“Basati”, Benizzeren lan berria

basati - BenizzeEuskal kantagintzaren zaharberritzearen premia begi bistakoa da Beñat Goitiaren iritziz. Helburu horrekin proposamena egin du, argi eta garden: birsorkuntza hori musika elektronikoaren bidez egin behar da. Horretarako sortu zuen Benizze eta horrela etorri da Basati, bere bigarren diskoa, Paradisu Zinema musika bekaren emaitza.

2023an, EHZ Festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkarrek Paradisu Zinema musika beka antolatu zuten Iñigo Muguruza musikariaren oroimenez. Beñat Goitiarena izan zen aurkeztu ziren hogeita zortzi proposamenetako bat, eta irabazi egin zuen. Entzun bezain pronto, hiru epaileak proposamenaren freskura, argitasuna eta konbentzimenduaz jabetu ziren. Ñabardura askotako musika elektronikoa zekarren, oso ikusgarria eta oso esplizitua.

Beñatek berak honela azaldu du bere asmoa: “1960an, bidea ireki zuen Ez Dok Amairuk, abangoardia eta tradizio herrikoia uztartuz. Azken 20-30 urteotan, berriz, egoera soziopolitikoaren ondorioz, artean garbi islatu den izozte bat izan da. Gaur egun, izoztetik ateratzeko baldintzak badaudela uste dut. Pandemiak ere horretan lagundu du, haustura bortitzago bihurtuz. Testuinguru horretan kokatzen dut Benizze proiektua. Hausturarako proiektu gisa aurkezten dut, 60ko hamarkadan hasi zen Euskal Kantagintzan fase berri batean irekitzeko. Helburua da euskal eszenan musika elektronikoa protagonista bihurtzea”.

Bekaren babesean sortutako emaitza Basati diskoa da. Hamaika kantu dira, orotara, Beñat Goitiaren musika eta hitzekin. Lehenengo laneko musika elektroniko leunaren aldean, doinu bortitzagoak eta dibertigarriagoak ondu ditu disko honetarako. Ekoizpena Beñatek berak hartu du bere gain, Víctor Sánchezekin batera, Elkarrek Adunan duen estudio berrian. Bekak zehazten duen bezala, Benizzeren lan berri hau EHZ Festibalean aurkeztuko da, Arberatze- Zilhekoan (Nafarroa Beherean), ekainaren 28ko asteburuan.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario