Joan Mari Irigoien: “Eleberriak bi plano ditu: arma lantegiaren ugazabari dagokio bata, eta biktimari bestea”

Arma, tiro, bammm! Joan Mari IrigoienJoan Mari Irigoien (Altza, 1948) nobela berri batekin etorriko zaigu 2013ko irailean, 65 urte betetzearekin batera. Orbetarrak trilogia mardula amaitu os tean, eta iaz haurrentzako poesia-liburu bikoitz bat kale ratu eta gero, armagintza har tu du gaitzat Arma, tiro, bammm! eleberrian: bi familia dira protagonista, eta nobela gehienean paraleloki garatzen doa zen hari bi topatuko ditugu: batetik, Euskal Herriko familia bat, arma-fabrika baten jabea; bestetik, Ekialde Hurbileko balizko herrialde bateko familia bat. Batean zein bestean, hainbat pasadizo, xehetasun eta gorabehera. Horietaz gehiago jakiteko egilearengana joan gara galdezka.

Haurrentzako bi poesia liburu idatzi zenituen udazkenean, eta oraingoan aldiz, helduentzako armagintzaren inguruko nobela bat. Salto handia ezta?

Bai, salto handia da, mutur batetik besterainokoa ia, baina idazle batek, gogoaren pertika bere egiten duenean, zernahi egin lezake, baita kanguroen munduan sartu eta haiek bezalako bihurtu ere: gogoa dagoen tokian, aldaparik ez…

Haur zein helduentzako idatzi izan duzu. Zer nahiago duzu?

Idaztea atsegin dudan ofizioa da, eta ia berdin zait batean edo bestean aritzea, erantzukizun handiz betiere, hori bai, haurrentzat idaztea ere IDAZTEA baita (horrela, maiuskulaz), batzuek haurrak bigarren mailako hartzailetzat dituzten arren.

Gatozen nobera berrira. Aspalditik zeneukan arma-trafikoaren gaia lantzeko asmoa, ezta?

Bai. Ba ote dago, izan ere, gauza tristeagorik eta absurdoagorik arma-lantegi bat baino, gerren eta giza odolaren kontura negozio gizenak egiten dituena? Baina okerrago dago, ausaz, jendeak egoera hori onartzea eta normaltzat hartzea. Zenbat eta zenbat biktima eragingo ote zituen, ordea, normaltasun delako horrek, XX. mendean, adibidez? Milaka eta milaka, miloika ere bai, zoritxarrez… Guztiok ikusi dugu egunotan, Ipar Korearen inguruan piztu den krisian, mundua bera ere hari batetik zintzilik dagoela… eta hala, bada, globalizazioaren aro honetan, noiz sortuko dugu mundu mailan erakunde bat, Herrien armagabetzea izango lukeena helburu, bonba atomikoa duten Herriena bereziki?

Zergatik armagintza?

Horri erantzuteko, nire historia pertsonala kontatu behar dizut.

Nik, hasteko, bakezale antimilitaristatzat dut neure burua, bere kasa dabilena, ahuntza haitzetan lez. Eta, hala ere, esan beharra dut, umetan, ehiztaria izan nintzela; neure mailatxoan, jakina: tiragomak, zepoak, karabina, etab., harik eta, hamabost bat urte nituela, ulertu nuen arte nahiago nituela txoriak hegan eta kantari hilda baino. Gero, hamazortzi bat urterekin, ebanjelioa irakurri, eta irakurketak gandhizale egin ninduen.

Joan Mari IrigoienBadago nobelan Koldo Sarasua izeneko militante antimilitarista borrokalari bat, bere momentuan soldadutza egiten duena, gurasoen arrazoiei amore emanda gero (Koldok ez du soldadutzara joan nahi, baina gurasoek bai, semeak okerrago duelakoan urteetako kartzelaldia urtebeteko soldadutza baino); soldadutzaren esperientzia penagarri-negargarriak, ordea, munduko armaden kontra jarriko du Koldo; bada, alde horretatik, ni izan nintekeen Koldo Sarasua, nire historia ere antzekoa izan baitzen. Ni ez naiz, baina, Koldo Sarasua: nik, adibidez, ez nuke inoiz parte hartuko berak parte hartzen duen atentatuan, beste bide batzuk egokiagoak iruditzen zaizkidalako.

Eta, hala eta guztiz ere, nik, nobelan, lantegia desegiten duen komando bat nahi nuen, modu birtualean bada ere (elkarrizketa egiten ari zaizkidan honetan 2013ko maiatzean gaude, eta EXPOSAren aurkako atentatua San Juan egunean gertatuko da, ezinezkoa dena: itxaron San Juan egunari, eta esango didazue…), sinetsia bainago mundu birtualak asko lezakeela mundu erreala esplikatzeko.

Liburua, izan ere, fabula bat da, azken batean: horregatik erabiltzen dut irudimena, eta horregatik eraman dut gaia, irudimenaren laguntzaz, muturreraino, kontraesanak, era horretan, garbiago azaltzen direlakoan, alde etiko-moraletik ikusita bereziki; eta horregatik bukatu dut nobela, nahita, leherketa izugarri batekin; izan ere, zer izango litzateke eztanda horietako bat gure hiriburuetako batean? Bada, Iraken horrelakoak gertatzen dira egunero, eta ez al zuen Mendebaldeak gerra madarikatu hori piztu, Azoresko hirutasun-dirutasun santuaren gezur-zerbitzuei esker? Noiz ikasi behar dugu ahulen eta munduko miserableen tokian jartzen, eta noiz haiek errespetatzen…? Noiz egin behar du Mendebaldeak ere bere buruaren kritika zorrotza, harrokeria guztiak bazter utzita?

Arestian “beste bide batzuk egokiagoez” mintzatu zara, mugimendu antimilitarista dela-eta. Zer edo zer erantsi nahi duzu?  

Armen kontrako sentimendua barru-barrukoa dudan arren, ni ez naiz gaian aditua, baina nola edo hala erantzungo dizut. Niretzat, mugimendu antimilitaristak mugimendu ekologistarekin eta beste mugimendu alternatibo batzuekin bat egiten saiatu beharko luke, gizartean gero eta zabalagoa izango den MUGIMENDUA (horrela, maiuskulaz) osatzeko bidean, desobedientzia zibila arma ezinbestekotzat lukeena, eta politika instituzionala —ez belikoa ez makiabelikoa— egiteko ere borondatea izango lukeena, baita, aginte-guneetara iritsiz gero, politika hori aurrera eraman ere, gobernuek arma-lantegiei eman ohi dizkietan diru-laguntzak errotik ukatuz, armen sektore hori birmoldatzeko planak bultzatuz, eta benetako bakearen kultura hedatuz…

Bestela esango dizut: nik ez dut ukatzen “armen aurkako borrokan armak erabili nahi izatea”, aitzakiarik gabeko printzipiotzat ez ezik, desio laudagarritzat ere har daitekeela, biziaren aldeko aldarria ere baden neurrian. Baina aitortzen dut, halaber, izugarria izango litzatekeela mugimendu antimilitaristan horrelako estrategia nagusituko balitz… Izan ere, gauza bat da teoria eta beste bat praktika: inork jarriko ote du dudan, bada, armazaleek armagabeen gerra-ekintzatzat hartuko luketela hauen atentatu bakoitza, baita errepresiorik ikaragarrienari ekingo lioketela ere, jarraian? Nik, ordea, ez nuke mugimendu antimilitarista kolapsatua ikusi nahi, kideak eta ekintzaileak kartzelan jazarriak, zapalduak eta deuseztatuak, estrategia oker bati lotzeagatik, armazaleak —munduko estatu guztiak tartean—, armagabeak baino askoz ere indartsuagoak izateaz gain —egoera gatazkatsu bati buruzko edozein analisi serio indar korrelazioari lotutako datuetatik abiatzen da beti—, ez baitira geldi egotekoak, eta zer esango dizut, bada…? Nire iritzi hau gehiegizkotzat joko duzu agian, baina, une honetan, kataroek Montségur-en izan zutèn errepresioa datorkit gogora, aienatzera eta suntsitzera eraman zituena…

Nobela hau bukatzen den tokian bukatzen da, intentzio osoz, baina, orain bururatzen zaidala, bigarren parte bat ere ez litzaioke gaizki etorriko, beharbada, errepresioaren gorabeherak kontakizun…

Nobela honetan, bi istorio paralelo kontatzen zaizkigu, itxura berezi batean.

Nobelaren gertaera zentrala honako hau da: EHko EXPOSA izeneko arma-lantegi batean ekoitzitako mina batek Wadi Abyad izeneko arabiar herri batean lehertu, eta gazte bat hiltzen du: Yazîd Musallem. Horra hor, beraz, bi plano, bi familia: arma-lantegiaren ugazabarena, eta biktimarena. Bada, nobelan hori kontatzen da: bi familia horien historia, hiru belaunalditan, atalez atal: atal bat arma-lantegiko familiari lotua, eta hurrengoa biktimaren familiari… atal guztiak era horretan txandakatuta, liburu osoan zehar.

Bi harietako zeinetan aritu zara erosoen idazteko garaian?

Arma-lantegiari lotutako haria ezagunagoa zitzaidan, baina bietan ibili naiz gustura, egia esan.

Hainbat urtetako kontakizuna dago harietako bakoitzean, eta amaieran baizik ez dira elkartuko. Bitartean, zer eskaintzen du kontaketa txandakatuak: bi zibilizazioren arteko kontrastea ala bien arteko antza?

Kontrastea eta antza, biak. Ni konbentzituta nago, izan ere, gizakiok, funtsean, berdintsuak garela: bekaiztiak izan gaitezke edo eskuzabalak, harroak izan gaitezke edo apalak: bertute eta bizioen nahasketa bat gara gehienetan; beste alde batetik, munduko bazter orotan entzuten dira kantak, edo ikusten dira dantzak, eta horrek gizaki guztion barru-barruko behar bertsuari erantzuten dio: manifestazioaren formak dira diferenteak, askotan urte luzeetako tradizioak moldatuak eta sendotuak.

Zure gai kuttunetako batzuk ageri dira hemen. Adibidez, bi anaiaren arteko harremanak.

Anaiarik zaharrenak biki ditut, eta horregatik izango da, ausaz…  Bikiak, gainera, primeran datozkit errealitatea disekzionatzeko: bi polo ditu Lurrak, gauak eta egunak bizi gaitu lurtarrok… mundu digitalean ere, bi zenbaki erabiltzen dira funtsean: 0 eta 1. Ez dut dudarik, beraz, gizakion mundu sinbolikoaren oinarrian, bia dagoela: bi polo, bi zifra digital… bi biki, alegia, guk ere, nobela bat egiterakoan, erabil ditzakegunak, mundua hobeto esplikatzeko.

Joera espirituala duten pertsonak ere, familia bietan daude.

Bai, gure haurtzaro-gaztaroan Elizak indar handia zuen, eta kristau hezi gintuzten. Gauza onak ikasi genituen (boteretsuekiko errezeloa eta ahulekiko elkartasuna), baina sexu-heziketa penagarria izan genuen. Denborarekin, mila gauzarekin hautsi, eta gaur egun, Elizarik gabeko kristau atipikotzat dut neure burua, jakituria-iturri guztietara zabalik dagoena: halako zerbait…  Izan ere, beti interesatu zaizkit mistikoak, hain da inguratzen gaituen guztia —belar bat edo belarri bat, zernahi…— misterio: ezereza den guztia eta guztia den ezereza. Beste alde batetik, gaztetatik joan izan naiz Almeriara urtero, eta han literatura sufiarekin egin nuen topo. Poeta bikainak sufi hauek: Ibn Arabi, al-Hallâj. Al Fârâbî, Ghazâlî, Shorawardî, Rûmi…!

Zure aurreko trilogian, XIX. mendeko eta XX.aren lehen erdiko gizartea xeheki ikertzen zen; hemen, berriz, azken urteetaraino zatoz, eta gaurko politika kontuak jorratzeko beldurrik gabe.

Azken urteotan ETAk eragin duen kalteaz ari zaizkigu hedabideak, gau eta egun. Horrekin batera, baina, noiz mintzatuko gara, maiztasun berarekin, beste agente batzuek eragindako minaz: arma-industriak eragindakoaz, adibidez? Nik hutsune hori bete nahi izan dut nobela honetan.

Etorkizun hurbilean zein proiektu dituzu eskuartean? Edo zein asmo?

Badut buruan liburu anbizios bat, “Lur bat haratago”-ren antzekoa baina urrunago iritsi nahiko lukeena: susmoa dut, hala ere, pasatu zaidala hori egiteko denbora (baten batek hartuko du deskantsua…!). Baditut, gainera, kaxoian, zirriborro batzuk: gazteentzako bi ipuin-liburu, helduentzako bi nobela arin eta poema-liburu saltsero bat. Horrezaz gain, gauza motz batzuk ere idatzi nahi nituzke, azken aldi honetan izan ditudan gorabeherak aintzakotzat hartuta: ikusiko dugu…

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario