Anjel Lertxundi etxeko hautsak harrotzen
Etxeko hautsa, Andu Lertxundiren nobela berria, gogoetarako proposamena da. Protagonista hausnarrean ari da, bizitakoaren berrikuspena idazten eta kontatzen, eta horrela, irakurlea etengabe itauntzen eta pentsarazten. 90.eko hamarkadako Euskal Herrian dago kokatua.
Herri honen historiaren etapa baten bukaeran gaudela dirudienean idatzi duzu sasoi horren zati batean kokatutako eleberria. Kasualitatea?
15 urte dira liburuko lehendabiziko eszena hori idatzi nuela. Eszena hori deigarria egiten zitzaidan, baina ez nuen aurrera egin. Orain dela urte eta erdi hurbileko lagun bat burua galtzen hasi zen alzheimer prozesu azkar batekin. Ordura arte gordeta neukan garai bateko klandestinitate istorio hura, burua galtzen ari zen aitarekin jarri nuenean aurrez aurre, beste foko desberdin bat agertu zitzaidan: bi generazio, bi gerra desberdin… Bi horiek kontrastean jartzea egokia litzatekeela pentsatu nuen.
Semea ezer aditzen ez duen aitari hizketan eta egindakoak aitortzen ari zaio. Egoera gogorra da.
Gorka, semea, gehiago ari zaio bere buruari aitari baino. Ari zaio aitari hizketan honek ezer jaso ezin duenean, lehenago inoiz ezer esan ez dionean, aitak berak ere ez dionean inoiz ezertxo ere kontatu. Aitak gerran eta gerra ostean egindakoez ere ez daki ezer baina edozer imajina dezake. Berak kontatzen duena, segur aski, askoz ere suabeagoa da aitak gerran praktikatu duena baino, eta ari zaio horma bati hizketan… Niri, gogorra baino gehiago, oso indartsua egiten zait.
Etxeko sua etxeko hautsaz estaltzen dela dio aitak eleberrian. Zuk, aldiz, etxeko hautsak harrotzea erabaki duzu. Hausnarketa premia dugu, hori bilatu duzu?
Nik uste dut baietz, alde bateko eta besteko oso muturreko istorioak kontatu direla, zuri eta beltzeko istorioak, eta tartean ñabardura asko daudela, eta istorio asko kontatu ez direnak, isilean geratu direnak… Baina, batez ere, istorioak baino gehiago motibazioak, barne mugimendu horiek jaso nahi izan ditut. Halako muturreko zirkunstantzietara iristen den pertsona baten buruan egon behar duten kontraesanak, zalantzak eta abar jasotzen ahalegindu nahi nuen. Zeren, nahiz eta gero denak agertu ekintzetan modu batean edo bestean, gure baitan izaten ditugun atzera-aurrerak handiak izaten dira. Hori da niretzat nobelan gehien interesatzen zaidana.
Gogoeta eragiteko aukeratu duzun pertsonaia, Gorka, galtzaile petoa, autoestimuan makal dabil, hitz-totel, erabakiak pentsatu gabe hartzen ditu…
Erabakiak ez dira hain bilatu gabeak, bera giro jakin bat bizitzen ari da. Nik uste heldutasun falta handia duela protagonistak eta horrek eragiten diola pauso batzuk eman eta berehala atzera egitea, zalantza guzti horiek. Berak behin baino gehiagotan esaten du heldutasun politikorik ez daukala. Azkenean pronto politikoekin gehiago mugitzen da formazio politiko jantzi batekin baino.
Esperantza faltak du indarra nobelan. Esperantzari zirrikiturik uzten ez dion liburua argitaratu duzue, esperantza une batean.
Nik uste dut 90eko hamarkada, bera bezalako pertsona batentzat nahikoa esperantza gabea zela Euskal Herrian. Beste gauza bat da gaur, baina historia hau gertatzen da 1992-1994 inguruan.
Dena den, badago beste hausnarketa bat, hain xuxen liburu hau idatzi dudanean etorri zaidana: literaturak eta arteak egiten dute bere denbora, eta historiak egiten du bere denbora eta ez dute zertan paraleloan joan behar. Alegia, 90.ean, ni neu, desesperantza handiarekin banengoen ere, ahalegintzen nintzen beti mezu optimistekin, eta alderantziz, garai itxaropentsuetan berriz esaten dut ezin direla pausoak aurrera egin atzeko ateak faltsuan itxiz. Modu rotundo batean esanda: gure gerra honek biktima asko izan ditu, baina nik gerra guzti honek izan dituen biktimak izan nahi ditut neureak, ez batzuk bakarrik. Hori onartzen ez badugu, ez dut uste gizarte hau guztiz itxaropen bidean egoteko gai izango denik.
Erlijioak benetan hainbesteko eragina izan al du zurean?
Nik uste dut gure belaunaldikoen estruktura mentaletan erlijioak sekulako garrantzia zeukala. Erlijioa gure bizitzaren zirrikitu guzti-guztietara iristen zen, giza autonomia erabat harrapatua zegoen erlijioaren sarean. Nik beste era batera egiten dut galdera: Nola daiteke halako pisua zuen giza funtzionamendu batek pisu hori gainetik kentzea ia egun batetik bestera? Ez da desagertu. Zeuden mekanismoek funtzionatzen dute, baina beste esparru batzuetan. Gizarteak, oharkabean noski, baina praktikatzen ditu.
Gorkak dioenez “euskaldunoi bizitzaren plazerak kontzientzia karga eragiten omen digu”. Zoriontasunerako ezgauza gara?
Ezin da orokortu, baina bai egon da halako errenditu beharra lanera… Badago nolabaiteko substratu bat esaten duena “ez hadi zoriontsu izan, ze gero beti etortzen da buelta”. Hori gure gizartean oso presente egon den zerbait da.
Jende itxi, triste, serio, moral estuko… horrela marrazten ditu Gorkak euskaldunak. Topikoei irri egiten ari da, ala egiatik dutena azpimarratzen?
Topikoak baino gehiago nik uste badugula arazo bat historian zehar: ez dugula jakin adierazten zer nahi dugun, nortzuk garen, ez dugula geure gauzak berbalizatzen jakin. Hori konstante bat da, ez dugu asmatzen. Inportantea da ere esatea ez dauzkagula bitartekoak, hizkuntzen arteko horma ere hor dago…
Juan Garziak esana da: “garaiz esaten ez diren egiek gero ez dute bere tokia hartzen”. Giza harremanetan momentuan esaten ez denak, urtebete edo bi beranduago beste karga bat du, esangaitzago egiten da denborarekin.
Agustin eta Gorkaren arteko adiskidetasun istorioa ederra da, argitasun izpi bat sartzen du.
Bai, niri gustatzen zaizkit, bidean, momentu jakin batean topo egiten duenean pertsonaia batek norbaitekin, bakarrik ez da gauza eta norbait bilatzen du bidean. Orain gogoratu naiz, Ihes beteako pertsonaiak topo egiten duenean Umbertorekin, eta harek beste perspektiba guztiz ezberdin batean kokatzen duenean istorioa.
Eta gero niri asko gustatzen zaidan elementua da, bukaeran Agustinek esaten duenean, hor agertzen den Agustin ez dela bera, berak ez duela ez Camus ez Voltaire irakurri… Kontua da Gorka, neurri handi batean asmatzen ari dela kontatzen ari den guzti hori. Lagun hori, agian, ez da guztiz existitzen; gehiago existitzen da narratzailearen premian.
Horrelako detaileek oso nabarmen erakusten dute liburu bat dela beste liburu baten barruan.
Bai, eta horrekin topo egin nuenean esan nion neure buruari “jo, baina orain beste nobela baten aurrean natxiok eta!”. Ailegatu nauk hona, eta hemen bai daukadala fikzioa, eta fikzioa fikzioaren barruan.
Zergatik ez erabili gidoirik (marratxorik) elkarrizketetan?
Arrazoia literarioa da: deskribapenak eta barne mugimenduak eta narrazioa bera grafikoki bereizten ez baditugu, zergatik elkarrizketa bai? Bestalde, gidoiak zilegi egiten du edozein elkarrizketa edozein modutan sartzea, abisatu egiten duelako. Baina gidoirik jartzen ez baduzu, askoz ere lan gehiago egin behar duzu elkarrizketa sinesgarriago egiteko eta logikaren arabera funtziona dezan. Hala eta guztiz ere gidoia jarri dezakezu, baina bueno.
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen duzu batera. Zuk euskaraz sortu duzularik, zergatik ez euskarazkoari denboran abantaila eman?
Erabaki partekatua izan da. Pentsatu genuen publikoari esaten jardun beharrean erosteko lehenengo euskaraz eta gero etorriko zela gaztelaniazkoa, euskaldungoak egin behar duela askoz kontzienteago apustua liburua dendetan normal dagoelarik. Baina ez da erabaki erraza, nik nire zalantzak dauzkat.