Euriak eta behe lanbroak umeldutako poema sorta bat argitaratu berri du Fertxu Izquierdok Pamielarekin: Gari errearen urrina. Sinbolismo handiko lana da, bizitzaren edertasunari zein haren ilunari mintzo zaiena, bi-biei. (Irakurri +)
Forma eta ahots berri batez jantzita, baina, ohi duen gisan, gogoeta pizten duen lan batekin itzuli da literaturara Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) idazle eta bertsolaria. Zaldi bat (Txalaparta) nobelan, heriotza, dolua, memoria, laguntasuna eta amatasuna bezalako gaiak jorratu ditu. Eta, horiek guztiak zeharkatzen, zaldi bat; grisa, marroia baino gehiago.
Apuntatu izena: Amaia Gurbindo (Burlata, 1998). Agatha Christieren nobela entzutetsua itzuli du, eta lan horren emaitza da Hilketa bat iragartzen da eleberria, Igela argitaletxearen eskutik.
Agatha Christie zalea zara?
Bai, etxean beti izan dira oso zaleak, eta beti izan ditut inguruan Christieren liburuak. Dena dela, aitortuko dut orain askoz hurbilagotik ezagutu dudala haren lana. Beste modu batean begiratu diot, bai Christieri, bai haren lanari.
Nola iritsi zitzaizun liburua itzultzeko gonbita?
Liburua itzultzeko proposamena bi lankidek egin zidaten, Itziarrek eta Xabierrek.
Izenburuak aurreratzen digun bezala hilketa bat iragarri da. Iragarkiaren arabera, gainera, ordua eta lekua ere jakinekoak dira. Hortik aurrera, zer?
Herriko biztanleek iragarkia egunkarian ikusten dutenean, ez dute serio hartzen: uste dute jai moduko bat izango dela, edo jolas moduko bat. Halere, hilketa benetan gertatzen da, eta ustezko jai horretan zeuden guztiak bilakatzen dira susmagarri. Gezur txikiak, iragana… oso argia zirudien hori ilun bilakatzen da.
Itzuli duzun lehen eleberria da. Nola sentitu zara prozesuan?
Oso berezia izan da. Literatura itzultzea interesgarria da, patxadaz hartu beharreko lana. Esan bezala, polita izan da Christie hurbilagotik ezagutzea, baina ardura puntutxo bat ere izan dut. Haren tonua, erritmoa, hitz-jokoak… euskarara ekartzea puzzle bat osatzearen antzekoa izan da. Irakurleari atsegina egingo zaion irakurgaia osatzen saiatu naiz, baina Christieren berezitasunak ezabatu gabe.
Zein da, zure iritziz, itzulpen on baten gakoa?
Tira, galdera horrek ez du erantzun zuzen bakarra, itzulpen on mota asko egoten ahal da. Dena den, kasu honetan eta nire ustez, itzulpen on batek mezuari begiratu behar dio, testuaren zentzuari, istorioak esan nahi duenari. Kulturen eta garaien arteko zubia egitea ere garrantzitsua iruditzen zait, hartzailea istorioan murgildu dadin eta jatorrizko lanaren testuingurua ulertu dezan. Horrez gain, uste dut askotan itzulpengintza lanbide bakartitzat hartzen dugula, baina ez duela zertan hala izan. Itzulpena ahalik eta txukunena izan dadin, galdetu egin behar da: beste itzultzaile batzuei, gai bati edo besteari buruzko ezagutzak dituztenei… Zalantzak komentatzeak edo hurbilekoei iritzia eskatzeak asko aberasten du itzulpena.
50 urte bete berri dira nobela beltzaren dama britaniarraren hil zenetik. Zer nabarmenduko zenuke haren idazkeratik?
Christieren idazkera berezia da, sinplea dela pentsatzen ahal dugulako. Elkarrizketa asko du, esaldi ez oso luzeak… Baina ageriko sinpletasun horretan, irakurleak lerro artean irakurtzen jakin behar du. Izan ere, Christiek garrantzia ematen dio idatzita dagoen horri, baina baita idatzita ez dagoenari ere. Itxuraz espontaneoa da, liburuan egunerokotasuna da nagusi, istorioa herri batean eta bertako etxe eta inguruetan gertatzen baita. Hala ere, dena oso neurtuta dago; ez da kasualitatea zer, non eta nori esaten zaion.
Zeintzuk dira itzultzea gustatuko litzaizkizukeen beste egileak?
Tira, Agatha Christieren beste lan bat itzultzea bikaina litzateke, baina beste lan motaren bat egitea ere gustatuko litzaidake. Haur eta gazte literatura, antzerkia… aukera asko dago. Egia esateko, gustatuko litzaidake ahots propioa duten idazleak itzultzea, hau da, idatzitakoaren bidez helarazitakoa erakargarria izan dadila irakurleentzat, eta aldi berean erraz identifikatzekoa, testuaren formarengatik eta islatutako ideiengatik.
‘Azken batean‘ (Erein, 2025) eleberrian, Lourdes Oñederrak memoriaz, isiltasunez eta galeraz osatutako lurralde narratibo konplexua eraiki du.
Elisa eta Elisabete ama-alaben arteko harremana da kontakizunaren ardatz nagusia: urruntzeek eta esan gabe geratutakoek markatutako lotura bat, denborak eta bizipenek higatua. Harreman intimo horretatik abiatuta, nobelak memoria pertsonala eta kolektiboa uztartzen ditu, kontatu ezin diren baina ezinbestean kontatu beharreko esperientzien gainean gogoeta eginez. Eleberriak emakumeok jasandako indarkeria sexualaren arrastoak jartzen ditu agerian, baita indarkeria politikoaren zentzugabekeria ere, Ixa pertsonaiaren bidez irudikatuta. Halaber, ama-alabek galdutako maitasunen gaineko kontakizun garratz bat dugu. Oñederraren idazkerak ez du linealtasuna bilatzen: atzera begirako jauziek, oroitzapenen zatikatzeak eta isiluneek egituratzen dute kontakizuna.
Nobelak ez du, moldeari dagokionez, narrazioaren linealtasuna xede, etengabeak dira atzera begirako jauziak. Memoriaren berreskurapena ezinbestekoa zaio Elisa amari, ezin dira historia orokorra eta pertsonala ahaztu eta aldi berean ezin dena kontatu.
Halaxe da. Oroitzapenak ez dira beti lineal eta ordenatuak izaten. Bestalde, nobelaren atal gehienak (azkena ez beste) egun bakar batean gertatzen dira… eta bi emakumeen buruan egun horretan zehar azaltzen dena puskaka jasotzen da.
Nobelako protagonista nagusi diren Elisa-Elisabete ama-alaben arteko lotura urruntze eta isiltasunen bidez eraikitzen da. Baina soinu banda zehatz bat ere erabiltzen duzu protagonisten arteko distantzia laburtzeko: Emmylou Harris, Leonard Cohen, Matraca Berg…
Autore eta kantari horiek alabarenak dira… joan denarenak. Amaz pentsarazten diote edo narratzaileak hala uste du behintzat kasuren batean.
Ixa pertsonaia maltzurkeriaren isla gisa ulertu daiteke? Abusu sexualen protagonista eta, halaber, indarkeria politikoaren zentzugabekeriaren pertsonalizazioa.
Gaizkiaren karga bereganatzen duen pertsonaia da, bai; eskematiko samar geratu da agian, kanpotik kontatzen delako bera, besteengan izan duen errainua da sakonetik ikusten dena. Bestalde, intentzio politikodun indarkeria, bai, berak dakar Elisaren mundu txikira.
Estiloari dagokionez, sintaxiaren gardentasuna bilatu duzu.
Estiloan, eta bestela ere, ahal izan dudana egin dut. Ez dut aukeratzen nola idatzi fikziozko lanetan. Idazteko balio didana datorkidanean, harrapatzen saiatzen naiz, hondartzan olatuak bezala.
“… Emandako minak / hartutako oinazeak” liburua zabaltzen duen poemaren azken lerroek bultzatu al zintuzten istorio hau kontatzera?
Poema edo dena delako hori nobela idatzi ahala joan nintzen osatzen.
Silueta (Susa, 2025), idatzi gabeko nobelaren kritika bilduma ondu du Harkaitz Cano idazleak. (Irakurri +)
Aldez aurretik ere erne begiratua zion zahartzaroari Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), kritiko, eta urteotako nobeletan ere bistaratu izan du hari buruzko gogoetarik. Orain, ordea, diferente aritu da, ideiok «fikzioz mozorrotu gabe». Zahartzaroaren maparen bila saiakera eman du, Pamielarekin. (Irakurri +)





