Fermin Muguruza: “Oso argi daukat, Iruñeko kontzertua bukatzen dudanean bukatzen dut”

Aurkezpenik behar ez duen euskal eszenako pertsona horietako bat da Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963). Irungo Moskun jaioa eta hazia, Euskal Herriko zein nazioarteko oholtzak astindu ditu, eta beti beti, diskurtso politiko indartsuz jantzi du bere musika. 1984ko ekainaren 20an kaleratu zuen Kortatuk lehen LPa, eta hilabete geroago jo zuen lehen kontzertua Oreretan. Ordutik zenbatezinak dira zuzenekoak, kantuak eta ekimenak. FM 40 urte biran buru-belarri murgilduta dabil orain, eta etxean pasa dituen egun bakanetako baten egin dugu hitzordua. Lehengoaz, oraingoaz, eta aurretik den bideaz mintzatu gara musikariarekin.

Irungo La Juanita jatetxean egin dugu hitzordua, zure herrian. Zergatik hemen?

Irungo Meaka auzoan gaude,  Moskutik oso gertu; hau da Irungo birika eta nekazari zonaldea. Eraikin hau lehen eskola publikoa zen, eta orain jatetxe bihurtu dute. Hemen, La Juanitan, ospatu nuen nire 60. urtemuga.

2023ko apirilaren 20an egin zenuen ospakizun hori. Eta 61 urte bete zenituen egunean iragarri zenuen FMuguruza. 1984-2024  kontzertua Bilbao Arenan. Hori izan zen bira honen abiapuntua..

Lehenago nik egin nahi nuena kontzertu bat zen, Bilbon, Iñigo anaiaren urtebetetzearen inguruan (abenduak 17). Sarreren salmenta zoramena izan zen, eta bigarrena iragarri nuen. Esan nuen: bi egingo ditut, kito. Baina… agindu nion sarrerarik gabe geratu zen jendeari proposamen bat egingo nuela guztiok joan ahal izateko.

Proposamen hori hogei kontzertutik gorako bira bilakatu da… baina, ez zenuen argi.

Bira hau bost urteko prozesu bat izan da, eta ezinbestekoak izan dira zenbait lagunen animoak, besarkadak, bultzada eta berotasuna…  nik ja ez nuen nire burua ikusten. Iñigoren heriotza oso kolpe latza izan zen, eta pandemia etorri zen ondoren. Nik kontzertuena nahiko baztertuta neukan, eta ez nintzen eroso sentitzen.

Eta zer gertatu zen urratsa eman zenezan?

Zaballako kartzelan egon nintzen abesten Des-kontrol taldearekin, eta presoek esaten zidaten: “Egin beharko duzu zerbait, mundu guztia dago inbidiak jota hemen egiten duzulako eta kanpoan ez”. Hor hasi nintzen bueltaka Kortaturen lehen maketa argitaratu genuenetik 40 urte bete zirela 2024ko ekainaren 20an, eta lehen kontzertua Oreretan jo genuela uztailaren 19an. Garai horretan, gainera, errepresioa jasan nuen beste behin: Valentzian nire omenez egindako mural bat zentsuratu zuten, Itziar Ituño jazarri zuten niri sari bat eskaintzeagatik… jazarpen olatu berriaren ostean esan nuen: begiratu, nire urtebetetzea  apirilaren 20an da, 61 urte egingo ditut… 61 urte eta segi aurrera.

Bilboko emanaldi bikoitzaren ondoren Tenerife, Bartzelona eta Madril bisitatu dituzu dagoeneko.

Niretzat polita da esatea afrikar lurraldean hasi garela, azken finean hori da Tenerife. Bira honetan egiten ari naizena da berbisitatzea lehenago bisitatu izan ditudan tokiak. Hurrengo kolpe handia Palau Sant Jordi izan da, eta hori hitz handiak dira. Betetzea izan da ikaragarria. Etorri ginen sekulako indarrarekin, eta… hurrengo asaltoa: Madril.

Madrilekoaren kasuan… begiratu, sarrera guztiak salduta nituen, baina ezin nuen esan seguru kontzertu hori egingo nuela, egin nuen arte. Aurreko egunean, bezperan, Ayusok esan izan balu: “Aretoa itxiko dut eta Muguruzak ezin izango du jo”, hori gertatuko litzatekeen.

Izan ere, esan izan duzu zurea jazarpenaren historia dela. Hori irudikatzen du, nolabait, Madrilek?

Piztiaren bihotza deitzen diogu. Jazarri naute, zentsuratu naute, auzipetu naute, bonba bat jarri zidaten… baina hemen nago. Hemen gaude eta hori ospatu behar dugu. Madrilen ez da horrela. Bartzelonan nik beti izan dut aukera jotzeko, Madrilen, ez. 25 urte neramatzan jo gabe…

Zuk zeuk zalantzak izan zenituen Madrileko kontzertuaren harira?

Guardia ezin dut inoiz jaitsi.

Esan izan duzu, hain zuzen, zurea jazarpenaren historia dela. Beldur horrekin bizitzen ikasi duzu?

Bai. Halere, desgaste bat da. Artikulazioak izorratu zaizkit tentsioarengatik. Hori borroka honen ondorioz da, badituelako ondorioak, bai.

Ondorio horiek ez zaituzte inoiz zalantza egitera eraman?

Ez, konbentzituta nago, aurrera egin behar dut. Jarraituko dut eszenatokira igotzen, eta gertatu dadila gertatu behar dena.

Bada, akelarre antifaxista deitu diezu kontzertu hauei. Zein osagai biltzen ditu akelarre antifaxista batek?

Alde batetik, transbertsalitate bat dago belaunaldien aldetik. Ikusle gazteak, nagusiagoak, eta baita nik 20 urte neuzkanean 40 urte zituztenak ere. Hori niretzat zoragarria da. Kontzertuak  aspaldiko lagunen elkargunea dira. Lagunak elkar besarkatzen, dantzatzen eta irribarre egiten ikustea… oso handia da hori. Zenbat irribarre, zenbat besarkada, zenbat jauzi, zenbat oihu, zenbat ukabil gora… eta, amaieran, jendea zeinen pozik! Eider Rodriguez idazleak esan zidan: maitasun eztanda bat dira kontzertu hauek. Ez da nostalgia, memoria historiko ariketa bat da: zer ginen, zer garen eta zer nahi dugun izan. Eta, noski, ideologia antifaxista.

Aipatu zenuen akelarre berezi hauetan gutxienez disko bakoitzeko kantu bana joko zenuela. Zer izan da zuretzat hautaketa hau egitea?

Joko bat bezala hartu nuen, oso gauza ederra izan zen eta oso ondo pasatu nuen. Hautatu nahi nituen hautatu kantu batzuk niretzako gaurkotasun handia zeukatenak; esaterako, Desmond Tutu. 35 kantu egin ditugu, ia hiru ordu, eta disko batzuek ordezkaritza handiagoa dute, esaterako, Kortaturen lehen diskoa edo Brigadistak Sound System. Gaurkotasuna duten kantuak eta eroso sentitzen naizen kantuak hautatu ditut. 

Adibidez, Bilbon esan zenuen Sarri sarriren ondoren zaila dela beste ezer kantatzea. Sarri sarri da zure ereserkia?

Ez, Zu atrapatu arte da. Bertsio gehien dituen kantua da. Asko euskaraz, eta baita frantsesez, italieraz, errumanieraz, alemanieraz…

Etengabe jarraitzen duzu deskubritzen zure kantuen aldaera eta bide berriak?

Ezbairik gabe. Are gehiago, jakin dut Berlingo diskoetxe batek maiatzerako kaleratu nahi duela disko bat non biltzen dituen mundu osoko taldeak nire abestiak kantatzen. Imajinatu niretzat zer izango den, ikaragarria. Horrekin pozez zoratzen nago.

Efemeride zalea zarela gauza jakina da, eta data zehatzekin harilkatu duzu bira hau ere… Efemerideek laguntzen dizute gauzak ordenatzen?

Anarik kantatzen duen bezala: “efemeride bakoitza zauri bat da”, eta niretzat ere hala da. Eta zauri bat, batzuetan, gainera, ireki egiten dena: Iñigoren urtebetetzea, adibidez, hori da. Nikaraguako iraultza sandinistaren egunean izan zen nire lehen kontzertua Kortaturekin. Ausaz, baina hori oso markatuta daukat. Disko bakoitza zein egunetan kaleratu genuen ere gogoratzen dut: esaterako, Borreroak baditu milaka aurpegi apirilaren 20an kaleratu genuen nire urtebetetzea zelako, 30 urte betetzen nituen. Oraingo birari lotuta, azkenengo kontzertua urriaren 4an egingo dugu; ez da izango urriaren 1ean, baina urriaren 1ean izan zen Azken guda dantza.

Memoria ona daukat, baina horrez gain ere badaukat nire bizitza ondo sailkatuta urtez urte, horrelako datekin, zein urtetan kaleratu nituen diskoak, zein urtetan egin nituen birak. Efemerideak zauriak dira; batzuetan orbaindu egin behar diren zauriak, eta beste batzuetan ireki egiten diren zauriak, berriz ere errepasatu behar direnak. Errepasatu behar dira, gogoratu, eta segun eta zein gauza ospatu eta beste gauza batzuk ere bai oroitu zer gertatu zen.

Zauriak errepasatzeko beste balio du ospatzeko?

Bizitza ospatu behar da, hori argi daukat, eta baita heriotza ere. Hori New Orleansera joan nintzenean berrikasi nuen.

Iñigo Muguruza anaia eta taldekidea da faltan dagoen pertsona oso garrantzitsu bat. Zer esango luke anaiak bira honen inguruan?

Egongo balitz, segun eta ze tenoretan indar aldetik, nirekin egongo litzateke. Bi gitarra: Lide Hernando eta Iñigo Muguruza. Gainera, berak ezagutu izan ditu ia toki guztiak nirekin batera. Nolabait, ondoan daukat, batzuetan Lide eta nire artean azaltzen da bere gitarrarekin eta bere gaizto aurpegiarekin.

“Ez dugu kolektibotasunaren ideia hori barneratua borrokei soinu bandak jartzeko, adibidez bere garaian Negu Gorriak-ek egin zuen moduan”. Hau esan zuen J Martinako Katalin Barcenak Jimmy Jazzen iazko urrian egin zenuten “Artea eta politika” mahai inguruan. Zelan ikusten duzu zuk gaur egun euskal musika eszena?

Belaunaldi bakoitzak izan behar du bere soinu banda eta bere hiztegi propioa gauzak adierazteko.  Niri iruditzen zait falta dena taldeen arteko harremana dela eta artikulatzea eurak euren artean, indar amankomuna egitea. Bestela, momentu honetan benetan ni ikaragarri motibatuta nago ikusten dudan eszena berriarekin. Merina Gris, J Martina, Bad Sound System, Nakar, Hoffe, Verde Prato, Juantxo Arakama, Odei, Eneritz Furyak, Ibil Bedi, Broken Brothers Brass Band, Tatxers… baina, noiz izan dugu hain jende gaztea horrelako gauzak egiten euskaraz eta horrenbeste estilo ezberdinetan? Nik uste dut oso momentu onean gaudela eta ospatzeko unea dela. Eztanda bat dago.

Euskal Herrian, esan bezala, Biarritz eta Bilbo zapaldu ondoren, bi geraleku gehiago dituzu: Anoeta eta Iruñea. Anoetakoa izango da jendetsuena… eta bereziena?

Jendetsuena dudarik gabe, gero bakoitzak dauka bere nolakotasuna. Donostiakoa egiteak esanahi berezia dauka, mugarri bat delako. Futbol zelai batean, Donostian, etxe ondoan… eta jakitea hor 30.000 pertsona egon daitezkeela. Ikaragarria. Horregatik nahi izan nuen, behin aukera hori edukita, festibala bilakatu.

Eta Iruñekoa azkena izango da. Benetan azkena?

Auskalo noiz arte ez naizen berriz eszenatokira igoko! Oso argi daukat, bukatzen dudanean bukatzen dut. Urte batzuk pasatuko dira. Iruñekoak badauka emozio berezi hori, eta horregatik salduta daude 15.000 sarrerak. Urriaren 4an bukatzen da, eta ez bakarrik kontzertuak, elkarrizketak ere bai, saiatuko naiz denbora luze batez fokoetatik aldentzen, asko desgastatzen du fokoen azpian egoteak denbora osoan. Gero pentsatuko dut ea egingo dudan beste dokumental bat, animazioa, disko bat… auskalo zer gertatzen den, baina bolada batez, behintzat,… agur!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina