Kupela – Gailurrak ikutuz

Gailurrak ikutuz” Kupela taldearen disko berria ezberdina da, dantzarako primerakoa, beti bezala, baina letrei arreta jarriz entzuteko ere ona. Izan ere, Mitxelena, Lasarte, Lazkao Txiki, Lopategi, Gorrotxategi, Loidisaletxe, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañaren bertsoak jaso eta kantatu ditu Angel Larrañagak oraingoan.

Angel Larrañagak aspaldiko ilusioa bete du disko honekin: urtetan zehar Euskal Herriko  plazetan zuzenean entzun, gustatu eta buruan jasotako bertsoak disko batean bildu ditu. “Bertsolari guzti hauekin bertsotan aritua naiz, zaharrago edo gazteago baina guztiekin taula konpartitu izan dut. Diskoan jaso ditudan bertso guztiak nik buruan nituen. Abestu zirenean  han nintzen taula gainean edo entzule moduan. Entzun nituenean oso onak iruditu zitzaizkidan, gailurra jo zutenaren inpresioa nuen.” Eta inolako grabagailuren beharrik gabe gogoan hartu eta ekarri ditu orain diskora.Oso grabatuak geratu zitzaizkidan: Lazkao txikiren “ispilua”, Lopategiren “erropa zaharrak bota dituzu zakarrontzi batetara eta hor ikusten duzu beste bat jasotzen”…asko dira onak.”

Jasotako doinuan jaso ditu bertsoak Gailurrak ikutuz diskoan, Larrañagaren ustez oraingo gazteek agian ezagutuko ez duten doinuren bat ere bai tartean. “Garai batean ez genuen gaur egun erabiltzen den doinu mordo hori erabiltzen. Zortziko txikian asko abesten zen eta beraz bertso zuzenagoak egiten ziren, betelan gutxiagorekin.” Diskoan gai jartzaileen ahotsa ere entzungo dugu tarteka, garaiko grabaziotik hartuta.

Diskoa grabatzerakoan betiko formazioan jardun dira Kupelatarrak, nahiz oraingoan panderoak eta bateriak presentzia apalagoa izan ahotsaren mesedetan. Aitor Furundarena, Arkaitz Miner, Andoni Larrañaga… lagun izan ditu Angel Larrañagak. Diskoa borobiltzeko, beti bezala, hamaika erromeria eskainiko dituzte, baina oraingoan, “entzuteko” emanaldiren bat ere emateko gogoa dute. Kupelatarren Gailurrak ikutuz diskoa interesgarria da, entzunaldi bat baino gehiago merezi eta izango duena.


ISPILUA  –  Lazkao Txikiren

Oso ispilu polit eder bat
didate aurrera ekarri
eman duenak jakingo zuen
mutil zahar-zahar honen berri
gazte dan arte hau izaten da
gazte guzien pozgarri
zahartutakuan ez da beiratzen
hau gaztetan bezain sarri

Aizak nik hiri bota behar dit
bertso koxkor bat edo bi
behingoan jarri
geran ezkero
biok aurpegiz-aurpegi
neri begira hortik daduzkak
alperrikako bi begi
noski hik ez nauk ni ikusiko
baina nik ikusteaut hi

Neri begira jarrita moteil
zertako hago horrela
ta pentsatzen dit
aspalditxotik
ezagututzen hautela
mutil zaharraren
moko horrekin
ez dek ematen motela
azal ximurtzen
ari haiz moteil
Lazkao Txiki bezela

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario