Udazkeneko Elkar diskoetxeko nobedadeak

Negu Gorriak (Oihuka 1990)

Negu Gorriak-en lehen diskoaren 30. urteurrenaren oroitzapenezko argitalpena. Kortatu taldea desegin ondoren kaleratutako diska apurtzailea, entzulegoa erabat harritu zuen rock-rap-hardcore nahasketa. 

Fermin Muguruza. FM 99.00 DUB Manifest (Esan Ozenki records 2000)

Fermin Muguruzaren bakarkako bigarren diskoaren izenburua da. Argitaratutako 20. urteurrenean, binilo bikoitza formatuan edizio zaindua aurkezten dizuegu, jatorrian argitaratu ez zen formatua. Album hau Brigadistak Sound System lana bi urteko biran zuzenean aurkezten lagundu zion taldearekin grabatu zuen. Binilo berri honek beste 3 remix ditu: Javi P3Z eta Xabi Pery Big Beñat-en remix-ean eta Dub Manifest lanarekin Rude. Denok dantzara!

Xabier Lete. Ni naiz. Antologia (liburua+2 CD) 

Xabier Lete poeta eta kantariak utzitako herentzia ospatu, zabaldu eta trasmititzeko argitaratzen du Elkarrek kantu bilduma antologiko hau, hil zenetik hamar urte betetzen direnean. Haren errepertorioaren sendotasun musikala, poetikoa eta sustantziala biltzeko ahalegin xumea baino ez da. Haren obraren balio artistikoa azalera ekarri eta euskal kultura garaikidearen sorreran eta garapenean Oiartzungo kantariak izan duen eragina eta garrantzia azpimarratzeko.

 

 

Habi: Koloreak (LPa+CDa)

Bi urte baino gehiago dira Habi loratu zela. 2018. urtean sortu zen, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen haien bideak. Horren emaitza da Habi: Jon Anderren bateriaren indarra eta Yerayren gitarraren soiltasuna, Yerayren beraren ahots bereziaren osagarri. Batu eta sei hilabetera plazaratu zuten lehen lana: ‘Loratu’. Azken hilabeteetan sortu dituzten abestiak findu eta bigarren disko batean bildu dituzte. Lehen lana bezala, Elkar estudioetan grabatu dute, Victor Sanchezen gidaritzapean. Paisaia aberats eta koloretsu baten ispilu izango da abesti bilduma, erritmo biziz eta jostariz josia, doinu delikatuenetik zaratarik gorgarrienera. Soinu astindu eder bat belarrian.

Mila modu: Absurdoaren paradisua

Mila Modu Xabier Yaniz oñatiarrak abiatutako musika-proiektu berria da (Xabier Yaniz Hor Konpon taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea izan zen 90eko hamarkadaren hasieran). Andoni Campos eta Oskar Arlanzon kide ohiek ere proiektuarekin bat egin dute. Beraz, Mila Modu hirukote bat da. 2019an estrenatu ziren “Boza Free” izeneko lehen singlearekin, formatu akustikoan. Orain, berriz, Gaztea maketa lehiaketan finalista geratu ondoren, lehen diskoa plazatzen dute, “Absurdoaren paradisua”, ELKAR zigilupean. Disko hau osatzen duten kantak entzutean, doinu landuek, ahots sakonek, atmosfera elektrikoek eta indarrak inguratuko gaitu. Kanten hitzetan, Oñatiko hainbat idazlek eta bertsolarik hartu dute parte.

Korrontzi & Xabier Amuriza: Koplariak (liburua+CDa)

Korrontzik, DJ Makalarekin elkarlanean, musika herrikoia eta elektronikoa uztartu zituen “Topa-K” disko arrakastatsuan (Elkar 2019). 2020an, berriz, oso bestelako lanarekin datorkigu: “Koplariak”. Taldearen hamargarren disko hau Agus Barandiaranen (Korrontzi) eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzaren fruitua da. Orain dela hamasei urte sortu zenetik, mundu zabalean tradizio oso baten erakusleiho bilakatu da Korrontzi. Izan ere, euskara, euskal dantza eta musika mundu osoko jaialdietan ezagutzera eman ditu. “Koplariak” lanarekin sustraietara bueltatzen da, koplagintzari musika herrikoian duen garrantzia emanez.

 

 

Eñaut Elorrieta: Irteera argiak (LPa)

Eñaut Elorrietaren azken lana 180 gramoko binilo formatuan. Disko disdiratsu bezain bare eta heldu bezain fresko honek kantua bera du oinarri eta obsesio. Olatu batean garamatzaten doinu eta hitz ederrak dira. Azken urteetan artistak metatu duen ezagutza guztia sorkuntza berrien eta proposamen eszeniko berriaren mesedetan.

 

 

Xabi Solano Maiza: Trikitixa liburua III (liburua+CDa)

Xabi Solano Maiza trikitilariaren metodo didaktikoaren 3. partea plazaratu dute 5GORAk eta Elkarrek. Bildumari jarraituz, liburu-cd honek honako hauek biltzen ditu: herrikoi kutsuko 8 doinu eta Xabi Solanoren beraren beste 13 piezen partiturak, bai solfeorako bai sistema zifraturako, gehi argazki bilduma eder bat. 3. parte honi dagokion cd-audioak, berriz, “Zaharrak berri” du izenburu. Bertan, lehen aipatutako herrikoi kutsuko 8 doinuak biltzen dira. 8etatik 4 berez herrikoiak dira, 2 trikiz eta panderoz jota eta beste 2 kantatuta. Gainerako 4etatik 2 intrumentalak dira eta beste 2k, berriz, Jon Garmendia “Txuria”k idatzitako hitzak dituzte.

 

 

Antton Valverde: Gaua. Ausentziaren itzala

Izenburu iradokigarri horrekin, kantu berrien bilduma aurkezten digu Antton Valverdek. Pandemiaren patxadan prestatutako lan honen ginga Harkaitz Canoren poesiak inspiratu dion “Sei silabako gauak” abestia da. Izan ere, abesti hori hiru hizkuntzatan grabatu du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Musika moldeketetarako, zenbait kantetan Karlos Gimenezen laguntza izan du. Grabatu, berriz, Victor Sanchezek egin du, Elkar estudioetan. Francisco Herreroren (biolina eta biola) eta Ivan Carmonaren (cello) laguntza ere izan du Valverdek. Disko intimista da, apaiduratan urria eta fin-fina, presarik gabe gozatzeko modukoa.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario