Pako Sudupe “Txillardegiren borroka abertzalea” liburuaren aurrerapena

txillardegiren borroka abertzaleaSabino Aranarentzat, labur esanda, herri baten osagai nagusia arraza zen, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondare genetiko eta espirituala, eta euskaldunon kasuan bereziki fede kristaua, erlijiotasun sakona, kanpotik neurritsua baina barrutik bizi-bizi sentitua, eta horrekin batera hizkuntza eta historia, euskal zuzenbidea, euskal foruak, eta haien bidez gozatu izan omen genuen askatasun politikoa –independentzia nahiago baduzue, edo kasik, 1839ko Legea baino lehen–, ohiturak.

Garrantzizkoenak? Arraza eta erlijioa, eta hizkuntza ere bai, baina beste haien mendean, maketo euskaldunduen herria baino euskotar erdaldunduena mila aldiz desiragarriago, etsi-etsian. Arrazak eta hizkuntzak beste herrietatik bereizten gintuzten; arrazak egiten gintuen gure ondoan “moroak” ziren espainiarrak baino hobeak moralki, eta erlijiosoagoak. Eta indoeuroparretatik arras berezia dugun hizkuntzak ere balio bide zigun beste herrien erlijio-epeltasun edo erlijio- -gabeziarekin ez kutsatzeko.

Horiek, Txillardegiren ustez, Sabinoren alde kritikagarriak; alde onak, berriz, gure aberria Euskadi dela lehen aldiz argi aldarrikatu eta paratu izana, ikurrak asmatu izana –ikurrina, ereserkia–, aberriaren alde bizia eman izana, euskaldunak beren hizkuntzari, historiari eta zuzenbideari begira jarri izana eta, gutxiespenak alboratuta, euskal pizkundeari indarra eman izana. Ez genuen inola ere Lizardi, Lauaxeta, Orixe,
Aitzol eta gainerakorik izango, hura izan ez balitz.

Baina 60ko hamarkadan koka gaitezen, eta ez hirurogei urte lehenago, Sabino Arana Goiriren garaian. Bi jeltzale gailen aipatze aldera, Jose Antonio Agirre1 eta Manuel Irujo2, ez zeuden 50eko eta 60ko hamarkadetan Espainiako eskualde txiroetatik samaldan zetozen “koreanoak” baztertzearen eta haiekin ez ezkontzeko eta harremanik ez izateko eta gisakoak adieraztearen alde; haatik, bazen artean halako errezelo edo goganbeharrik, haiek integratu edo asimilatzeko euskaldunek aginte eta baliabiderik ez zutela alde batera utzirik ere, funtsean, Sabino Aranaren garaitik zetorren ikuspegi xenofoboaren ondorioz.

kapi

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario