Garbiñe Ubeda: “Nik kontatu nahi dudana kontatzeko, nobela da formaturik onena”

Augustin Zubikarai

Garbiñe Ubeda eta Xabier Mendiguren Ondarroako Kafe Antzokian, azaroaren 3ko sari-emate ekitaldian.

Garbiñe Ubeda kazetariak (Tolosa, 1967) Augustin Zubikarai saria irabazi berri du, Heldu den iragana nobela-proiektuarekin. Urtebete du orain bere egitasmoa ontzeko, eta ondo bidean 2013ko udazkenean kaleratuko da eleberri amaitua. Hona, pasa den larunbatean Ondarroan egindako sari-emate ekitaldian egindako elkarrizketa laburra.

Kontaiguzu, gainetik bada ere, zertaz doan nobela-proiektua. 


Nobelako protagonista aitonaren arrastoaren bila dabil. Aitona, CNTko 
sindikalista, 36ko Gerraren ostean desagertu zen, dena galduta Frantziara 
ihes egin zuenean. Bilaketa horretan, gauza txundigarriak deskubrituko ditu, 
etxean jaso duen bertsioarekin bat ez datozenak. Besteak beste, aitona ez 
zela garai hartan hil, dezente geroago hil zela…

Bide Ertzean-en azken diskoan, Non dira (2006), Imanol eta Joni Ubedazure nebek 36ko kontuak jorratu zituzten, eta zuk ere hara jo duzu; zenbatdago autobiografikotik planteamenduan eta zenbat garapenean?

Non dira disko eder horrek gerraren gaiari heldu zion, gerraren miseriari, 
biktimak… Nik desagertuaren figurari helduko diot. Desagertuak mamuak 
dira: hiltzat jotzen diren arren, hor dira beti, present, baina ez dago 
dolurik, ezin zaie lore-sorta bat jarri eta agur esan, ez dute etapak ixten 
uzten, ondorengoen bizitza baldintzatzen dute. Nire nobelak, diskoak bezala, 
badu autobiografiatik, nahiz eta horrek sarritan traba egin didan. 
Norberarena gainditu edo bazterrera utzi behar izaten da fikzioa sortzeko.

Fikzioa sortzea aipatu berri duzu; baina zu orain arte kazetari moduan izan zara ezaguna euskal letretan. Aspalditik zenuen asmoa?

Nik darabilzkidan koordenadetan, kazetaritzaren eta literaturaren arteko 
muga lausoa da. Berriarako egin izan ditudan zutabe gehienak fikzioa dira, 
nahiz eta kronikatxoen itxura duten. Betidanik jardun dut idazketan, 
kazetaritzara heldu baino lehenagotik ere, koldar, nahi bada. Orain, 
txorakeriak utzita, ausartu egin naiz. Zergatik? Nik kontatu nahi dudana 
kontatzeko, formaturik aproposena nobela dela iruditzen zaidalako. Ez luke 
berdin funtzionatuko, esate batera, erreportaje mardula edo saiakera 
idatziko banu.

Berria izanik ere, epaimahaikide guztiek goraipatu dute zure estiloa; literaturanzein dituzu gustuko joerak, moldeak, autoreak…?

Nekez pasatzen ditut euskal literaturaren mugak. Ez dut denborarik esku 
artera heltzen zaidanaz harago bilatzeko, eta beharrik ere ez, egia esan. 
Une honetan Mikel Antzaren Atzerrik nauka sorginduta.

Gerran galdutako arbasoaren bilaketarekin batera, irudi dezake nobelakaukera emango dizula bestelako gaiak ere lantzeko: familiaz, iraganaz,identitateaz…


Bai. Osagai horiek, nolabait esanda, nobelaren gatz-piperra izango dira. 
Mitoak eta figura idealizatuak eraistera noa, heroiak apaltzera, arrunt 
bilakatzera. Humanizatu egin nahi ditut, akasdun direla erakutsi.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario