XXII. Igartza literatura-sorkuntzako beka berria abian da

Orain dela egun batzuk argitaratu da Miren Amurizaren “Basa”, 20. Igartza bekaren irabazlea. 21.a egiten dabil Erika Elizari, eta oraintxe argitaratzen dira 22. deialdiko oinarriak. Bere ibilbide jada luzean honezkero klasiko eta ezagun bihurtu diren izen asko saritu eta plazaratu ditu idazle gazteentzako sariketa honek: Julen Gabiria, Jasone Osoro, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte…

Aurrerantzean ere, sari hau egile gazteak ezagutarazteko eta haien ibilbidea egiten laguntzeko baliagarria izatea espero dugu. 

 

Oinarriak 2019: 

Lehena. Bekaren xedea

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XXII. IGARTZA LITERATURA‑SORKUNTZAKO BEKA emateko oinarriak arautzen dira.

Bigarrena. Bekaren diru kopurua

Bekaren diru kopurua 6.000,00 eurokoa da, eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak 2019ko martxoaren 13an sinatutako hitzarmenaren arabera, entitate hauek ordainduko dute:

.- CAF enpresak: 4.000,00 €

.- Beasaingo Udalak: 1.000,00 €

.- Elkar argitaletxeak 1.000.00 €

Hirugarrena. Ordainketa

 Ordainketa modu honetan egingo da:

.- 3.000,00€, irabazle izendatu bezain laster (2.000,00€ CAFek, 500,00€ Udalak eta 500,00€ Elkarrek).

.- 3.000,00€, idazlana amaitu eta entregatutakoan eta epaimahaikoek onespena emandakoan (2.000,00€ CAFek, 500,00€ Udalak eta 500,00€ Elkarrek), aldez aurretik zerga eta gizarte segurantza betebeharretan eguneratuta egotearen agiriak aurkeztuta.

Laugarrena. Oinarriak argitaratzea

Deialdi hau iragarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Beasaingo Udalaren webgunean eta eskualdeko zein lurraldeko komunikabideetan.

Bosgarrena. Aurkezteko epea eta lekua.

 2019ko ekainaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna.

Modu ofizialean entregatu beharko dira, hau da:

.- Udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta, horretarako eskaria bete( I. eranskina)

.- On-line bidez, hau da, udaletxeko erregistro elektronikoa erabiliz: www.beasain.eus

 

Seigarrena. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Beka eskaerarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira. 

  1. a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, liburuaren edukia (75 bat orrialde gutxienez), estiloa, etab.
  2. b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
  3. c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia. 

Zazpigarrena. Deialdian parte hartzeko baldintzak.

a) 35 urte bete gabe izatea. 

b) Aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. 

c) Aurreko edizioetan Igartza Beka sariaren titularra ez izatea. 

d) Narratibako lanak izatea: eleberria edo ipuin-bildumak. 

e) Lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izango dira. 

      1. Ez da onartuko lehiaketaren batean saritutako eta argitaratutako idazlanik ez osotasunean ez zati batean, eta ezta moldatutako idazlanik ere. 

 

Zortzigarrena. Epaimahaiaren osaketa eta eginbeharrak.

Osaketa: Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Igor Estankona, Garazi Kamio eta Ana Jaka idazleek

Egin beharreko lanak: jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den izendatu 2019ko irailaren 15a baino lehen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

 

Bederatzigarrena. Proiektua saritzeko ekitaldia.

Epaimahaiak irabazlea izendatu eta Beasaingo Udalari jakinarazi ondoren, Beasaingo Udalak Igartza Literatur beka emateko ekitaldia antolatuko du eta irabazleari gehienez ere urtebeteko epea emango dio idazlana amaituta entregatzeko. Entregatutako idazlanak epaimahaikoen oniritzia jaso beharko du. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

 

Hamargarrena. Beka itzultzea.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

 

Hamaikagarrena. Datuen babesa.

Eskatzaileen datuen tratamendua abenduaren 5ko 3/2018 Lege Organikoaren araberakoa izango da.

 

Hamabigarrena. Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena aplikatuko da.

 

Hamahirugarrena. Ebazpena eta helegiteak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbestez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gorabehera oro ebazteko.

 

Oinarri hauen aurka, Administrazioaren aurkako helegitea jar daiteke Gipuzkoako Administrazioaren aurkako Auzi-gaien Epaitegiaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunetik hasita zenbatutako bi hilabeteko epearen barruan. Hala nahi izanez gero, bide Administrazioaren aurkako auzi-bideari ekin aurretik, birjarpen-helegitea jarri ahal izango da ebazpena eman zuen organoaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunean hasita zenbatutako hilabeteko epean.

 

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario