Txilikurekin “Piztiarioak” liburuaren inguruan solasean aritu gara
Jesus Mari Olaizola “Txiliku” (Zarautz, 1951) ingeniari teknikoa eta maisua da ikasketaz, eskola materialen egilea ogibidez, jakintza modu guztien biltzailea zaletasunez. Haur eta gazteentzako literaturan sortutako obra zabal eta goraipatua du, horren lekuko 2004. urtean haur eta gazteentzako literatura saria Osaba Bin floren liburuarekin. Aipamen berezia merezi dute tradizioari lotuta osaturiko bi liburu: Begira-begira. Tradizioaren leihotik eta Axa mixa zilarra. Bestalde, narratibazko lau liburu kaleratu ditu orain arte: Hontzaren orduak, 101 gau, Bizitza eredugarriak eta Bizien gaubeilan.
Oraingo honetan piztiarioen inguruan liburua kaleratu du: Piztiarioak. Erdi Aroan piztiarioak izen eta ospe handiko liburuak izan ziren Europa guztian. Eta antzinako garai ilun haietatik erantsita dakarte xarma berezia.
Gehiago jakiteko beregana jo dugu:
– Zer dira piztiarioak?
– Zer siniskeria egon dira hauen inguruan?
– Egoera honetara ekarrita, zer da piztiarioa zuretzat?
Piztiarioa liburu bat da, gehienetan irudiduna, eta animaliak gai dituena, eta haien izaera nolakoa den eta zer ohitura dituzten argitzen saiatzen dena. Batzuetan benetako animaliez aritzen da, baina ez da harritzekoa benetakotasuna irudimenarekin nahastea. Beste batzuetan asmatutako animaliak deskribatzen dira, besterik gabe. Piztiarioetan deskripzioa ez da behin ere deskripzio hutsa izaten, beti izaten ditu aldamenean sineskeriak, adierazpen moralak eta etsenpluak. Badu beti irakatsi nahia.
– Piztiario bat baino gehiago aurkeztu diguzu liburu honetan? Azal iezazkiguzu.
Piztiario bikoitza da liburu honetakoa. Esan genezake piztiarioetan bi osagai elkartzen direla. Alde batetik, naturaren arauak daude, eta, bestetik, gizakion irudimenak sortutako ametsak. Nire liburuan berrogeita hamalau piztia daude, bi alfabeto osori lotuak doazenak. Lehenengo alfabetoko hogeita zazpiak irudimenak sortutako animaliak dira guztiak, antzinako piztiarioetatik eta fantasiazko liburuetatik ekarritakoak. Bigarren alfabetoko beste hogeita zazpiak benetako animaliak dira, naturaren arauetara eta eboluzioaren bidera lerrotuak. Esan nahi dut arraroak direla, baina benetakoak.
– 54 piztiario aipatzen dira bi multzo ezberdinetan sailkatuta.
– Zuretzako zein da harrigarriena?
– Zerk erakartzen zaitu gehiago irudimenezko piztien munduak ala errealak?
Bai batak eta bai besteak, biak. Irudimenak sortutako piztiak liburuetan bilatzea aspaldiko zaletasuna izan dut, eta Juan Luis Baroja Collet konplize hartuta, Piztiario bat sortu genuen, hark egindako hogeita sei grabatuak zirela lanaren oinarri. Benetako piztiarioa izan zen, Erdi Aroko haien antzekoa. Liburuaren bigarren erdia, benetako animaliena, Xabier Mendigurenek iradokitakoa da, neurri batean. Literaturako liburu bat egiteko animalia gehiago behar zirela iruditzen zitzaion, eta animalien bila hasita, piztiarioetan agertzen diren piztiek adinako lilura sortzen zituztenak aurkitu nahi nituen, irudikatzen ere zailak egiten zaizkigun benetako animalia arraro batzuk.
– Zientzia eta literatura uztartu dituzu liburu honetan? Zure bi zaletasunak dira, ziur aski.
Zientzia eta literatura nahasten dira liburu honetan, egia da, baina helburu literarioa da nagusi, nik, behintzat, hala izan dut asmoa, literarioa. Esan nahi dut ez dela dibulgazio-liburua izateko jaio, baina ez da saiakera literario bat ere. Liburuak generoetan banatzeko joera dutenek lan pixka bat izango dute hau sailkatzen. Ez da, noski, nobela bat, ez da ipuin bilduma, ez da saiakera… Ez da erraza esaten zer den. Zineman aipatzen den dokumental faltsuaren antza izango luke, agian.
– Zein iturri erabili dituzu liburua osatzeko?
Liburuak eta Internet. Ordu asko pasatu ditut Koldo Mitxelena liburutegian, bertako langileentzat ezaguna bilakatzeko adina, esango nuke. Eta are ordu gehiago Interneten informazioa biltzen eta bildutako informazio hori baieztatzen eta ziurtatzen.
Noticias Relacionadas
- ← Los más vendidos de la semana – Asteko salduenak 2012-11-21
- Toti Martínez de Lezea – Mareas y Urak dakarrena – SORTEO →