Houellebecq: Frantziako Anti-intelektuala

houellebeqBatzuetan errealitateak aurrea hartzen dio fikzioari. Frantzia, 2022: hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian Alderdi Musulman Moderatuak bozak irabazi eta Frantziako lehenengo presidente musulmana hautatzen dute. Horrela hasten da Michel Houellebecq-en azken eleberria, La Soumission (2015). Eztabaida handia sortu du, bai eleberriaren edukiarengatik baita plazaratu den unearengatik ere; urtarrilaren 7an, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua gertatu zen egunean bertan. Ondorioz, idazleak liburuaren promozioa bertan behera utzi eta Parisetik alde egin behar izan du denboraldi batez.

 Zalapartaz inguratuta egon da Houellebecq-en ibilbide artistikoa. Lehenengo bi eleberriek, Extension du domaine de la lutte (1994) eta Les Particules élémentaires (1998), ondorengo tesia defendatzen dute: 60. hamarkadako sexu iraultzak desiren liberalizazioa eta kapitalismo sexualaren sorkuntza ekarri zuen, hots, sexua praktikatzeko aukeren araberako banaketa sozial bidegabea. Honek gaurdaino dirauen eztabaida polarizatua sorrarazi zuen: Houellebecq, pesimista erradikala ala errealista à la Balzac? Hurrengo eleberriarekin, Plateforme (2001), eztabaida garraztu baino ez zen egin. Bertan, Frantziako bidaia agentzia batek Tailandiako turismo sexuala komertzializatzearen ondorioz, atentatu terrorista bat pairatuko du muturreko talde islamiar baten eskutik. Pertsonaien ahoetatik islamaren aurkako diatribak aterako dira, eta honek Houellebecq auzitara eramatea ekarriko du, islamaren aurkako gorrotoa bultzatzeagatik. Adierazpen askatasuna unibertsala dela argudiatuz, epaileak errugabetzat jo zuen Houellebecq.

 La Carte et le Territoire (2010) eleberriari esker ordura arte ukatutako errekonozimendu instituzionala iritsi zitzaion: Frantziako literatur sari garrantzitsuena, Prix Goncourt-a eman zioten. Eleberrian, artearen mundu ustela, suizidio lagundua eta Europaren etorkizun iluna sarkasmo eta ironia trebez deskribatzen ditu. Eleberriak idazteaz landa, poesia eta saiakerak argitaratu ditu eta filmetan ere hartu du parte. Aurtengo Berlinalen L’enlèvement de Michel Houellebecq aurkeztu zuen, idazleak 2011n pairatutako balizko bahiketa fikzionatzen duen filma. Errealitatea ala fikzioa, jokoa ala estrategia, Michel Houellebecq-ek anbiguotasunaren indar kritikoa balioesten irakasten digu.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario