Unai Villena “Hauts haietatik” liburuaren aurrerapena
Nire izatea korapilo bat da
iluna eta gogorra
nire burmuina armiarma sarea josiz doa
labirinto honetan bizi naiz
(Keike. “Ni, korapiloa”.
Beldurra mina argia. 2006)
ANDER Arruti Suarez. Arruti. Arru. Nire nortasun-agiriak dio Eibarren jaio nintzela, baina Arrasaten jaio nintzen, amari haurdunaldia azken txanpan okertu eta bertako ospitalean ingresatu behar izan zutelako nitaz erditu baino astebete lehenago. Espainola naizela ez da, bada, nortasun- agiri aldrebes horrek dioen gezur bakarra.
1980ko abenduaren 31n munduratu nintzen zesarea bidez. Seme bakarra izango nintzen, betiko. Penaltiz sortu izanagatik, amak lehen aldiz beso artean hartu ninduenean,
ez berak eta ez ondoan dardaraz begira geneukan aitak ere, ez zuten «gooooool» oihukatu, «oooo» beldurti bat murmurikatu baizik. Hirurok hain ginen hauskor eta txikiak inposatzen zen bizitza haren erdian! Haiek hemezortzi urte bete gabe zituzten, eta nik, hezur-haragi bihurtutako ezbehar 16 hark, jaio eta bizitzera behartuta, negar besterik ez nuen egiten, zergatik jakin gabe, ezintasunez.
Nire memorian, lehen urte haietako oroitzapenik ez dut gordetzen; ez zitzaizkidan sekula errotu, edo beharbada azken urteotan ezabatu zaizkit, eta, iragan urruna berreraikitzeko gaitasuna agortuta, ez naiz berriak asmatzeko gai izan. Sei urte nitueneko egun sargori batekoa da daukadan umetako oroitzapenik zaharrena: aita eta biok Debako hondartzara bidean goaz R6 gorrian, autoko bozgorailuek Hertzainak taldearen kaseteko abestiak zabaltzen dituzte ozenki, bolumen ezin altuagoan, eta kopilotuaren
eserlekutik, birika betean abesten doan aitari begiratzen diot harro-harro. Aitaren ahotsak eta Garirenak bat egiten dute niri zuzendurik dirudien leloa jaurtiz: «E, txo, gehiegi itxoiten duk». Hazteko gehiegi itxoiten ari ote naiz? Dagoeneko ez naizela ume txikia pentsatzen dut, eta ni ere noizbait aita bezalakoa izango naizela.
Noticias Relacionadas
- ← Pako Sudupe: “Txillardegiren Euskal Herri osoaren ezagutza nabarmenduko nuke, Hegoaldearena bezala, iparraldearena.”
- Kontzertuak 2016-03-10 →