerrak, lekutze bat eta datatze bat. Eleberriaren gaia ez da gerra, hori baino humanoagoa da gaia. Istorio hurbil bat kontatzen dut. Denbora kronologikoan, 1938an datatua. Denbora mentalean, etxe guztietan gutxi-asko aipatu-edo den gerra zibilean kokatua. Mandatariaren gerra bera ere horrelaxe zegoen girotuta: gerran. Hark harreman gehiago zuen frontearekin, honek gehiago erretagoardiarekin. Bi eleberriren artean, halere, badira keinuak, batetik bestera igortzen gaituztenak. Egoera larrietara eramaten ditu gerra batek pertsonak, gerraren egoera latzak asko erakusten du giza harremanak nolakoak diren. Halabeharra beti dago presente bizitzan eta, nola ez, gerran.

Erretagoardiakoen lan zikinak, mugimendu ekonomikoak eta halakoak kontatzeak badu originaltasunik. ?

Gerra, guda-oinetako gerra hori, frontean garatzen den gerra hori izugarria da: odola, gaixotasuna… Badu, bestalde, epika handi bat: horra hor gerrei buruz egin diren filmak, produkzio erraldoiak, askotan arrakastatsuak. Ez da hor gerra bukatzen, frontean alegia. Eta nago erretagoardia bera, frontearen atzealde hori, ongi sufritua dela gerra guztietan. Eta, normalean, epika askorik gabe baztertzen da atzealdeko gerra hori. Monumentu gutxi egin zaizkio erretagoardiari. Erretagoardia horretan, lan miserable eta egoera miserable askotxo daude, gerra orotan. Protagonistak heroi bihurtzera eraman zaitzake fronteko epika handiak; erretagoardiak, aldiz, protagonistak lantzera, giza alderdia azaleratzera; heroiak baino gehiago, buztinezko pertsonaiak dauzkazu eskura; ez dute tiroa saihestu behar, bizitza bera behar dute saihestu!

Bestalde, errepublikarren eta abertzaleen bandoa erretratatu ordez, frankistengan ipini duzu begirada.

Agian, epika handiaren parte handiena frankistengan ainguratu dut. Baina, badira pasarteak, epika handi horretan, abertzale eta errepublikazaleei dagozkienak: Frantzian kokaturik deskribatzen den enkontru armatuan, antifaxistak dira lehen mailako protagonista. Baina, bai, asko hitz egiten da frankistei buruz nobelan, asko dago-eta haiei buruz esateko. Beste bandoa, errepublikari leial izan zena da epika txikiaren protagonista handia, erretagoardiako epika txikiaren protagonista handia…

Gerra garaiko intrahistoria agertu duzu, euskal herri bateko familia xume bat protagonista koral moduan hartuz… ?

Hor dago epika txikiaren protagonista handien atala. Erretagoardia zerbait baldin bada da familia. Izango dira fabrikak, batailoien joan-etorriak, buruzagitza eta lehendakaritzaren aginduak, errekrutamendua, polizia han eta hemen… baina, erretagoardia da jendea, familia, eta beldurra, izua, askoren menpe egon beharra, desinformazioa, ezinegona… Eleberri bat eraikitzeko, mintegi aproposa. Ez dut gerra/gerraostea kontatu nahi izan historia-liburuetan konta daitekeen moduan. Etxe batek gerraoste malapartatu bat nola bizi izan duen baino. Gerraosteak, sarritan, gerrak baino latzagoak dira. Eta, halakotzat dut gerra zibil espainiarrak utzi zuena gure herrian.

Dokumentazioa eta ametsa

Zenbat dago hemen artxibo-lanetik, zenbat etxean jasotako istorioetatik?

Gertakari xume bat dago nobelaren abiapuntuan, eleberrian pieza laburra da, segundo bat. Segundo hori da etxean jasoa, eta historikoa da segundo hori. Gainerakoak, gertakari hori osatzeko lanak, bi iturri izan ditu: artxiboa (Arteakoa, Bizkaiko Diputazioarenak eta Elizarenak) eta ametsa, fikzioa. Etxean entzundako apurraren gainean, kalean entzundako apurraren gainean, eta almohadak sortutako askoren gainean eraikitako narrazioa da eleberri hau. Eleberriaren orpoa amona bat da, Maria eleberrian. Horren inguruan antolatzen da narrazioa, modu kontzentrikoan nahi baldin bada. Ez da askorik hitz egin gure etxean gerrari buruz… Berezi xamarra izan da gurean gerra, frontearen alde biak ezagutu ditugu-eta. Gutxi hitz egin da, baina pintzelada batzuk entzun izan ditugu umetan: bazkarietan eta telebistarik gabeko gauetan; baita gerora ere, nagusiagotan. Pintzelada horiek nahikoa izan dira orain fikzioaren makinari eragiteko, eleberria abian jartzeko. Bestela esanda, sentimentalki, asko du eleberriak etxean edandakotik. Historikoki, gutxi.

Hasieratik sumatzen du irakurleak bi hari horiek topo egingo dutela, baina hala ere tentsio dramatikoari eusten asmatu duzu.

Sentipen bat transmititu nahi izan dut eleberrian, eta da halabeharrarena. Irakurlearengan erreflexio bat eragin nahi nuen halabeharrari buruz, heriotzari eta bizitzari buruz, eta oparitu, irakurleari oparitu nahi nion testu gozo bat, ongi korritzen duena. Bi hariek, bi istorioek asko lagundu didate ehuntze-lan horretan. Izan da tranbiaren errail bikoitza legez, bi-biak behar ditu atoiak aurrera egiteko, baten faltan lokomotora trabatu eta konboiak deskarrilatu egingo du. Nik ere errail bi behar nituen eleberri homozentriko hau eraikitzeko: bi istorio, baina zentro bakarra; saihestezina den zerbait dago zentroan, eta haren inguruan kateatzen dira bi hariak.

Bestalde, pertsonaia bat dago, gaur egun, historia zahar hura berreraikitzen: idazlearen figura bera?

Bai. Nolabaiteko narradorea da, baina, era berean, pertsonaia ere bada nobelan. Berak desenkadenatzen du eleberria, bera dela medio aktibatzen dira erresorte narratiboak… baina, era berean, berak bere istorio propioa bizi du, batetik eleberriaren orpo den historiarekiko, iraganarekiko; eta, bestetik, presentearekiko, bere maitasun-istorio propioa hor dago-eta.

Irakurketan, oso nabarmena egiten da zure hizkera jaso, dotorea. Ahalegin kontziente bat egin duzu edo…?

Ez da inprobisazioa. Elementu askoren gehiketa da eleberria: argumentu bat, pertsonaia batzuk, narrazioaren kudeaketa egoki bat… eta, oinarrian, testu bat, diskurtso idatzia. Atsegin dut gauzak “polito” esatea, baina kargatu ?barik, testuak ondo korritu behar du; bestela, arriskuan egon baitaiteke irakurlearekiko harremana.

Pasarte laburren teknika darabilzu: hari batetik bestera iraganez, jauzika…

Teknika interesgarria iruditzen zait. Batetik, tentsio narratiboari eusteko baliagarria dela uste dut; eta, bestetik, bide bat da irakurlea traba ez dadin istorio handiaren pasarte txiki batean. Esan nahi dut: irakurleak badaki istorioak baduela jarraipena, etorriko dela orriek aurrera egin ahala planteatu zaion galderaren erantzuna, baina, bitartean, beste gauza batzuk kontatuko zaizkio, eta kontatzen zaizkion horiek, era berean, istorio handiarekin lotuta daude, istorio handia eraikitzen laguntzen dute. Zinemak asko landu du perspektiba hori. Atsegina zait, lantresna moduan.

Gerra hartan girotutako eleberri gehiago etor litezke, ala beste gai batzuetara aldatzeko asmoz zabiltza?

Ikusiko dugu…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina