Edurne Pasaban: “Markak haustea baino, bizimodua menditik ateratzea nuen helburu”
Edurna Pasaban mendizaleak bi liburu argitaratu berri ditu. ¡Cumbre!, Ángela Benavides kazetariak idatzitako argazki liburuan hamalau 8.000koen historia kontatzen da, Edurnerena eta gailur horiena.
Catorce veces ocho mil liburuan, aldiz, Edurne Pasabanek lehen pertsonan kontatzen du bere bizitza: emakume mendizale gaztearen bizitza, pozak eta garaipenak neke eta porrotekin batera aitortuz. Kontakizun zintzoa da, hunkigarria, umiltasunetik egina.
Zer da gogorragoa, 8.000ko bat igotzea edo liburu bat idaztea?
Niretzako liburu bat idaztea. Mendi bat igotzea nire pasioa da eta horretarako denbora hartzea ez zait zaila egiten, baina liburua idaztea asko kostatu zait.
Zure bi liburu argitaratu dira: bat argazki liburua eta bestea zuk idatzitako liburu autobiografikoa. Norentzako idatzi duzu liburua? Nork irakurtzeko?
Mundu guztiari begira idatzitako liburua da. Mendia bizi duen jendea animatuko da lehenik liburua irakurtzera, baina ez dute mendia bakarrik aurkituko bertan. Topatuko dute pertsona baten bizitza, mendiaren inguruan gertatutako bizitza baten historia. Baina mendizale direnez gain eguneroko bizitza arruntean aurrera begira doazen irakurle guztienganaino iristea gustatuko litzaidake.
Heriotza oso presente dago liburuan, modu ezberdinetan. Kaletar arruntarentzat zaila da ulertzen bidean hilotzak aurkitzen dituzuenik, hor daudela, bidean, eta ez direla jaisten. Nola uler daiteke?
Bueno hau ez da maiz gertatzen, baina egia da gertatzen garela horrelako egoeratan batzuetan. Normalean errespetu handiz tratatzen dira. Ziur nago mendizale bat horrelako situazioan aurkitzen denean, errespetuz tratatzen duela momentua, norberari gustatuko litzaioken bezala. Horregatik askotan tapatu eta hilobi antzeko bat egiten zaio, goi-goi menditik jaistea oso konplikatua delako eta arriskutsua.
Askotan galdetu omen dizute ea nola daitekeen mendizaleak hain hotzak izatea. Nola daiteke?
Ez gera hotzak, ez da hitz egokia. Pentsa liteke hilotz bat aurkitzean dugun jokabidea hotza dela. Ez da horrela. 7.000 metrotik gora gauzak beste era batera ikusten dira, praktikoa bilakatzen zara, errespetua galdu gabe ezertxori, baina norberak bere bizitza eta inguruan dauden lagunen bizitzaz arduratzen da. Zenbait gauzen aurrean praktikoak gera, eta argiak, baina ez hotzak.
“Heriotzaren mugaren gainetik bizitzea” omen da (“vivir por encima del límite de la muerte” diozu liburuan) zuek egiten duzuena. Zergatik egiten duzue? Mendekotasuna? Plazera?
Guk ez dugu heriotza maite, bizitza maite dugu. Eta ez dut ezagutu inoiz heriotzaren beldur ez den mendizalerik; bai ezagutu ditut ordea, mendizale pila bizitza bizitzen dakitenak, beren bizitza disfrutatzen dutenak eta zoriontsu direnak.
Himalayako heriotzek baino gehiago inpresionatzen du liburuan zure suizidio ahaleginaren pasarteak. Nola gogoratzen duzu orain hura?
Urruti ikusi eta sentitzen dira momentu horiek orain, baina zoritxarrez momentu horiek egiazkoak dira. Aurreko galdera guztietan mendiko heriotza arriskuaz hitz egiten ari gara, baina heriotza guk espero baino gertuago dugu askotan, eta espero ez dugun momentuan gainera, hauxe adibidea.
Horrelako momentuak bizitza bizitzen eta disfrutatzen erakutsi didate.
Makalaldi izugarri hartatik ateratzea izan da agian inoiz gainditu duzun gailurrik zailena?
Bai, nire 8.000ko zailena hori izan da dudarik gabe, ezagutzen ez nuena, eskalatzeko biderik gabea eta bidea aurkitzen eta irekitzen kostatu zitzaidana.
Maitasuna da liburuan heriotzarekin batera konstante bat. Maitatua sentitzen al zara?
Bizitzan denetariko sentimenduak daude, egia esan ez dut auto-estima soberan, maitasun handia behar duen pertsona naizela era argi dago. Besteek diotena eta sentitzen dutena asko inporta zait. Asko kostatu zait ikastea, norbera den bezalakoa dela eta gauzak niretzako egiten ikastea, ez besteei gustatzeko.
Zuek mendi material onenarekin eta sherpak hanka-hutsik. Ez al du barrena pixka bat nahasten?
Bueno bueno, hau ez da horrela. Gu material onarekin, sherpak ere gaur egun gure material berdina daramate. Behe kanpamendura arte joaten diren porteatzaileak dira, askotan, hanka hutsik edo txankletekin doazenak. Guk materiala erosten diegu, zapatilak , galtzerdiak eta abar… baina ez dute erabiltzen, ez dutelako ohiturarik, horrela gustatzen zaielako eta erabiltzen ez dituzten galtzerdi eta zapatilak ondoren saldu egiten dituztelako eta dirua atera.
Lortu duzu zure ogibidea mendia izatea, baina markak hausten jarraitu beharra al daukazu etengabe?
Ez, argi utzi behar dut nire nahia zela menditik ateratzea bizimodua, 14 8.000koen markaren gainetik. Egia da horretarako marka bat hautsi behar izan dudala, baina horrek ez du esan nahi markak hauste hori gustatzen zaidanik. Hoberena da lortu izana bizimodua menditik ateratzea.
Nolakoa da euskal mendizaletasun mundua? Taldeak daude, klanak… Lagunekin funtzionatzen da edo norberaren helburuak lortzeko egokienak direnekin?
Euskal herrian talde giroa dago leku guztietan, bai goi mailakoan eta baita amaterrean ere. Lagun giro eta laguntasuna galdu dela dioena, behar bada bere buruarekin borroka handia duen pertsona bat izan daiteke, ze mendi giroan dagoen benetako giroa ona da.
Egin duzun azken Euskal Herriko gailurra?
Entrenatzeko Tolosan nagoen guztietan, astean zehar, Uzturre inguruan nabil.
Euskal Herriko mendi tontor edo mendi paraje bat aukeratzekotan?
Txindoki eta Aralar.
Zein da goi-mendiak ematen duen lezio nagusia?
Umiltasuna.
Kanpo baseetara iristen al dira liburuak?
Bai, eta liburu truke asko egoten da espedizioa aurrera dioan heinean.
Orain Everest oxigenorik gabe igotzera zoaz. Zer izango da hurrengoa?
Momentuz ez dut ezer buruan, mendian jarraitzeko gogo handia, mila plan baina ezer konkreturik ez.