2026 urteko Tene Mujika beka eman gabe uztea erabaki du lehiaketako epaimahaiak. Zazpi proiektu aurkeztu ziren guztira, eta denak ziren printzipioz interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere. Horrenbestez, bekaren historiari eta prestigioari eusteko, aurtengo deialdia hutsik uztea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako lanak saritzea du helburutzat. Beka honi esker argitaratutako azken lanak honako hauek izan dira: Jon Artanoren “Juana”, Alaitz Melgarren “Josefa, neskame” eta Mikel Sotoren “Mirande, herriminez, ezin-minez”. Iaz, Iñaki Sagarnak eta Lander Aranberrik eraman zuten saria, Euskal Herriak Israelekiko izan duen jarreraren bilakaera aztertzeko, eta lan hori amaitzen ari dira egileak.
Ekaitz Herrera idazle abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Aurkezturiko hogeita bost lanen artean, “Hondar batean arre” izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta horrenbestez Ekaitz Herrerak eroango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu ere, hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan. Saria ostiral arratsaldean eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza, Julen Apellaren “Sakelako bihotzak” eleberria. (Irakurri +)
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XX. Tene Mujika beka sortu dute, 8.000 euroko dirulaguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera: (Irakurri +)
Euskal kultur erakundeak eta Elkar fundazioak 2021ean sortu zuten “EKE-Elkar literatura beka”-ren aurtengo irabazlea hautatua izan da. Alabaina, literatura sorkuntza lagundu nahi duen beka horren irabazle berria Eneko Bidegain Aire da. 1975ean Baionan sortua, euskal ikasketetan doktorea da, euskaltzain urgazlea eta hainbat hedabidetan aritutako kazetari ohia. Gaur egun, irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Literatura ibilbidea zenbait eleberri idatziz hasi zuen: “Anbroxio” (2002), “Mahatsaren begia” (2005), “Bichta Éder” (2023). Tartean saiakera franko sortu ditu ere. (Irakurri +)
Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko xedea du Augustin Zubikarai sariak. Deialdi honetara, nobelak idazteko proiektuak aurkeztuko dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu. (Irakurri +)
elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia zabaldu du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:
1.-Deialdi honetara, eleberri grafikoa edo komikia egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
2.-Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:
a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, pertsonaien deskribapena, etab.
b) Ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoiaren lagina, 5-8 orrialde bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena, jarraitua alegia.
c) Egin beharreko ilustrazioen lagin bat, gutxienez 4-6 orrialdekoa. Horietatik gutxienez 4 erabat amaituta (testua, marrazkia, kolorea… amaierako itxurarekin).
d) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). (Irakurri +)



