“Publikoak esaten digu zer kantatu behar dugun. Gu prozesuan sortutakoaren bozgorailu gara eszenatokietan, besterik ez”
2009an Bilboko Errekalde auzoan sortutako rock talde gazteak, iraupen luzeko bigarren diskoa kaleratu du: Kanala, Airea snglearekin aurkeztu duena. Bere ibilbide laburrean, Xabi, Urtzi, Aitor eta Alvarok, txikitako lagunek, ezohiko eskarmentu dakartzate eurekin batera. Nazioarte mailako eszenatoki esanguratsuenetarikoak zapaltzen ari dira, euskal eta europar agertokietan bere lekutxoa lortuz.
Txikitatik zuen ametsa rock talde bat osatzea izan da. Ametsa bete, eta gainditu duzuela esan daiteke?
Ametsa betea dugu, bai, gainditu ordea, ez dugu uste. Gure musikak, eta guk geuk eboluzionatzen dugun lez, gure ametsak ere gurekin datoz, eta beti goaz lotara hurrengo egunean lortu nahiko genukeen horrekin. Txikitatik amestu dugu rock talde bat izatearekin, eta amets hori bizi dugun bitartean, etorkizunean biziko ditugunekin egiten dugu amets. Behin ametsa gaindituta, zertarako amestu?
Kantu zuzenak, erraz gogoratzen diren leloak eta kontu handiz txertatutako koruak erabiltzen dituzue.
Gure kantuek asmo bat dute, zerbait esatea, eta oinarrian, mezu hori era zuzenean hel dadin nahi izaten dugu. Behin hori bermatuta, apaindura eta gehigarrietan sar gaitezke, baina zer atontzerik ez dagoen bitartean ez dago zer esanik. Instrumentazioarekin ere gauza bera gertatzen zaigu, gazteago ginela hardcorea besterik ez genuen entzuten eta, hein handi batean, musika estilo horrek duen transmititzeko era zuzen horretatik edaten dugu abestiak konposatzerako orduan. Gero, era naturalean, sortzen dira koruak eta bestelakoak.
Zeintzuk dira zuen erreferenteak musika egiterakoan?
Gaur egun, zerrenda amaigabea egin genezake gure erreferenteekin. Aipatu bezala, hardcore estilotik gatoz eta horrek eragin handia du gure musikan baina, era berean, pop asko entzuten dugu, metal asko, musika elektronikoa… The Beatles, Skrillex, Messhuggah eta Maroon 5, adibidez, erraz topatuko zenituzke gure musika-erreproduzitzaileetan.
2011.ean XX Gaztea Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria lortu zenuten, eta beste hainbat lehiaketetan ere sarituak izan zarete. Nola eragin dute sari hauek zuen ibilbidean?
Guretzat sari psikologikoak izan dira. Guk hasieratik sinetsi dugu egiten dugun honengan, baina pozgarria da ikustea adituek ere gugan sinesten dutela eta guk egindako apustuari aukera bat ematen diotela. Sari batek ez dizkizu sakelak beteko, bihotza ordea, bai.
Kanala disko berriaren promozioan komunikazioaren feedback-aren defentsa sutsua egiten duzue, eta zuen burua ez omen duzue igorle huts bezala ikusten. Nola bizi duzue publikoarekiko komunikazio prozesua?
Publikoa Enkore da, gu gara haiek direna. Publikoak esaten digu zer kantatu behar dugun. Gu prozesuan sortutakoaren bozgorailu gara eszenatokietan, besterik ez.
Diskoa osatzen duten hamar kantetako letrak energiaz beterik daude: amodioa, sexua, azken juizioa edo askatasunaz hitz egiten duzue. Nork sortzen ditu letrak? Zein da zuen jarraitzaileei helarazi nahi diezuen mezua?
Xabik hartzen du hitzen ardura handiena kasu gehienetan. Hala ere, guztion artean sortu izan ditugula esan genezake, azken finean, bakoitzak norberaren ideiak plazaratu ditu eta denon artean borobildu ditugu.
“Ozen oihukatu” kantan Hesian taldeko Zuriñeren kolaborazioa izan duzue. Berria da zuen musikan neska baten ahotsa sartzea.
Zuri laguna da, bidean ezagututako beste artista asko bezala. Oso harreman estua eta kimika ona sortu zen gure artean eta diskoan kantatzea proposatu genion. Plazer bat da lagunekin lan egitea!
Atzerrian ere jo izan duzue jaialdi ezberdinetan, Euskal Herria ordezkatzen. Nolakoa izan da kanpoko publikoarekiko komunikazioa?
Oso esperientzia politak izan dira. Orokorrean ingelesera jo izan dugu publikoarekiko feedback hori lortzeko, baina harrotasunez esan dezakegu euskara ere irakatsi diegula Europako hamaika bazterretako biztanleei.
2013.a talde bezala urterik onena eta aldi berean zailena izan omen da zuentzat. Zergatik?
Zailena, taldeaz kanpoko lauron egoera zaila izan delako, psikologikoki oso nekatuta bukatu dugu urtea. Aldi berean, onena ere izan da, bai, taldea asko hazi delako, eta horrek beste guztiari aurre egin dio eta indarrak eman dizkigu gure ametsengatik eta maite dugun horrengatik borrokatzeko.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2014-06-18
- Ana Galanen Mondrago bildumako “Sei hazien bila” liburuaren – ZOZKETA →