Karmele Jaio: “Pertsonaia guztien barruan burrunba egiten dien hutsune bat dago, zulo bat, nola estali ez dakitena”
Hamabost zauri, Amaren eskuak, Zu bezain ahul, Musika airean eta kaleratu berri duen Ez naiz ni dira Karmele Jaioren bibliografian aurkitu ditzakegun altxorrak. Azken hau 15 istorioz osatutako bilduma da. Honen inguruan gehiago jakiteko helburuarekin idazlearengana gerturatu gara.
Zure pertsonaiak, “nel mezzo del cammin di nostra vita” daude, Dantek esan zuen bezala, ezta? Pertsonaia guztiak daude bizitzaren erdigunean edo haratago, eta horretaz konturatuta halako kezka, larritasun, sosegurik eza nabari zaie. Batetik, denbora aurrera doala konturatzen direlako; bestetik, ez dutelako euren burua ezagutzen, jada ez dira ordura arte izan direnak. (Hortik “Ez naiz ni” izenburua). Nola heldu naiz hona?, galdetuko dio askok bere buruari. Pertsonaia guztietan barruan burrunba egiten dien hutsune bat dago, zulo bat, nola estali ez dakitena. Denbora aurrera doala eta, halako antsietatea sortzen zaie denbora aprobetxatu nahian, eta antsietate honek, batzuen kasuan, egoera patetikoetara ere eramango ditu. Batzuek, euren gorputza zimeltzen hasita dagoela konturatzean, sexualki erakargarri sentitzeko urgentzia sentituko dute. Izan ere, oraindik ez daude gaizki, baina denbora gutxirako dela sumatzen dute.
Pertsonaia batek beste bati une batean esaten dion bezala, “zailena ez da zahartzea, zailena zahartzen hastea da”… Halaxe daude ipuin hauetako pertsonaia asko: zahartzen hasita. Eta agian esaten dion bezala, hori da zailena, hondatzearen hasiera. Denboraren iragaite geldiezinaz ohartuko dira egoera ezberdinetan: seme-alabek eurekin oporretan ez dutela joan nahi esaten dietenean, edo jolastoki batean seme txikia nola jostatzen den begiratzen duten bitartean, edo aspaldiko laguna nola aldatu den ikustean.
Batetik, gaien aldetik, badira antzekotasunak zure aurreko ipuin-bildumekin, baina badira aldeak ere; pertsonaiak, adibidez, ez daude hainbeste harreman baten zain, beren buruan kontzentratuago baizik; bakardadean, azken batean zintzilik. Bai, orain arte zarata asko egon da euren inguruan: lagunak, nobioak, seme-alabak… Eta halako batean, isiltasuna egin da, eta euren arnasa entzuten hasi dira. Honek urduri jarri ditu. Bizitza honetara bakarrik etorri eta bakarrik goazela konturatzen hasten dira. Eta honekin batera, bizitzaren halako ebaluazio baten erdian daude, eta ikusi dute jada zenbait gauza ezin izango dutela egin, edo orain egiten ez badute ez dutela inoiz egingo. Eta kasu batzuetan, bigarren nerabezaro moduko batean sartuko dira pertsonaia batzuk, orain arte egin ez duten guztia egin nahian. Zerbait behar dute, insatisfazioa nagusi da denen artean, baina kasu askotan ez dakite zer den. Zerbait jateko gogoa duzunean eta zer den asmatzen ez dakizunean bezala.
Badira diferentziak teknikan ere: ipuinak luzeagoak dira, istorioek adar gehiago dituzte… Era berean, pertsonaien berri xeheagoa ematen zaigu. Bai, ipuin luzeagoak idatzi ditut. Aurreko ipuinetan presa handiagoa nuen bukaerara heltzeko; hauetan testuinguruan sakontzen saiatu naiz, edo, hobeto esanda, hala eskatu didate ipuinek. Adibidez, oso garrantzitsua iruditu zait pertsonaien lanbidea zehaztea (edo lanik duten ala ez esatea). Pertsona bat ezagutzean, izenaz galdetzeaz gain, egiten dugun bigarren galdera zer egiten duen izaten da; beraz, garrantzi handiko informazioa iruditu zait pertsonaiak ezagutzeko.
Beste aldaketa bat tonuan sumatu liteke: orain arte, zure protagonistek bazuten denek halako drama-aura bat edo; hemen, ordea, tarteka badirudi (Reikiaren ipuinean esaterako, baina baita beste batzuetan ere); kariñoz eta errukiz beharbada, baina umorea erabiliz barre egiten diezula. Bai, askotan umorea izan daiteke drama bat islatzeko modu eraginkorrena. Pertsonaia batzuk barregarri geratzen dira ipuin hauetan. Zenbait egoera umorearen bitartez bakarrik azaldu nezakeela sentitu dut. Umoreak haiengana gerturatzen lagundu dit.
Aldaketa horiek kontzienteki erabakitakoak izan dira, berez atera zaizkizu? Gorputzak eskatutako zerbait izan da, edo, hobeto esateko, ipuinek beraiek eskatutako zerbait izan da. Ez dut kontzienteki erabaki ipuin luzeagoak idaztea, edo umorea erabiltzea, edo sexua modu ageriago batean agertzea, aurreko ipuinetan baino gehiago agertzen baita. Gaiak eta kontatu nahi nuenak bultzatu naute.
Inpresioa ematen du, bai zure ipuinetan bai prentsako artikuluetan, behatzaile-sen aparta daukazula, jendearen jokaera eta erreakzioei erreparatu, eta gero horiek aprobetxatzen dituzula idazteko; banpirizatu edo…Nik uste idaztearekin batera, eta urteekin, inguruari adi egoteko joera hori handitzen doala. Idazten hasi nintzenetik hona, joera hori handitu egin da nigan: konturatu barik adi egoten naiz, keinuen eta detaile txikien atzean egon daitekeena aurkitzen saiatzen naiz. Baina idazle guztiei gertatzen zaien zerbait dela uste dut: idazlea lapurra da, eta etengabe dago ingurura begira, hor aurkitzen baita idazten duenaren lehengaii garrantzizkoena. Hor eta bere barruan, noski. Zuk ikusi, entzun eta bizi duzun guztiak du isla idazten duzun horretan. Carmen Laforeten hitzetan, “Idazle batek bizi duen guztia bere fikziozko mundua den sutzarra pizteko erregaia da” .
Ipuinen eta eleberrien artean txandaka ibili zara orain artean. Hurrena nobela bat tokatzen da? Momentu honetan ez dakit. Ipuinak bukatu bezain pronto “Musika airean” gaztelaniara itzultzen jarriko naiz. Eta hurrengoa ez dakit zer izango den. Ni erosoago sentitzen naiz ipuinak idazten, baina hemen ere gorputzak eskatzen didana egingo dut, edo burura datorkidan gaiak eskatzen didana. Ez dakit. Tarteka poema batzuk ere idatzi ditut… Idazten hasi arte ez dakit zer izan daitekeen hurrengoa.
Bestalde, zure lan baten antzerkirako bertsioa ezagutu duzu (“Ekografiak” ipuina, liburu honetan doana), eta zinemaratze bat ere bai (“Amaren eskuak”). Nolako esperientzia izan da? Alderdi pertsonalaz harago, idazteko moduari dagokionez eraginen bat izan du zugan? Zure lan bat beste baten eskuetan eta beste baten ikuspuntutik landuta ikustea oso interesgarria da. Ramon Bareak zuzendutako antzerki obrarekin gustura geratu nintzen, eta pelikula ikusteko jakin-minez nago. Zuk egindako zerbaitetik beste gauza berri bat jaiotzen ikustea beti da pozgarria. Baina ez dut uste esperientzia hauek nire idazteko moduan eragina izan dutenik edo izango dutenik aurrerantzean.
Noticias Relacionadas
- ← Benito Lertxundi – Argizaiola saria 2012 – ZOZKETA
- Los más vendidos de noviembre – Azaroko salduenak – Vous avez aime ce mois-ci →