Iñaki Irasizabal – Orbe auziaren ingurukoak


Iñaki Irasizabal: “Ardura etiko eta penalen arteko diferentziei buruzko hausnarketa egin nahi nuen”

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) nobela beltzen gure idazle berezienetakoa, lan berri batekin datorkigu: “Orbe auziaren ingurukoak”, idazle baten hilketa ankerrarekin abiatzen dena. Beregana jo dugu, eleberriaz galdezka.

 

Liburua 2012an aterako den arren, nabari da pixka bat lehenago idatzia dela…
Bai, egia da. Liburua urtebete inguru lehenago idatzia da eta aipamen txiki batzuetan baliteke hori igartzea, 2011n gertatu diren aldaketak direla-eta.

Nola bururatu zitzaizun argumentua?
Garrantzi handia ematen diot nobela beltzak idazterakoan argumentu edo ikuspuntu desberdinak erabiltzeari, eta ardura etiko eta penalen arteko diferentziei buruzko hausnarketa egin nahi nuen kasu honetan. Horri bueltaka ari nintzela, gazteen eta helduen arteko lege tratamenduaren ezberdintasuna etorri zitzaidan burura, eta argi ikusi nuen hor istorio on bat egon zitekeela.

Zure azkeneko nobeletan ez duzu politika konturik sartu; hemen ordea bai, gero gauzak bestelakoak diren arren.
Euskaraz eta nobela beltzak idatziz gero ia ezinezkoa da politika ez aipatzea. Ez dut uste gai bakarra denik, baina ezta ere saihestu beharreko zerbait. Liburu honetan amu modukoa osatzeko erabili dut.

Nolakoa izan da idazketa prozesua? Hasieratik zeneukan garbi zer gertatuko zen ala idatzi ahala erabaki dituzu gauzak?
Idazten hasi aurretik garbi nituen hari nagusiak. Xehetasun batzuk aldatzen joan dira eta pertsonaia batzuk gehitu dizkiot, baina oro har, hasieratik nahiko garbi nuen dena. Nobela laburrak idaztearen abantaila.

Tarteka sartu duzun gai bat: Espainiako komunikabideen kritika, irrati-tertulien eta telesaio arrosen parodia guztiz sinesgarriak eginez…
Nobelak garaiaren eta gizartearen isla dira neurri handi batean. Noiz eta non idazten den, horrek beti du eragin handia testu batean, eta gaur egun gizarte mediatiko batean bizi gara. Hedabideek, eta telebistak bereziki, pisu handia dute gure bizitzetan, baita telebista ikusten ez dutenen bizitzetan ere.

Guraso eta seme-alaben arteko harremanak konstante bat dira zure eleberrietan.
Familia harremanak oso literarioak iruditzen zaizkit. Ingelesez idazten duten ipuingile batzuen eragina dela uste dut, baina ezin dut saihestu.

Arrazoirik gabeko biolentzia ageri da nobelan. Horren arriskurik ikusten duzu inguruan?
Ez dut uste jendea elkar joka hasiko denik besterik gabe, baina arrazoi zehatzik gabeko biolentzia kasu bakanak egon badaude, hori ez da fikzioa. Orain dela gutxi, Bilbon, Santutxun, gizon irandar batek aizto bat hartu eta aurkitzen zuen jendeari erasotzen hasi zen. Euskarazko irakasle bat hil zuen.

Hala ere, ez gurasoekiko harremanetan, ez biolentziaren gaian, ez duzu tesi espliziturik botatzen. Irakurleari pentsarazi nahi diozu, ala ez dago atera beharreko mezurik?
Eginbeharrik izatekotan, idazleok galderak egin behar ditugula uste dut, ez erantzunak eman, horretarako badaude –horretan ahalegintzeko– beste gizarte eragile batzuk. Helburua ahalik eta istorio onena, modu onenean kontatzea da, eta pedanteegia ez balitz gizartearen zati baten azterketa subjetiboa egitea gehituko nizuke.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario