Ruper Ordorika: “Saiatu gara kantuok gure alorrera ekartzen, begirunez baina libertatez”

Ruper OrdorikaAzukre KoxkorrakHodeien azpian diskotik bi urte igaro direnean Ruper Ordorikak Azukre koxkorrak (Elkar, 2013) izeneko lan berria argitaratu berri du. Eskenatik desagertu diren aukeratutako talde eta kantari batzuri tributo bat eskeini die 12 kantuz osatutako disko honetan, besteak beste, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Etxahun Iruriren kantuek lekua izango dute, baita ondorengo taldeen kantuen bertsioek ere: Delirium Tremens, Koska, Hertzainak, Errobi, Itoiz, Kortatu, eta abar. Durangoko azokan LPan argitaratuko da diskoa barruan CDa duelarik.

Disko hau egiteko ideia nondik sortu zen?

Entsegu lekutik, nik uste. Neure eginkizunean gehientsu maite dudan gauza musikariekin bat ere beharrik gabe aritzea da: errepertorioari begira baino unean uneko jardun goxoan. Halako batez, Xabier Leteren kantu bat jo nahi nuen Galizian aurkeztu beharreko euskal poesia antologia baterako: Alen da fronteira. Halaxe hasi ginen, erdi jolasean. Hori bai, aldez aurretik bagenuen Gure bazterrak argitaratua, Bidehuts-ekoek Mikel Laboaren omenez osatutako diskoan.

Zergatik aukeratu dituzu talde horiek eta zergatik kanta konkretu horiek?

Banan-banan erantzun beharko nuke, ez daukat erantzun bakarra. Oso joera eta mundu ezberdineko kantari eta taldeak dituzu bertan. Nik uste kantuek aukeratu nautela ni eta ez alderantziz. Beste batzuk ere sartuko nituen, beharbada. Hori bai, bertan daudenak gogotik ematen ditut, batere asmo antolojikorik gabe. Nire gutiziak baizik ez dira. Nahikoa litzateke aldaera hauen bitartez nik talde eta kantari horiengandik jasotakoaren parte bat itzuliko banie. Argitu nahi nuke ez ditugula sartu, nahiz oso hurbileko sentitu, gaur egun ari diren lagun asko, ageri denez. Aukeratutako gehienak garai batean ibiltzen ziren taldeak dira. Zorionez, Errobi, Hertzainak, Delirium, Itoiz, Kortatu bezalako taldeek jarraipen indibidual oparoa izan dute, baina orduko banda haiek euren azukre koxkorrak oparitzat utziz joan ziren… Zer esanik ez geure aurreko kantari handiei buruz! Salbuespenak ere badaude.

Zer dute komunean agertzen diren kantak?

Ba, “nire nahia”, besterik ez, Delirium-en abestia parafraseatuz. Talde arras ezberdinak daude bertan eta baita kantariak ere. Batzuk ni kantuan hasi nintzenerako jada goi mailan zebiltzanak, edo hala iruditzen zitzaidan niri orduan. Horietako askoren telonero bezala ere ibilia naiz: Itoiz, Hertzainak, Kortatu, Oskorri… Eta ia denen adiskidantzaz gozatzeko abagunea ukan dut. Ez dakit… kantuan ibiltzearen ondorioz barruan geratu zaizkidan errepikak eta aireak.

Nola izan da sorkuntza prozesua?

Azken urte eta erdiko tartean grabatu ditugu kantuok. Pare bat hautatu eta entsegu lekuan astiro landu ditugu. Azkarateko estudiora joan eta Jonanekin, gure zuzeneko teknikariarekin, grabatu ditugu, denok batera, entsegu lekuko giroa ahal bezainbat gordeaz. Hilabete batzuk pasata, berriz beste bizpahiru kantu hautatu eta gauza bera…

Jende gaztearen artean kantu horiek ezagutzera emateko abiapuntu bat izan daiteke disko hau? Aldiz, belaunaldi oso bateko jendearentzat garai bateko soinu banda berritua entzuteko aukera izan daiteke?

Gu saiatu gara kantuok gure alorrera ekartzen, begirunez baina libertatez, jakina. Horixe izan da gure ahalegina. Funtsean egin dudana musikariok beti egin duguna da: gure “ganbarako” soinuak interpretzea. Pentsatu nahi nuke guzti honen atzean badela gorazarre moduko bat, gure munduko soinu eta kantu batzuei agur egiten diegula. Neure gogoko lagun batzuei oroigarri postal bat bidaltzea bezala sasoi nardagarri hauetan. Hortik aurrera, diskoak zer harrera izango duen ezin dezaket aldez aurretik jakin.

Talde hauek ia denak desagertu dira, eta kantari batzuk ere bai, aipa iezaiguzu Mikel Laboa edo Xabier Leterekin izan zenuen harremana.

Talde guztiak, ez, batzuk birrantolatu egin dira: Balerdi Balerdi eta, entzun dudanez, Delirium Tremens ere berriz hasteko asmotan omen da.

Mikel Laboa eta Xabier Lete! Oraindik gogoan daukat lehenengoz eskenatokian ikusi nitueneko eguna. Ezin labur erantzun… Baditugu eta izan ditugu, bai, herri-musika duintasunez eta maila gorenera jaso duten gure aurreko belaunaldiko kantariak: zorioneko gu! Mikelekin gainera… Gauza handia da beti mirestu izan duzuna hurbiletik ezagutzeko zoria izatea.

Diskoan dauden kanta hauek zenbatetaraino izan dira esanguratsuak zuretzako?

Denek dute toki hautatua neure ganbaran. Errepika eder batengatik, edo garai bateko pasadizoren batengatik, edo arrazoirik gabe, den-denak. Hori bai, nonbaiten jarri behar genuen muga eta hamabi kantu hauekin konformatu gara.

Aspaldiko partez, diskoa hemen grabatu duzu eta hemengo musikariekin… zurekin zuzenekoetan ibiltzen diren musikariekin, zer dela eta?

Talde lana izan da, benetan. Urte batzuk badaramatzagu elkarrekin, gero eta bateratuago gabiltza soinu aldetik. Arkaitz Miner-ek jo ditu gitarrak, mandolinak eta biolina, Lutxo Neirak baxua eta Hasier Oleagak, bateria. Zuzenekoetan bezala. Uste dut asmo honetarako interesgarria dela musikari euskaldunak izatea, landu nahi genituen autore batzuk behintzat, aldez aurretik ezagutzen zituztenak.

Pieza pare baterako Ben Monder izan dugu gonbidatu berezia, disko askotan lagun izaten dudan gitarra jotzaile amerikarra. Iragan urteko Gasteizko Jazzera etorri zela aprobetxatuz saio eder bat burutu genuen estudioan.

Dagoeneko ba al dituzue zuzenekorik?

Bai. Aurrekontzertu pare batekin hasiko gara Nafarroan, urrian bertan, eta gero Donostian, Bilbon, Gasteizen, Durangon, Elgetan, etab. ikusiko dugu.

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario