Mikel Garcia: “Testuinguru politikoak eragin handia izan du hemengo zineman”

Zein izan da liburuaren arrazoia eta helburua?
Gustuko dut zinema, eta liburu hau aitzakia ona zen zinemagileengana hurbildu, haiek elkarrizketatu eta kontatuak biltzeko. Lan atsegina izan da, zuzendariekin solastatzea izan baita oinarria: beraien pelikulez hitz egin, zinemari eta zinema egiteari buruz gogoetatu… Hori izan da helburua: Euskal Herriko zinemagintzan arrastoa utzi duten autoreei hitza ematea.

Zergatik aukeratu dituzu zuzendari hauek?
(Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea, Antxon Ezeiza, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Juan Bautista Berasategi, Helena Taberna, Julio Medem, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga).

Modu batera edo bestera, egin dituzten pelikulekin edo beraien estilo pertsonal eta bereziarekin, Euskal Herriko zinemaren bidean zinegile garrantzitsuak direlako. Noski, bada kanpoan geratu den zuzendaririk, baina helburua ez zen denak biltzea, ez eta zinemaren errepaso historiko bat egitea edo “onenak” hautatzea, baizik euskal zinemaz eta zinemaz oro har hainbat ikuspegi ezberdin jasotzea.

Zer duzu aztergai?
Aukeratutako zinemagileei beraiei eman diet hitza, eta euren sorkuntzez aritu gara, zer gai jorratu dituzten eta nola, zein eragin izan duten pelikula horiek gizartean eta estreinatutako une historikoan, Euskal Herriko zinemagintzan… baina gai orokorragoez ere mintzatu dira, eta gogogeta interesgarriak egin dituzte. Adibidez, zuzendariaren begiradaz, hizkuntzaz eta bikoizketaz, zinemaren botereaz, industriaz eta negozioaz, sorkuntzaz, umoreaz, politikaz…

Euskal zinemaren inguruan iritsi zara ondorioren batera?
Euskal zinemaren ideala zerk behar lukeen izan dezaket buruan, baina zinegileekin hitz egiten konturatu naiz orokorrean oso pragmatikoak direla: zinema egin egiten dute, zein sailkapenen barruan dagoen gehiegi pentsatu gabe. Hizkuntzaz adibidez dezente hitz egin dugu, baina 80 egunean filmak esaterako elebiduna izan behar zuen hasieran… Orduan ez litzateke euskal zinema izango? Zenbateraino baldintzatzen du hizkuntzak? Gai zehatzak jorratu behar al ditu euskal zinemak? Ba al dugu euskal zinemarik?… Hitzaurrean diodan moduan, irakurleak ez du erantzun bateratua aurkituko liburu honetan, iritzi ugari baizik; norberak atera ditzala ondorioak.

Liburuan zehar, gorabehera eta testuinguru politikoa asko azpimarratzen da elkarrizketetan?Bai. Dudarik gabe, testuinguru politikoak, zentsurak, presioek, pelikulak eragindako erreakzioek… eragin handia izan dute hemengo zineman (gainontzeko sorkuntza lanetan bezala). Uribe, Berasategi, Medem, Taberna, Larruquert eta Basterretxea, Ezeiza… Adibideak ugariak dira, batzuetan harrigarriak.

Zeintzuk izan dira orain artean euskal zinemaren argiak eta ilunak?
Aurreko galderan aipatu moduan, testuinguru politikoa oztopo handia izan da maiz. Eta baikorrena, nire ustez, kalitate oneko euskal filmak ikusten ari garela azkenaldian, nazioartean sarituak eta publikoaren harrera ona dutenak. Bide horretatik jarraituta, etorkizun oparoa izan dezake zinemak gurean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina