Udazkeneko Elkar argitaletxeko nobedadeak

LITERATURA

Arma, tiro, bammm!
Joan Mari Irigoien

Arma, tiro, bammm!Arma trafikoa hartu du gaitzat Irigoienek bere azken eleberri hau egiteko, bi ikuspegi eskainiz aldi berean: batetik, Bereibarko familia bat (Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herria), arma-negozio bat daukana; bestetik, Balad al Xams-eko (Ekialde Hurbileko balizko herrialdea) beste familia bat, gerra ahaztu baten ondorioak nozitu beharko dituena; modu paraleloan kontatzen zaizkigu batzuen nahiz besteen pozak eta nekeak, eguneroko kontu xeheak eta Historia markatzen duten gertakari handiak.

Hizkuntzaren erabilera zaindu eta ederra, hainbat istorio sortu eta kateatzeko fabulazio-ahalmena, eta gure gizarteko gai minberak ukitzeko kontzientzia etikoa nabarmentzen dira Irigoienen lan honetan.


Adiskide bat nuen

Joxean Agirre

Adiski bat nuenHainbat gai txirikordatzen dira Agirreren nobela berri honetan, batzuk egilearen narratiban ohikoak direnak (obsesio bihurtzeraino, kasik), eta beste batzuk orain agertzen direnak lehenegoz edo indar handiagoz: talde politiko klandestino baten barrunbeak modu aski fantastikoan kontatuak; norbere itxura eta are izaera ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea…

Donostia eta Venezia artean kokatzen da eleberria, kapitulu laburretan zatitua, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean laupabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin: hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala…

Zehazteke (Erresuma eta Fedea, III)
Aingeru Epaltza

Erresuma eta Fedea trilogia ixten duen nobela dakarkigu Aingeru Epaltzak. Aurrenekoa, Mailuaren odola, batik bat Nafarroa Beherean gertatzen bada, eta bigarrena, Izan bainintzen Nafarroako errege, Parisen, hirugarren honek erresuma galduko hiriburura garamatza, Iruñera: hara doa Joanes Mailu, erregeren mandatuz espioi lanetan, herria matxinadarako prestatzeko, espainol inbasoreak kanpora egotz ditzaten. Gauzak ez dira horren errazak ordea, herritarren leialtasuna, oro har, ez baita Mailurena bezain kartsua, eta gaztelau maltzurrek eta haien eskumakila giputzek ere bai baitituzte beren zerbitzariak (besteak beste Pedro Agerre Axular, lehen liburukian ere agertu zena).

Dokumentaturiko historia eta fikziozkoa modu harrigarrian uztartzen asmatzen du Epaltzak, eleberri bikaina sortuz eta ber denboran giro historikoa ezin hobeto islatuz, umore eszeptiko bat erabiliz, maltzurtasuna eta pertsonaiekiko maitasuna batzen dituena, eta idazkera guztiz malgu, adierazkor eta biziaz.

Heldu den iragana
Garbiñe Ubeda

1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona harentzako gutunek osatuko dute eleberria, eta bertan, bilaketaren gorabeherekin batera, familiaren historia berreraikiko da, eta baita hainbat gogoeta harilkatu ere.

Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du Garbiñe Ubedak lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitate linguistikoa, estilo landu eta dotore bat duena, baita pertsonaien taxuera ere, sinesgarri eta ñabarduraz betea. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.

Hori da umorea, maisu!
Mo Yan
Itzultzaileak: Aiora Jaka / Maialen Marin

Iazko Literaturaren Nobel saria irabazi zuen Mo Yan idazle txinatarrak, eta, ohi denez, Arrasateko AED elkarteak eta Elkar-ek antolaturiko Jokin Zaitegi bekari esker egin da itzulpen hau, zuzenean txineratik euskarara.

Mo Yanen unibertso literarioa ezin hobeto jasotzen du ipuin-antologia honek: Iraultza Kulturalaren urteetako Txinako nekazari-herrixketako giroa, jende xehearen buruhausteak bizimodua aurrera ateratzeko, modernizazioak berarekin dakartzan kontraesanak… Hori guztia, pertsonaiekiko enpatia sortzen duen idazkera trebez eta xehetasunarekiko maisutasunez.

URREZKO BIBLIOTEKA

Harrotasuna eta aurrejuzkuak
Jane Austen
Itzultzailea: Ana Isabel Morales

Orain dela 200 urte kaleratu zen lehenengoz Pride ande Prejudice, Jane Austen-en eleberririk ospetsuena, literatura erromantikoaren lan gorenetakoa, eta askotan zinemaratu izan dena. Bikain erretratatzen da bertan Ingalaterrako garai hartako klase ertaina, bere ohitura eta pentsamoldeetan, baita emakumeak gizarte hartan zeukan lekua ere, ezkontza egoki bat egitea beste aukerarik gabe.

Argumentuak, Elizabeth Bennet-en eta Fitzwilliam Darcyren arteko harremanak kontatuko dizkigu, bataren aurrejuzkuak eta bestearen harrotasuna gainditu beharko baititu amodioak aurrera egingo badu.

Antologia
Zenbait poeta katalan
Itzultzailea: Gerardo Markuleta

Hizkuntza minorizatua izan arren, kalitate handiko poesia eman du literatura katalanak, eta horren erakusgarria izan nahi du antologia honek. Zehazki, hauek dira bertan agertzen diren egileak: Jospe Carner, Josep Vicenç Foix, Carles Riba, Salvador Espriu, Gabriel Ferrater, Vicent Andrés Estellés, Joan Vinyoli, Joan Salvat-Papasseit, Pere Quart.

Gerardo Markuleta poeta eta itzultzaileak egin du testuen aukera eta itzulpena, eta guztien artean XX. mendeko poesiaren joera, gai eta estetiken panorama zabal bat marrazten zaigu.

POESIA

Heriotzaren ataria da bizitza
Bizitzaren atea, heriotza
Joxean Artze

Bizitza eta heriotza dira bi liburuen oinarri eta funtsa. Bata bestearekiko lotura eta ezinbestekotasuna. Eta horren guztiaren erdian: gizakia, gizakia biluzik, bere argi eta ilunekin. Besteak beste, honako gai hauek osatzen dituzte bi poemario hauek: natura, maitasuna, poesia, denbora…., hau da, urteak argitara eman gabe egon den poeta honen unibertsoa.

KOMIKIA

De Rerum Natura 5
Zaldi Eroa

Patxi Huartek egunero eskaintzen dizkigun komiki-tiren antologia bat, azken bi urteei dagokiena: eguneroko bizitzaren ifrentzu moduko bat, bere zoroan errealitatearen alderdi estaldiak agerian uzten dituena sarri. Azken kronika honetan agertuko dira Urkullu lehendakari bihurtzea, Arnaldo Logroñoko espetxean, Yolanda Barcina eta Nafarroako katebegi galduak, La Consti maitea eta beste.

HAUR ETA GAZTEENTZAKO LITERATURA

PIRRITX ETA PORROTX

Zazpikoloroa (4 urtetik aurrera)
Igor Elortza/Julen Tokero

Aniztasunari buruzko ipuin bat: Irriaren Hirian daude Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Urtero bezala, Zazpikoloroaren Festa ospatzen ari dira gaur hirian: mundua kolorez margotzen duen hegazti miragarriaren festa. Aspaldiko kondaira batek dio Patakon pirata dela Zazpikoloroaren zaindaria. Izan ere, Zazpikoloroak ez ditu guztiak lagun; Belekoi andere gaiztoa arrautza berria bahitzen saiatuko da.

Sentitu, pentsatu eta ekin
Amagoia Mujika

Jon Urberen argazkiz eta Agustin Ibarrolaren marrazkiz hornitutako liburua: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek aurten bete dute beren hogeita bostgarren urteurrena. Hori dela-eta, Amagoia Mujika kazetariak beren ibilbidearen berri emango digu, euren unibertsoa osatzen duten oinarrizko ideiak, sentimenduak eta ekintzak agertuz.

BATELA

Nire aitaren botak (6 urtetik aurrera)
Mikel Valverde

Koldok bere aitaren bota beltzak jarriko ditu. Koldok bi bufaloren irudia etorriko zaio burura bota horiek ikusita. Horrela, ba, Koldo kalera irtengo da botak jantzita eta oinetan bi bufalo dituela irudikatuz. Abentura zoragarriak biziko ditu bere irudimenari esker.

Mux munstroa (6 urtetik aurrera)
Pello Añorga
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
 
Bi etxe eta bi auto ditu amarekin bizi den mutikoak. Ez du anai-arrebarik, baina bai, jolaserako asko estimatzen duen munstroa: Mux. Ama estresatuta dago, ordea, bera bakarrik dagoelako mutikoaren kargu; asteburuetan egon ohi da aitarekin. Demanda ugari egin ohi dute semeak eta amak, eta batzuetan, Muxek jasaten ditu haserre horien ondorioak.

SENTIPUINAK

Erlantzen izarra (6 urtetik aurrera)
Begoña Ibarrola/Xavier Salomó.
Itzulpena: Miren Agur Meabe

Norberaren buruarekiko konfiantzari buruzko ipuin bat: Kristalur izeneko planeta batean, bazen herri bat izarrekin hitz egiten zuena. Haur batek zazpi urte betetzen zituenean, jai handia ospatzen zuten Kristalurren. Haur horrek izar bat aukeratu, eta harekin komunikatzen ikasi behar zuen. Erlantz urduri zegoen. Gau hartan bere urtebetetze-festa egingo zuten, eta izarra aukeratu beharko zuen…

Sagutxoiren ametsa (6 urtetik aurrera)
Begoña Ibarrola/Santiago Aguado
Itzulpena: Miren Agur Meabe

Lotsari buruzko ipuin bat: Sagutxoi herensugeak nahiago zuen kantatu ahotik sua bota baino. Gurasoek ez zuten hori ulertzen, eta hasieran haserretu egin ziren, semea beste herensuge guztiak bezalakoa ez zelako. Sagutxoi ez zegoen gustura, harik eta egun batean…

ETA ZER?

Artzaina naiz eta zer? (8 urtetik aurrera)
Txani Rodriguez
Ilustrazioak: Jokin Mitxelena

Gaurko gizartean, abiada, autoak, gaueko bizitza, jendez inguraturik egotea, hiri handia dira gehien miresten diren balioak. Hala ere, badira bestelako bizimodua nahiago dutenak eta, adibidez, artzain izatea erabakitzen dutenak.

Umorez kontatuta ere, zer pentsatua ematen du Txani Rodriguezen ipuin honek.

KUKU

Printzesa pixatia (8 urtetik aurrera)
Xabier Mendiguren Elizegi
Ilustrazioak: Ainara Azpiazu “Azpi”

Munduko erresuma guztietako printzesa guztien artean berezitasun bat zuen Karolina Potolinak: txizontzia zela, eta, edozein eginkizunetan ari zela ere –dantzaldi dotore batean, desfile ofizial batean, bilera serio baten erdian…– dena bertan behera utzi behar izaten zuela aldiro, txiza egitera joateko. Zer egingo du Printzesa Txizontziak arazo hori konpontzeko?

Nire potxolina maitea (8 urtetik aurrera)
Alaine Agirre
Ilustrazioak: Eider Eibar

Alaiak txixa egiten du gauetan eta ohea busti. Ez du nahi, baina ez daki nola saihestu. Amak errieta egiten dio, aitak opari bat agintzen dio txixarik ez egitea lortuz gero eta bere neba Danel bihurriak barre egiten dio, zirika.

Haurtzaroan sarri izaten den arazo bati buruz idatzi du Alaine Agirrek, delikadeziaz eta hizkuntza landu batean.

XAGUXAR

Euli bat bihotzean
Leire Bilbao
Ilustrazioak: Maite Gurrutxaga

Gorka arraro sentitzen da. Liburu ospetsu hartan bezala (Kafkaren Metamorfosia), gauean euli bihurtu dela pentsatzen du. Asmatuko al du bere euli-bizitza berrian? Zer gosalduko du? Nola mugituko da? Zer pentsatuko dute bere gurasoek, arrebak, aitonak…?

Errealitatearen eta fantasiaren arteko ertzean jolastuz, ipuin arin eta dibertigarri bat idatzi du Leire Bibaok, Maite Gurrutxagaren irudi ederrek lagunduta, desberdin sentitzen diren haurrei buruz.

Ximon ipuinen munduan
Arrate Egaña
Ilustrazioak: Iñaki G. Holgado

Zoritxarrekoa sentitzen da Ximon, gurasoek ez diote jaramonik egiten, eta eskolakideek ere ez (Maider kenduta). Horregatik eroriko da egun batez Ipuinen Mundura: han bizi dira Txanogorritxo, Peter Pan, Lamiak, Merlin, Aladino… eta haien artean, ipuin batetik bestera mugituz, bera bezala bizidunen mundutik joandako haur “zorigabeak”. Bizitzak abentura etengabea dirudi Ipuinen Munduan, baina han ere arazoak sortuko dira, gehiegi baitira zorigabeak, eta haiei erasotzen hasiko dira ipuin batzuetako protagonistak.

Bi planotan kontatuta dago nobela: errealitatearena batetik, Ximonen familia eta eskolako arazo eta gorabeherekin, eta Literaturaren planoa bestetik, mundu osoko hainbat ipuinen bidez; ederki josi dute bi maila horien arteko lotura Arrate Egañaren historiak eta Iñaki Holgadoren ilustrazioek.

Tripoli doktorea
Karlos Linazosoro
Ilustrazioak: Bruno Hidalgo

Anbulatorioko itxarongela lepo dago, gainezka. Goizeko zortziak puntuan dira. Eta Tripoli doktorea eta Olga bere erizaina berehala hasiko dira beren eserlekuetan zain daudenak kontsultara pasarazten. Bakoitzak bere gaixotasunak eta nekeak kontatuko dizkio, zein baino zein xelebreagoak. Hala modukoak izango dira Tripoli doktoreak proposatzen dizkien sendabideak.

Beldarren hegaldia
Irati Bediaga
Ilustrazioak: Enrique Morente

Nahiak hamar urte ditu, eta, bere lagunekin batera, balleta ikasteko izena eman du. Sabelean sentitzen dituen kili-kiliak tximeletak direla esango diote etxekoek. Laster ikusiko du, ordea, balleta ez dela horren erraza, eta tripa barrukoak beldarrak direla esango du berak: tximeleta bihurtu aurreko xomorroak.

Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi duen lan honetean, Irati Bediagak haurtzaroko beldur eta konplexuen gaia lantzen du, aldi berean umorez eta sentiberatasunez.

TAUPADAK
Argazki albuma (13 urtetik aurrera)
Antton Kazabon

Argazki albumaMaitasunari buruzko istorioa bat: Aintzane eta Ander nerabeak dira istorio honetako protagonistak. Anderrek moto-istripu baten ondorioz, hanka galdu du eta bizitza hankaz gora jarri zaio. Errehabilitazio lanetan ari dela Aintzane ezagutuko du. Bere erizaina ez ezik, laster bihurtuko da bere neska-lagunak. Bere maitasunak lagunduko dio bere aurreko bizitza atzean uzten.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario